Hezetasuna izan da berritasuna

Zorteak bizkar eman dio pilotari itzuleran, zoruan zegoen hezetasunagatik bertan behera geratu baita Eibarko jaialdia. Ilusioa zapuztuta etxeratu dira pilotazaleak eta pilotariak.

Astelenako langile bat zorua garbitzen, pilotariak zain zeudela. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jon eskudero
Eibar
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hiru hilabetetik gora etenda egon ondotik, gizonezkoen esku pilota atzo itzuli zen lehiara berriro ere, Eibarko Astelena pilotalekuan. Koronabirusak eragindako mehatxuari aurre egiteko, protokolo zorrotza ezarri behar izan zuten Aspe eta Baiko enpresek, baina ustekabean beste etsai bat agertu zen kantxan: hezetasuna. Besteak beste, jaialdiko lehen partida jokatu zen, eta Peña eta Bikuñak 22 eta 9 irabazi zieten Salaberria eta Mariezkurrenari. Bigarren neurketan, ordea, tanto gutxi batzuk besterik ez zituzten jokatu Ezkurdia-Aranguren eta Altuna III.a-Imaz bikoteek. Kantxan zutik egon ezinda aritu ziren lau pilotariak, eta 4-2koan bertan behera geratu zen lehia. Erabakirik zentzudunena izan zen, pilotariek min hartzeko arriskua handia baitzen.

Inor gutxik esperoko zuen halako zerbait gerta zitekeenik jaialdiaren hasieran. Izan ere, berritasunak berritasun eta oztopoak oztopo, pilotariak lehian ikusteko gogo ikaragarria zegoen. 200 lagunetik gora hurbildu ziren Eibarrera, eta, orain arte ez bezalako egoera bizi behar izan zuten. Frontoira sartzerako garaian, barra kode bidez irakurri zitzaien sarrera; harmailetan eserita egon zirenenean derrigorrezko distantzia mantendu behar izan zuten; musukoa eranzteko aukera ez zitzaien utzi; eta apustu egin zutenek ere teniseko pilotarik gabe jokatu behar izan zuten, paperak eskura jasota, alegia. Ezohiko egoera eduki arren, ilusioz zeuden pilotazaleak. «Etxean egotea baino hobea da frontoira neurri hauekin etortzea, eta pozik nago. Urte asko daramatzat jaialdiak ikusten, eta faltan sumatzen nuen», adierazi zuen Pako Rodriguez pilotazaleak.

Aspe eta Baiko enpresetako arduradunek ere irribarrea zuten ahoan jaialdi hasieran, baina baita ardura ere. Fernando Vidarte Aspeko zuzendaria pozik mintzo zen. «Hastea zen kontua, eta lortu dugu. Zailena egin dugula iruditzen zait. Orain jarraipena eman behar zaio honi, eta horretarako guztion jarrera egokia beharrezkoa da». Joxerra Garai Baikoko arduradunak beldur zantzu bat agertu zuen. «Beldur apur bat ematen du egoera honek, baina espero dugu dena ondo joatea».

Beroa eta desinfektatzailea

Bada, haien nahia azkar zapuztu zen, hezetasunak gogor astindu baitzuen kantxa. Jaialdiko lehen partidan hor nonbait moldatu ziren pilotariak, baina bigarrenean ez zegoen zer eginik. Neurketa hasi egin zuten, baina Imaz birritan hankaz gora joan zen eta aldageletarako bidea hartu zuten protagonistek. Gerora beste saiakera bat egin zuten, baina Ezkurdia eta Aranguren 4 eta 2 aurretik zirela bertan behera geratu zen lehia. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak azaldu zuen hezetasunaren zergatia. «Zehazki ez dakigu zergatik agertu den. Baliteke beroagatik izatea, baina egun hauetan kantxa desinfektatzen aritu gara, eta horrek ere izan dezake eragina. Erabaki zentzudunena hartu dugu—. Horretan bat zetozen Altuna III.a eta Ezkurdia. «Inork ez du minik hartu, eta hori da garrantzitsuena. Pena da horrela itzuli beharra, baina gertatzen diren gauzak dira». Astelenako pilotazale batek aitortu zuen 70 urtean ez zuela halakorik ikusi.

Enpresek berri eman zutenean jaialdia bertan behera geratzen zela txistu hots bat edo beste entzun ahal izan zen, baina oro har, jarrera ona azaldu zuten pilotazaleek. Aspek eta Baikok jakinarazi zuten sarreraren dirua itzuli egingo dutela. Partida noiz jokatuko den ez zuten berri eman.

[Youtube]https://youtu.be/p0z9Dyd_S9w[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.