Indar Gorriko 18 kide atxilotu dituzte, lesio delitua egotzita

Iruñeko Instrukzio 2. Epaitegiak frogatu nahi du «terrorismo apologian» parte hartu izana.

Zale taldeak «razzia poliziala» salatu du
Indar Gorrik Iruñean duen egoitza miatu zuen Guardia Zibilak atzo.
Indar Gorrik Iruñean duen egoitza miatu zuen Guardia Zibilak atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko otsailak 2
Fermin Otamendi Iruñeko Instrukzio 2. Epaitegiko magistratuaren aginduz egin zen atzo Indar Gorri Osasunaren zale taldeko hemezortzi kide atxilotzeko operazioa. Epaileak ekinbideen sekretua ezarri zuen, eta gaur haren aurrean deklaratuko dute atxilotuek, gaua Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren egoitzetan pasatu ostean. Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, talde kriminaleko partaide izatea eta lesio delituetan parte hartzea egozten diete. Iturri horiek albiste agentziei azpimarratu dietenez, operazioa ez da zale taldearen aurkakoa, baizik eta «indarkeria erabiltzen duen gutxiengo baten aurkakoa». Nahiz eta operazioa sekretupean izan, agentziek gaineratu dutenez, epailearen helburua da «atxilotuak ezker abertzalearen ingurunearekin lotzea eta terrorismo apologia delitua egin izana frogatzea».

Atxiloketa gehienak Iruñean egin zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak. Hala ere, Nafarroako beste hainbat herritan ere atxiloketak egin zituzten: Elizondo Lekarozko gazte bat atzeman zuten, Altsasun bi lagun eraman zituzten, eta Irunberrin hango gazte bat. Gainera, poliziek hainbat etxebizitza miatu zituzten eta horien artean zegoen Iruñean, Arrosadia auzoan Indar Gorrik duen etxabe bat.

Elkartasun mezuak

Erasoak ikusirik, Indar Gorrik taldearen aurkako «razzia poliziala» salatu zuen, eta atzo arratsean hiru batzar antolatu zituen: bata, 19:15ean Nabarreria plazan; bestea, Altsasuko foruen plazan, 20:00etan, eta beste bat, ordu berean Elizondon, 20:00etan. Horrez gainera, Tafallan Ernai gazte mugimenduak Indar Gorriren aldeko kartela eskegi zuen; sare sozialetan, berriz, elkartasun mezu ugari idatzi ziren. Horrez gainera, gaur, 19:00etan elkarretaratze bat deitu dute elkartasuna adierazteko.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak ohar bidez «adierazpen askatasunaren aurkako erasoen areagotzea» salatu du. Talde horren arabera, «faxistek ezkerzale eta independentisten aurka mehatxuak nonahi botatzeko mugarik ez dute, eta ezkerreko mugimenduak etengabeko jazarpena pairatzen ari dira». Talde horren arabera, presoen aldeko banderak eta beste ikur politikoak kentzen ari dira zelaietatik. «Bertsio bakarra nahi dute, ez dute onartzen inork ofizialak ez diren tesietatik baino harago pentsatzea».

AEMren arabera, «gerra logika» horretan sartzen da Indar Gorriren aurkako operazioa. Duela hiru urte, 2013ko otsailean Rayo Vallecanoko Bukaneros taldearen aurka egindako polizia operazioarekin lotu dute atzokoa, baina eskuin muturreko taldeek zigorgabetasuna dutela salatu dute.

2014ko abenduan, Frente Atleticoko kideek Francisco Jose Romero Deportivoko zalea hil eta gero, Javier Tebas Espainiako Futbol Liga Profesionaleko presidenteak zale taldeek erregistratzera behartu zituen. Indar Gorrik uko egin zion, eta geroztik ezin dira haren pankartak ikusi Sadar futbol zelaian.

Urtarrilaren 24an Osasunak Llagosteraren aurka etxean jokatutako partidaren hasieran, Indar Gorriko kideek hegoaldeko harmailak hustu zituzten, azken partidetan klubaren «zentsura eta erasoak» salatzeko asmoz. Partida osoan izan ziren hutsik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna