HILBERRIA. Daniela Albizu

Euskarari emandako bizitza bat

Juan Luis Zabala -

2015eko otsailak 27
Hedabideetan oihartzun handirik izan gabe, euskarari eta euskal kulturari emandako bizitza bat itzali zen atzo goizaldean Urruñan (Lapurdi), Daniela Albizu Berasategi irakasle eta idazlearena. Astelehenean egingo dira haren aldeko hiletak, 14:30ean, Urruñan bertan.

Daniela Albizu 1936ko maiatzaren 23an jaio zen, Urruñan. Ama, Nizeta Berasategi Mintegi, gipuzkoarra zuen, Idiazabalgo Urtsuaran auzokoa; aita, berriz, Leon Albizu Perez de San Roman, arabarra, Ilarduia herrikoa. Aitak, Espainiak hartara deituta, Marokoren aurkako gerrara joan beharra saihesteko jo zuten Ipar Euskal Herrira.

Donibane Lohizuneko Ravel eta Hendaiako Irandatz kolegioetan luzaz lan egin zuen Daniela Albizuk. Artikulugintzan, kulturgintzan eta itzulpengintzan lan ugari eman zituen argitara; baita Lapurdiko Gure Irratian irratsaio ugaritan parte hartu ere. Lau liburu argitaratu zituen orotara: Hiru uhainak, ipuin zahar baten moldaketa (Elkar, 1979); Lau sasoi, lau ipui ipuin bilduma (Maiatz, 2003), Ilargi eta hontz sorginen ipuinak bilduma (Pyremonde, 2006); eta Iturri-aldeko nere leihotik askotariko idazlanen bilduma (Maiatz, 2011).

Politika arloari dagokionez, Urruñako herriko etxean zinegotzi izan zen Herritarrak mugimendu abertzalearen izenean —Urruñako lehen zinegotzi abertzalea—, eta Elkarrin ere militatu zuen. Hegoaldeko iheslari bat etxean aterpetzeagatik, Frantziako Poliziak atxilotu egin zuen, eta Fleury Merogis presondegira eraman zuten. Bi hilabete egin zituen han preso. Alkartasuna fundazioak saria eman zion 2009an, Euskal Herriaren alde egindako lanagatik, eta Herritarrak mugimendukoek omenaldia egin zioten 2011n.

Euskararen irakaskuntza eta pedagogiaren arloan ere egin zuen lan. Arlo horretako lanik gehiena Ikas elkartean egin zuen, eta elkarte horretako lehendakari ere izan zen hainbat urtez.

«Idazteko biziki euskara ederra eta herrikoia erabiltzen zuen», idatzi zuen Joseba Aurkenerena idazleak Daniela Albizuri buruz, Kazeta.info-n 2011n argitaratutako artikulu batean. «Hasiera-hasieratik baturanzko bidea jorratu zuen. Hori dela eta, euskal aditz batuaren aldeko apustua egin zuen. Lexikoa eta erramoldeak, berriz, lapurtera bizi-bizitik hartzen zituen. Altxor handia da bere testuetan Danielak utzi diguna. Denok badaukagu zer ikasi testu horietan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna