Korczaken bizi lezioa

Varsoviako ghettoko umezurtz etxe bateko hezitzaile eta haurren azken eguna kontatzen du 'Treblinkara azken trena' antzezlanak. Urrian estreinatuko dute lana Donostian, Vaivenekoek antzezturik

Antzezlaneko aktore taldea Larratxoko Kultur Etxean, entsegu batean. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean ari dira lanean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Varsoviako ghettoan, umezurztegiko mahai eta ohatzeen artean korrika dabiltza haurrak. Irratia piztu du neskato batek, eta, ezustean, ahots ezagun batekin egin du topo. Janusz Korczakena da, haien ardura duen mediku eta pedagogoarena. Itxitako irratian baimenik gabe sartu, eta naziekpatata gurdi bat konfiskatu dietela salatzen ari da, bere umeentzat bi hilabeterako jana; ez dela isilik geratzeko ordua esaten die herrikideei, ozen, haurrak direla etorkizuna. Etxean izututa daude horiek, txikiak izan arren, doktorearen jardunak ondorioak ekarriko dituela badakitelako. Haiek lasaitzen saiatzen da bitartean Stefania, eta eguneroko martxarekin jarraitzeko agintzen die. Horrela lan egin baitzuen Korczakek azken egunera arte: eguneroko bizitzari eta haurren heziketari eutsi zien, denak tren batean sartu eta Treblinkako kontzentrazio esparrura hiltzera eraman zituzten arte. Hori izan zen bere bizi lezioa, eta, duen indarragatik, antzezlan bihurtzea erabaki du Vaiven konpainiak. Urrian estreinatuko dute Treblinkara azken trena, Donostian, Larratxoko Kultur Etxean, Donostia 2016ren barruan.

1942ko abuztuaren 5eko eguna kontatzen du lanak, eta umezurztegia bera da agertokia. 200 haur judu bizi ziren han, Korczakekin eta haren laguntzaile Stefania Wilzynskarekin. Haiekin eskuz esku jardunez, umeen errepublika bat sortu zuten, konstituzio eta guzti; haurrek antolatzen zuten egunerokoa, gatazkak konpontzeko epaitegi bat ere bazuten, eta pedagogia aurrerakoi batean hezi ziren. Ametsak ezin izan zuen iraun, baina azken unera arte eutsi zion Korczakek. Obran, han egotearen sentsazioa bizi ahal izango dute ikusleek, umezurtz etxeko mahai eta ohaxketan eseriko baitira. «Ez da ikuskizun hutsa izango, esperientzia bat baizik», Vaiveneko Ana Pimentaren hitzetan.

Pimentarena da benetako istorio hori antzezlan bihurtzeko jatorrizko ideia. Korzacen heriotzaren 70. urteurrenean, orain lau urte irratian egin zuten saio baten bidez izan zuen Korczaken berri. Haren bizitza ezagutzen hasi, eta «erabat liluratuta» geratu zen Pimenta. «Haurren eta haien duintasunaren alde bere bizitza eman zuen. Halako egoera zailean umezurztegiak sortzeko borroka egin zuen, eta haurrek bizirik irauteaz soilik ez, haien duintasunaz kezkatu zen batez ere». Korczaken inguruan dokumentazio asko dagoela azaldu du, Andrzej Wajdaren filma adibidetzat jarrita. «Medikua izan zen, baina antzerkiaz ere idatzi zuen... humanista bat izan zen, alde askotako gizona». Halako esperientzia bat 1942an eta Polonian aurrera eraman izana, «horrelako gizatasun eta konpromiso mailarekin gainera, sinestezina» egiten zaio Pimentari. Aspaldiko gertakariak izan arren, gaur egun oraindik ere haurren eskubideak aldarrikatu beharra dagoela uste du, «haur gehienak txiroak eta txiro gehienak haurrak direlako oraindik ere, eta hipokrisia izugarria dagoela gogorarazi behar zaiolako gizarteari».

Fernando Bernuesekin harremanetan jarri zen, eta hari bururatu zitzaion agertokia umezurztegia bera izatea. Mireia Gabilondok hartu zuen bere gain obraren zuzendaritza lana, eta Patxo Telleriak landu zuen testua. Aktore taldean, berriz, Jose Ramon Soroizek jardungo du Korczaken rolean euskarazko bertsioan, eta Alfonso Torregrosak erdarazkoan. Maiken Beitia ariko da Stefania Wilzynskaren rolean, eta Eneko Sagardoi, Gorka Martin, Tania Martin, Nerea Elizalde eta Jon Casamayor haurrenean. Mikel Laskurain eta Kepa Errasti —azken hori zuzendari laguntzaile ere badabil— Gestapoko teniente eta ofizial banaren larruan sartuko dira.

Entseguetan ibili da aktore taldea egunotan Larratxoko Kultur Etxean, eta atzo egin zuten azken saioa abuztuko etenaldiaren aurretik. Irailean berriro elkartuko dira, eta hilabete izango dute urriaren 1eko eta 2ko estreinaldien aurretik —gazteleraz izango da lehena, eta euskaraz bigarrena—. Entseguetako lekuan bertan izango dira lehen emanaldiak, sei irekiak eta beste dozena batetik gora eskolentzat. Abenduan, berriz, Viktoria Eugenia antzokira eramango dute lana.

Itxaropen izpi bat

Mireia Gabilondoren ustez, berezia da agertoki gisa umezurztegia aukeratu izana eta publikoa bertako ohatze eta mahaietan esertzeko egin duten hautua. «Aktoreak ikusleen artean dabiltza, etabertatik bertara ikusi ahalko dira haien begiradak edo izerdia; gertutasun horrek indarra dauka».

Korczaken eta umezurztegiaren bizitza azaltzeko, haien azken eguna kontatzea aukeratu zuten, «nahiz eta haiek ez jakin hura beren azken eguna zela». Istorioaren amaiera jakina da, eta tragedia bat da, baina, hala ere, istorioan «itxaropen izpi bat» ikusten du zuzendariak. «Korczaki berari bakarrik salbatzeko aukera eman zioten, baina ezetz erabaki zuen, eta haurrekin batera joan zen trenean. Hori berez da tristea, baina aldi berean, esperantza izpi bat ere ematen du hiltzeko unean ere duintasuna badagoela ikusteak eta, nahiz eta hil behar izan, azken unera arte bizirik irauteak. Bizi lezio bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.