Futbola. Munduko Kopa

Herbehereek azken unean irabazi diote Zeelanda Berriari (0-1)

Julen Etxeberria.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Kanada eta Herbehereak dira Frantzian eta Bretainian jokatzen ari diren Munduko Kopa irabazteko hautagaietako bi. Bada, biek ala biek dezente hobetu beharko dute txapelketan urrun iritsi nahi badute. E multzoan ari dira biak, eta biek jokatu dute jada lehen partida. Irabazi egin dute, baina uste baino gehiago sufritu dute ustez koska batzuk beherago dauden bi aurkariren aurka. Kanadak 1-0 irabazi zion herenegun Kameruni, Montpellierren, eta Herbehereek emaitza berberagatik hartu zuten mendean atzo Zeelanda Berria, Le Havren. Jill Roord erdilariak sartu zuen gol bakarra, azken unean, 92. minutuan.

Herbehereak dira egungo Europako txapeldunak, eta herrialde horretako makina bat jokalari ari dira kontinente horretako talderik indartsuenetan. Baina jokalari bikain horiek guztiek gogotik sufritu zuten atzo zeelandaberritarrek defentsan eraikitako horma botatzeko. Gola sartzeko aukera garbi bat baino gehiago izan zituzten, baina batzuetan punteria faltak eta besteetan Zeelanda Berriko atezainak eta defentsak haien ahalegin oro zapuztu zituzten minutu askoan. Baina lehia amaitzear zela, saria jaso zuten, merezitakoa, kontrarioa baino gehiago izan baitziren.

Suedia Txileri nagusitu zaio

F multzoan, berriz, Suediak esperotakoa bete zuen, eta 0-2 irabazi zion Txileri Roazhonen (Bretainia). Suediako selekzioa ez da lehengo talde ikusgarria —txapeldunorde izan zen 2003an, eta hirugarren 2011n—, baina Txilekoa baino koska bat gorago dago —lehen aldiz ari da Munduko Kopan—. Eta atzo agerian geratu zen. Hala ere, galdu arren, inork ez die ezer leporatuko txiletarrei, lan eskerga egin baitzuten. Gai izan ziren 83 minutuz erauntsiari eusteko. Ez zen izan erauntsi bakarra, lehia ordu erdi baino gehiago egon baitzen etenda, ekaitzagatik eta tximistak egoteko arriskuagatik. 72. minutuan ekin zioten berriro partidari, eta, azken hogei minutuetan, bi gol sartu zituzten suediarrek: lehena, Kosovare Asllanik, eta bigarrena, Madelen Janogyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.