Manuel Lekuona saria, Jean Louis Davanti

Idazle eta euskaltzainak euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin duen «etengabeko eginahala eta lana» azpimarratu ditu epaimahaiak. 2017ko lehen hiruhilabetekoan jasoko du saria

Jean Louis Davant, 2014ko argazki batean. SYLVAIN SENCRISTO.
mikel lizarralde
2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
Jean-Louis Davant (Ürrüstoi-Larrabile, Zuberoa, 1935) filologo eta euskaltzaleak eskuratu du 2016ko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Epaimahaiak nabarmendu du euskararen eta euskal kulturaren eremuan egin duen ahalegina, eta esan du azpimarratzekoa eta goraipatzekoa izan dela haren ekarpena: «Bat egiten du Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko izan zituen kezkekin». Epaimahaiaren arabera, belaunaldi oso baten erreferente bilakatu da Davant. «Zuberoako errealitatea argi islatzen du berak, eta bere lana Euskal Herri osoari eskaini izan dio beti, katea eten ez dezan lagunduz». Epaimahaiak azpimarratu ditu Arantzazuko 1968ko bilkuran eginiko ekarpenak, eta euskararen batasun prozesuan egindako lana.

Davant Enbata talde abertzalearen bultzatzaileetariko bat izan zen 1960an, Piarres Lartzabalekin eta beste askorekin. Ondoren, EHAS Euskal Herriko Alderdi Sozialista (1975) eta Euskal Batasuna (1986) alderdien sorreran parte hartu zuen.

1963an, Baionako Euskal Idazkaritza Elkartearen kide izan zen, euskara idatziaren batasunari bidea bilatzeko. Baionako Biltzarraren Erabakiak 1964an aurkeztu zituzten, Piarres Lafitte euskaltzainaren zuzendaritzapean. Euskaltzaindiak Arantzazuko Biltzarrean Baionako erabakiak ontzat eman zituen, Koldo Mitxelenaren txostena bere egitean. Euskaltzaindian, izan ere, bereziki onomastikaren eta hiztegigintzaren alorretan aritu da 1978tik.

1984tik aurrera, Hazparnen AEK-ko irakasle izan zen, gau eskolak ematen, eta Euskal Pen Klub berreginaren buru aritu zen aurrerago. Halaber, Su Azia elkarteko kide da.

Literaturaren alorrean genero guztiak landu ditu: eleberria, saiakera eta poesia, eta haur literaturako hainbat ipuin ere itzuli ditu.

Pastoral askoren egile da, eta 1957az geroztik, egunkari eta aldizkari askotan argitaratu ditu bere artikuluak, euskaraz zein frantsesez. Branka (1971), Zuzen (1972), Zabal (1973-1976) eta Zehatz (1977-1980) aldizkarietako zuzendaritzako kide izateaz gain, beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikuluak. 2010ean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen.

Sari-emate ekitaldia 2017ko lehen hiruhilekoan egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.