Jakin-minak dakarrena

Espioitza eta intriga nobela osatu du Aitziber Etxeberriak: 'Nomada'. Vietnamera, SESBera eta Euskal Herrira eraman du kontakizuna

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aitziber Etxeberriaren (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) Nomada eleberriaren azalean, zeharka bada ere, igar daitezke kontakizunaren elementu nagusien zantzuak. Zuri-beltzeko argazki zahar batean, ontzi bat, itsasoa zeharkatzen. Errusiako pasaporte bat haren alboan, eta letrak, izenburuko letrak, sobietar estiloan idatziak.

Itsasontzia, 1936ko gerra garaian umeak Euskal Herritik erbestera eraman zituen ontzi horietako bat izan liteke. SESBera erbesteratutako haur horietako bat izan zen Nikolay Zaitsev protagonista, izen errusiarra bere eginda. 10 urte zituela iritsi zen garai hartako Leningradera, egungo San Petersburgo. Orain—eta orain 2000. urtea da—,Vietnamgo Hanoin bizi da, txotxongiloen inguruan lanean. Halako batean, Mendebaldean funtzio bat egiteko aukera suertatuko zaio gizon zaharrari eta haren konpainiari, baina, bidaiatu ahal izateko, pasaportea berritu beharko du. «Tramite sinple» bat, itxura batean, Etxeberriak dioenez. SESBek Vietnamen duen enbaxadore berriak, ordea, bilera batera deituko du Zaitsev. «Eta horrek gauza sinplea zena korapilatuko du».

Abiapuntu horri tiraka ondu du Etxeberriak bere hirugarren eleberria, Erein argitaletxeak kaleratua; atzo aurkeztu zuen Donostian. Vietnamera egindako bidaia «zoragarri» bat da lanaren iturburua: handik liluratuta itzuli zen Etxeberria, eta herrialde hartan girotutako istorio bat idazteko gogoa iltzatu zitzaion. «Urrutiko tokia» zen, halere, «exotikoa», eta kostatu zitzaion trama osatzea. Vietnamgo ur gaineko txotxongiloek Tolosara (Gipuzkoa) egindako bisita batek piztu zion ideia.

Ivan Kozlov enbaxadore berriak, enbaxadako paperak ordenatzen ari dela, 1972ko hilketa bati buruzko txosten batean jarriko du arreta. Nikolay Zaitsev da krimen horren lekukoa, eta horregatik deituko du enbaxadoreak txotxongilolaria, hura itauntzeko. Hortik aurrera, bi pertsonaien arteko «buruz burukoak» gidatuko du nobela, eta horrek markatuko du lanaren erritmoa eta intriga. Talkak beteko du kontakizuna. «Borroka bat», azken finean, «baten jakin-mina eta bestearen ez kontatzeko ahaleginaren artean».

Enbaxadorearen jakin-min goseak bultzatuta, bizitzan atzera egingo du Nikolay Zaitsevek, eta orduan agertuko dira lehenagoko garaien arrastoak, 1936ko gerrarenak eta Leningradeko setioarenak, adibidez. Eta etengabean, galdekatuaren ikara, garai bateko sobietar aparatuaren kontrola dela medio. Itsasontzia, pasaportea, sobietar kutsuko hizkiak.

Idazle «nomada» bat

Aitziber Etxeberria ez da idazle bakarra familian: idazleak dira ere haren neba bikiak, Xabier eta Martin Etxeberria. Atzo, Xabier Etxeberriak egin zuen liburu aurkezpenerako sarrera. Eta arrebaren eleberriaren izenburura jo zuen horretarako.

Nomadak, azaldu zuenez, ez dira «inora joaten ez den jendea»; eremu jakin batean ibiltzen dira, eta, normalean, bueltaka ibili ostean, «leku berera» itzuli ohi dira. Alde horretatik, nomada daAitziber Etxeberria ere, haren nebaren iritziz: tarteka, maiztasun zabal batekin, itzuli egiten da euskal literaturara. 2003an kaleratu zuen bere lehen eleberria —Tango urdina, Erein—, eta 2007an bigarrena —31 baioneta, Erein—. Orain dela sei urte haurrentzako narrazio bat ondu zuen, eta itzuli da berriro eleberrigintzaren bidera. Bete-betean literaturara dedikatu gabe —farmazialaria da ofizioz—, azaleratzen du burua tarteka letren munduan.

Horrek, izaera «outsider» edo nomada horrek, abantailak dakarzkio, Xabier Etxeberriaren iritziz: «Nahi duena idazten du, modaz kanpo dagoelako, modari begiratzen ez diolako. Gustuko duena idazten du».

Ezberdina dira Nomada eta lehenago kaleratutako eleberriak. Aurreko lanarekin nobela historikotik igaro ostean, espioitza eleberri batekin itzuli da. Baina mantentzen du, aurrekoaren gisan, intriga tonu eta misterio giroa, esaldi luzez eta testu mota ezberdinez eraikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu