Otxomaioak Urduñan

Otxomaioen hasiera aldarrikatzailea

Gaurtik maiatzaren 14ra arte ospatuko dituzte Urduñako jaiak. Maria Luisa Goikoetxea izango da pregoilari eta txupinera, luzaroan Renferi bagoi egokitua eskatzen ibili den urduñarra

Aurreko urteko jaietako irudi bat. URDUÑAKO UDALA.
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Iaz bezala, aurten ere emakume batek emango die hasiera Urduñako jaiei (Bizkaia). Pertsona bakarra arduratuko da pregoilari eta txupinera lanak egiteaz: Maria Luisa Goikoetxea. Emakumeak egindako borroka nabarmendu nahi izan dute horrela urduñarrek; izan ere, Goikoetxea gurpil aulkian dabil duela hiru urtetik hona, eta kanpaina arrakastatsu bat egin du azken hilabeteotan, Renfe tren konpainiak bagoiak egokitu ditzan. Haren eskutik, Urduñako herritarrak otxomaio jaietan murgilduko dira beste behin, eta hala ibiliko dira bederatzi egunez, maiatzaren 14ra arte.

Sorpresa handia izan zen Goikoetxearentzat jaiei hasiera emateko hautatu zutela jakitea: «Lehenbizi, esan zidaten jaietako txupinera izango nintzela, eta sekulako poza sentitu nuen entzun nuenean. Eta, gero, pregoilaria ere izango nintzela jakinarazi zidatenean...». Hasieran «beldur apur bat» sentitu zuela onartu du, «maila» emango ez ote zuen, baina orain ordua heltzeko prest eta irrikan dago. «Aurten oso jai desberdinak izango dira, zalantzarik gabe», adierazi du pozarren.

2014an iktus bat izan zuen urduñarrak, eta, geroztik, gurpil aulkian ibiltzen da. Horrek ekarri dizkion arazoen artean garraio publikoan ibili ezin izatea dago. Urduñatik Bilbora errehabilitazio saioetara joateko garraio publiko eskuragarri bakarra trena zen, baina nasatik Renferen bagoietara igotzea ezinezkoa zitzaion. Hori dela eta, sinadura bilketa bat abiatu zuen irailean Internet bidez, eta helburua lortu zuen: 120.000 sinadura biltzea, Renferi trenetan bagoi egokitua jar zezan eskatuz. Sinadura horiek Espainiako Sustapen Ministeriora eraman zituzten, eta orain probabat egingo dute horri esker. «Oraingoz ez dute ezer egin, baina probak udarako hasiko dituztela esan zidaten. Pazientzia kontua da», azaldu du Goikoetxeak.

Bitartean, urduñarrei jai zoriontsuak opatzeaz arduratuko da gaur gauean. Suziria 21:00etan botako duen arren, aurretik ere izango dute aukera herritarrek jai giroan apurka murgiltzen joateko. Umeek, behintzat, bai: barraketan erdi prezioan gozatu ahalko dira 17:00etatik aurrera. Behin suziria jaurtita, kalejira musikatua egingo dute herriko kaleetan, buruhandi eta erraldoiekin, eta txosnak ere irekiko dituzte. Gauean bi musika saio egingo dituzte Foru Plazan: Enkore talde bilbotarra arituko da 23:00etatik aurrera, etaOihan Vega DJarekin dantza egiteko 01:00ak arte itxaron beharko da.

Falkoneria ikuskizuna

Biharko goiza sukaldean hasi ahalko dute hala nahi dutenek; 10:30etik aurrera tortilla eta paella txapelketa hasiko da Foru Plazan. Arratsaldean falkoneria ikuskizuna izango da Foru Plazan bertan; 17:30ean hasiko da ekitaldia. Halconeros de Castilla falkoneria taldeak ehiza hegaztien erakustaldia eskainiko du, eta herritarrek hegazti harrapariek egiten dituzten hegaldiak ikusi ahalko dituzte bertatik bertara. Nahi dutenek ikuskizunean parte hartzeko aukera ere izango dute, eta are gertuagotik ikusi ahalko dituzte animaliak eta beren hegaldiak.

Apur bat geroago, 18:00etan, esku pilota jaialdia izango da udal pilotalekuan. Emakumezko seniorren binakako esku pilota partidak izango dira lehenik, eta, gero, gizonezko gazteen lau t'erdiko eta gizonezko seniorren binakakoak. 19:30ean dantzatzeko musika izango da entzungai Foru Plazan, Santa Zezilia bandarekin. 22:00etan Luhartz taldearen berbena toki berean, eta, azkenik, 01:00etan, DJ Remember Night II.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.