Andoni Ortuzarrek bertatik bertara ikusi du saioa

2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Herenegun, Cayetana Alvarez de Toledo Espainiako Kongresuko PPko eledunak eta Lorena Roldan Ciudadanoseko arduradunak zalaparta eragin zuten parlamentuan. Alvarez de Toledok izan zituen fokuak batik bat, eta lehia moduko bat izan zuen ganberan Navarra Sumako Javier Esparzarekin, nork hitz gogorragoak esango gobernuaren aurka. Arratsalderako alde egin zuten Madrilerantz.

Atzo, berriz, diskurtsorik ez zegoenez, saio laburra izan zen, baina EAJren Euzkadi Buru Batzarreko Andoni Ortuzar bertaratu zen. Haren presentziak Navarra Sumako ordezkarien arreta piztu zuen, eta Carlos Perez Nievas parlamentariak osatu den gobernu berriaren «irabazletzat» jo zituen jeltzaleak. Alderdi sozialistako kideen artean, Santos Cerdan arduradunak ere bertatik bertara ikusi zuen saioa, ostegunean bezala. Jose Luis Arasti Espainiako gobernu ordezkaria ere gonbidatuen artean zegoen —ostegunean isiltzeko keinu bat egin zion Alvarez de Toledori—. Halaber, gobernu berriko hainbat kontseilari zeuden: tartean, Jose Mari Aierdi Lurralde Garapeneko kontseilari izango dena (Geroa Bai) eta Javier Remirez Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko kontseilaria. Remirezek parte hartze zuzena izan du lau alderdien arteko negoziazioetan. Gutxi iraun zuen saioak, eta, bozketa amaitutakoan, berehala hustu zen parlamentua. Kazetariak soilik geratu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.