Felipe Rius

Euskara «deskubritu» zuen kazetaria

«Sekulako deskubrimendua» izan zuen euskara. Euskaltegiko irakasle aritu zen, euskarazko hainbat hedabidetan ere bai, eta literaturan arloan. 56 urterekin hil da Felipe Rius kazetari eta idazle iruindarra.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Nerabezaroan hurbildu zen euskarara. Hortik murgildu zen euskarazko literaturan. Eta afizio horrek eraman zuen kazetaritzaren esparrura. Felipe Rius idazle eta kazetari iruindarra hil da, 56 urte zituela. Komunikazioaren hainbat esparrutan egin du bidea: besteak beste, Nafarroako Gobernuaren komunikazio arloan aritu zen lanean, eta kolaboratzaile izan zen hainbat hedabidetan. Euskaldunon Egunkaria-ren Nafarkaria gehigarrian izan zuen Metropoli forala iritzi tartea —Euskalerria irratian izen bereko irratsaioa egiten dute gaur egun—. Bi liburu ere utzi ditu: Bi argazki eta hainbat polaroid narrazioa (Pamiela, 1999) eta Zinema japoniarra saiakera (Alberdania, 1999).

Euskararekin eta euskal kulturarekin izandako bideari buruzko idazki bat bazuen egina Riusek berak. 2010ean kaleratu zuen, Nafarroako Liburuzainen Elkartearen TK aldizkarian: Oroitzapenak gogoan, proiektuak gorderik eta lehengusu bat Kalifornian. 1961ean jaio zen Rius, Iruñean, eta 12-13 urterekin hasi zen euskara ikasten, «eskolako lagun baten arrebarekin Euskara hire laguna zahar hura erabiliz». Hitz solte batzuk bazekizkien ordurako, Iruñeko jesuiten ikastetxean ikasiak. «Aita Aginagalde zenak euskaraz errezatzen irakatsi zigun».

Euskaltegira joan zen gero, Arturo Campionera. «Oso giro nahasia zegoen urte haietan, eta behin baino gehiagotan atera behar izan genuen lasterka euskaltegitik». Bidea egin zuen han. «Ikasle izatetik irakasle izatera pasa nintzen ia oharkabean, gau eskola txiki batean hasiera batean, 16 bat urte nituela, eta Arturo Campionen gero». Medikuntza ikasteko asmotan zebilen ordura arte, baina kazetaritzara jo zuen. «Kazetaritza ez zen zaila, eta irakurtzeko beta izaten genuen». Literaturan sartu zen bete-betean.

Literaturarekin zaletuta

Ate bat ireki zion euskarak. Ordurako bazuen irakurtzeko zaletasuna, baina pauso handia eman zuen euskara ikastean. «Euskara sekulako deskubrimendua izan zen niretzat. Hasiera batean segur aski arrazoi politikoek bultzatu ninduten hizkuntza ikastera, baina maitasun hura autonomo egin zen berehala, eta uste dut garai hartan euskaraz irakurri nituen liburu batzuek garrantzi handia izan zutela nire nortasunaren bilakaeran». Saizarbitoria, Urretabizkaia, Izagirre... «Euskarazko literaturarekin maiteminduta nengoen, bai, baina maitasun hark ez zidan gaztelerazko literatura ahantzarazi». Kazetaritza ikasten ari zela, bi literatura lehiaketa irabazi zituen Iruñean. Kazetari ibilbidean murgildu zen ondoren —besteak beste, ETBn—. Bi liburuak 1999an kaleratu zituen. Azken uzta iaz argitaratu zuen Riusek: 39 idazle nafar narrazio bilduman (Pamiela), hain zuzen.

Literatura gertutik jarraitu du urteotan. «Literaturaz aritzea maite dut, baina ez naiz euskal literaturaren nondik norakoak argituko dituen teoria bat eraikitzeko gauza sentitzen». Irakurzalea izan da batez ere. «Nahiago dut irakurri teorizatzen ibili baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.