Pili Zabala. Joxi Zabalaren arreba

«Zuhurtziaz diot, baina auzia ireki daitekeela erakusten du»

JON URBE / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Pili Zabala zuhurra da urtarrilean Gipuzkoako Auzitegiko Fiskaltzan jarri zuen salaketari fiskalburuak eman dion erantzunari buruzko interpretazioan, baina irmo dio: «Ez dut amore emango».

Gipuzkoako fiskalburuak, Juan Kalparsorok, Auzitegi Nazionalera igorri du zuen eskaera, aurkeztu duzuen informazio berrietan oinarrituta, eta esanez salaketatik ondorioztatzen dela orain arte auzian epaitu ez diren pertsona batzuen ustezko parte hartzea azaleratzen dutela. Eta Felipe Gonzalez aipatzen du. Zer interpretazio egiten duzu?

Zuhurtziaz erantzun nahi nizuke, baina, nire iritziz, Lasa-Zabala auzia ireki daitekeela erakusten du. Aukera hori aztertzen ari gara hainbat aditurekin.

Fiskal batek dio zuk jarritako salaketaren arabera datu berriak daudela Felipe Gonzalez GAL auzian egon zen ikertzeko. Zer interpretazio egin diozue fiskalaren azalpenari?

Testuinguru soziopolitikoa aldatu den seinale da. Duela bi hamarkada ezinezkoa zirudiena orain posible izan daitekeelakoan nago. Baina Kalparsoro haratago doa; jakinarazi dit salaketa jar dezakedala Auzitegi Nazionalaren instrukzioko epaitegian.

Auzitegi Nazionalaren esku geratuko da orain auzia. Zer espero duzue?

Fiskaltzak benetako independentzia balu, ikerketarako diligentziak irekiko lituzke argi eta garbi. Hala ere, zaila ikusten dut, baina esperantzara kondenatuta egotera behartzen dut neure burua. Ea zer erantzuten diguten. Dena den, ezetza jasoz gero, beste bide batzuk esploratzen jarraituko dugu. Ez dut amore emango.

Galindo hiltzearekin batera harrotu dira hautsak, eta Kongresuan egin dute eskaera zenbait dokumentazio sekretu kentzeko. Uste duzue egingo dela biderik?

PSOEk Sekretu Ofizialen Legeari buruz duen jarrera ikusita, gauza gutxi espero dugu. Hori alde batera utzita, isilpeko datu bat ezinbestekoa izango balitz epaile batentzat penalki erabakitzeko norbaiten erruduntasuna edo errugabetasuna, benetako zuzenbide estatu batek automatikoki eskuragarri jarriko lioke behar duen dokumentua. Beste herrialde batzuetan hori egiten da; botere banaketa deitzen zaio.

Zer urrats aurreikusten duzue aurrerantzean?

Pausoz pauso. Jasotzen ditugun erantzunen arabera, joango gara aztertuz zein den hurrengo urrats egokiena. Bitartean, GAL ikertzeko sortu dugun plataformaren barruan, saiatuko gara ebidentzia gehiago eskuratzen. Dena den, argi dago agian beste estatu aurreratu batzuetara jo beharko dugula, Frantziakora adibidez, eta, bestela, hor dago justizia unibertsala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.