Katalunia. A-9ko prozesu parte hartzailea. ANALISIA

Boto uholde bat, bidea ziurtatzeko

Laia Altarriba i Piguillem
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ez da nahiko nukeen modukoa. Bekozkoa ilunduko zait igandean, hautetsontzian sartu beharreko botopapera berriro irakurtzean. Ez dut gogoko nazioaren, Herrialde Katalanen parte bat interpelatzea bakarrik. Ez galdera bikoitza izatea, bide eman baitiezaieke askotariko interpretazioei. Ez ezertara behartzen ez duen kontsulta bat izatea. Ez eta Kataluniako Gobernuak prozesu parte hartzaile batekin aldatu izana ere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren lehen debekuari aurre egiteko.

Horrez gainera, beste batzuek bezala, nik ere ez nuen askorik uste egunen bat zehaztuko genuenik Kataluniaren independentziari buruzko kontsultarako. Nik ere ez nuen askorik uste deialdirik egingo zenik. Eta nik ere zalantza egiten nuen halakorik zilegi izateko logistikarik ezarriko ote zuten azkenean.

Baina, orain, lau egun besterik ez da falta A-9rako. Eta Artur Masen gobernuak ziurtatua du aurrera egingo duela deialdiak, atzo berriro ere Auzitegi Konstituzionaleko magistratuek prozesua eteteko aginduagatik, aho batez.

Urte hauetan gero eta jendetsuagoa izan da herri mobilizazioa, eta hori giltzarria izan da gauden tokira iristeko. Gobernuko koalizioaren hauteskunde kalkuluak aldeko izan ditu herriaren gogo biziak, bai baitzekiten gehiengoaren eskakizunak onartu beharra zeukatela are gehiago hondoratu nahi ez bazuten.

Hatz muturrekin ukitzear gaude. Eta, igandean, baiezko bikoitzaren botopaperekin beteko ditugu hautetsontziak. Espainiako Estatuak ezin eragotziko digu bozkalekuak leporaino betetzea askatasunaren eta independentziaren alde. Baina igandearen ondoren astelehena etorriko da. Eta, berriro ere, zalantzak dabilzkit zelatan. Nola kudeatuko du emaitza gobernu autonomikoak? Zer negoziatuko du Rajoyren gobernuarekin? Eta beste beldur sendo batzuk ere badatozkit: nolakoa izango litzateke estatu berri hori, Kataluniako herri xeheari terrorea eragin dioten politikak baliatu dituzten horiek berek eraikitzen badute? Gogoan izan dezagunArtur Masen alderdiaren erantzukizuna dela —ERCren babesarekin duela bi urte—, besteak beste, Kataluniako osasun publikoa pribatu bihurtzea eta kaskartzea, milaka pertsona etxetik kaleratzea, lan baldintzak ezinago prekario bihurtzea eta, azken batean, gizarteko alor ugari baztertzea.

Halako politiken erantzule direnei utzi behar al diegu gida gaitzaten independentziaren prozesurantz? Rajoyren alderdiarekin hainbeste lotura eta interes ekonomiko dituzten horietaz fidatu behar al dugu aurrera segitzeko? Herri mobilizazioak ekarri gaitu A-9ra. Bada, hori guztia aldatzeko, herri mugimenduak ziurta diezagula independentziarantz aurrerantzean egin beharreko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.