EIBAR 2 REALA 1

Laugarrena irabazi dio

Eibarrek irabazi egin dio berriz ere Realari Ipuruan, Lehen Mailan denetik laugarrengoz. Reala aurreratu da, baina luzapenean lortu ditu puntuak Eibarrek

Marc Cardona Eibarreko aurrelari kataluniarra berak atzo sartu zuen gola ospatzen, berdinketarena. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Willian Josek(penaltiz, 15. min.). 1-1: Cardonak (26. min.). 2-1: Charlesek (91. min.). Epailea. Sanchez Martinez. Txartel horiak Eibarreko Dmitrovic, Diop eta Peñari; eta, Realeko Juanmi eta Illarramendiri. Bestelakoak. 6.144 ikusle Ipuruan

Zalaparta asko eta sormen gutxiko derbia jokatu zuten atzo gauean Ipuruan Eibarrek eta Realak. Oso une txikietan bakarrik izan ziren gai bata bestea menderatzeko, baina azkenean eta azkenera, Eibarrek lortu zituen hiru puntuak, eta Lehen Mailan denetik, laugarren aldiz irabazi zion bart Realari Ipuruan. Sasoiko aurreneko puntuak ditu. Bestelakoan, gertaera askoko partida izan zen: min hartu zuten Willian Josek, Orellanak eta Merkelanzek —belauna berriz hautsi duela dirudi, Lehen Mailan debuta egin eta bi minutura—.

Bi taldeek aurreneko bi jardunaldietan egindako jokoari begira ekin zioten zaleek partida ikusteari. Eibarrek uxatu zituen kezka dezente lehen zatian, Jose Luis Mendilibarrek nahi duen horretara gerturatu baitziren jokalariak jokoan. Ez zuen Reala nagusitasunez mendean hartu aurreneko erdi horretan, hala ere.

Realaren inguruan, lehengo lepotik burua. Jokoan kamuts, baina eraginkortasun handiarekin. Etxeko taldea nagusitzen hasia zenean sartu baitzuen gola Willian Josek, penaltiz, hamabosgarren minutuan —min hartu zuen jaurtiketa egitean, eta Bautistak ordezkatu zuen—. Rulliren baloi luzea defendatzen egundoko okerra egin zuen Oliveira Eibarko erdiko atzelariak, eta Oiarzabalen pasea Juanmik baliatu zuen, Dmitrovicen aurka buruz buru jokatzeko. Atzean utzi zuen atezain serbiarra, eta penaltia egin zion, gola sartzeko gertu zenean aurrelari espainiarra. Txartel horia atera zion epaileak atezainari.

Golaren aurretik zeukan traza berarekin segitu zuen partidak, baina aldaketa garrantzitsu batekin: Reala atzean sartzen hasi zen. Garesti ordaindu zuen 26. minutuan, Eibarri gehiegi utzi ziolako baloia eskuin hegaletik barrura eta barrutik ezker hegalera mugitzen. Arbillaren pasea ateko zuloan bultza zuen sarera Cardonak, Eibarrekin jokatzen zuen lehen partidan.

Realak Theoren urruneko jaurtiketa batekin erantzun zion 30. minutuan, baina gora bota zuen. Horrelako jokaldiekin erantzun behar, ez zelako gai Asier Garitanoren taldea jokoa sortzeko. Errazago ibili zen horretan Eibar lehen zatiaren azkenaldera, eta lortu zuen une batzuetan Reala haren zelaian sartzea. Baina nagusi izateari ez zion golak sartzeko aukerarik gehitu. Orellana aulkira joan zen, minez, 45. minutuan.

Charlesen gola, bukaeran

Realak beste itxura bat eman zuen bigarren zatiaren hasieran: erasoan hobeto moldatu zen, jokoa gehiago sortuz, eta defentsan, lerro guztietan, oldarkorrago aritu zen. Juanmik aukera oso garbia galdu zuen alferrik 53. minutuan, ateko zuloan burukada Dmitrovici bota zionean, alboetara egin beharrean. Eibarrek berdindu egin zuen jokoa gero.

Oiarzabalek izan zuen aukera kontraerasoan, 79. minutuan, baina bakarrik egin nahi izan zuen jokaldia. Realak azken minutuak jokalari bat gutxiagoz egin zituen, Merkelanzen lesioagatik, eta Charlesek 91. minutuan, burukada ederrarekin, partida erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.