Celta 1-1 Reala

Ostarte bat amaieran

Partida bukatzear zela gola sartu, eta berdindu egin du Realak Vigon. Astun aritu dira txuri-urdinak neurketa osoan

Jon Ander De la Hoz.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Aspasek (54. min.). 1-1: Juanmik (88. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Celtako Braisi eta Kevini; eta Realeko Llorenteri, Aritz Elustondori, Hector Morenori, Zurutuzari eta Illarramendiri. Bestelakoak. 15. 183 ikusle Balaidosen.

Gainean zuen zeruaren traza berean aritu zen Reala atzo Balaidosen: astun eta gris. Celtak 54. minutuan sartutako golak partida erabakiko zuela zirudien, eta beste behin zaparraldi azkar baten moduan igarotzeko bidean jarriko zitzaion Espainiako Kopa talde txuri-urdinari. Harik eta Juanmik argiune bat topatu zuen arte. Arauzko denborara iristeko bi minutu falta zirela, gola sartu zuen aurrelariak, eta ostartea zabaldu zuen ordura arteko ilunpean. Azken unean eta zelai berean Juanmik sartutako beste gol batek Europa liga jokatzeko aukera eman zion Realari orain bi denboraldi, eta denborak esango du sasoi honetakoak zer esanahi izango duen. Arnasa, behintzat, eman dio.

Bi taldeak pareko aritu ziren lehen zatian. Hobeto hasi zen Celta, eta hark izan zituen aukerarik garbienak. Ordu laurdena igarotzerako, zutoinera jaurtiketa bat egina zuten galiziarrek, eta bigarren aldiz jo zuten 30. minutuan. Alabaina, jokoan eta markagailuan berdinduta zeuden bi aurkariak.

Gerturatu bai, baina arriskurik nekez sortu zuen Realak. Txuri-urdinek 37. minutuan izan zuten lehen aukera argia. Sandro Ramirezek baloia ostu zien Celtako atzelariei, eta Oiartzabali eman zion. Arean jokaldi polita egin zuen eibartarrak, baina kanpora bota zuen jaurtiketa. Pixkanaka, galiziarren atera gehiago gerturatzen hasi zen Reala; elkar ondo ulertu zuten Aritz Elustondok eta Adnan Januzajek eskuinetik, eta haien hegaletik aritu zen Reala. Bere kalitatearen printzak eskaini zituen belgikarrak, baina sakontasunik erakutsi gabe.

Partida hutsean iritsi zen atsedenaldira. Ordura arte, Realaren saiakera gehienak Pardok eta Sandrok egin zituzten, area kanpotik. Gogotik saiatu zen azken hori, eta estrategia jokaldietarako duen gaitasuna agerian utzi zuen.

Bigarren zatian bi jokalari aldatu, eta hobeto ekin zioten etxekoek, eta haiek izan ziren sarea zulatzen lehenak. Korner baten ondotik etorri zen. Lehen zutoinera egindako erdiraketa luzatu egin zuen Araujok, eta Aspasek ez zuen barkatu. Azti ibili ziren galiziarrak estrategia jokaldian; baloia ukitu zuten bi jokalariek aise egin zieten ihes beren zaintzaileei. 54. minutua zen.

Ondorengo minutuak izan ziren txarrenak Realarentzat. Ezinean ari zen, jokaldiak amaitu gabe, eta bere jokalariak txartelak pilatzen ari ziren. Asier Garitanok erasora egin zuen orduan; Willian Jose sartu zuen lehenik, eta Juanmi gero. Pixkanaka behera egin zuen Celtak, eta aukera hori baliatu zuten donostiarrek pauso bat aurrera emateko.

Illarramendi zelaira sartzeak mugikortasuna eman zion Realari, baina kolpe batez etorri zen txuri-urdinen gola. Aritzek eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat zetorkion moduan errematatu zuen Juanmik, eta sarera bota zuen baloia. Herenegun iktus bat izan zuen Luca Sangalliri eskaini zion gola, haren elastikoa erakutsiz, eta erdilariari buruz ere mintzatu zen Garitano partida osteko agerraldian: «Ondo egin du lo, eta jateko gogoa zeukan. Amamak esaten zidan hori seinale ona dela, baina lasai utzi behar zaio, osatu dadin».

Neurketan lorturiko emaitzari ere garrantzia eman zion bergararrak: «Ez da erraza izan. Partida txar batetik gentozen, eta kosta egin zaigu lehen zatian. Taldeak saiatzen segitu du, eta gol garrantzitsua egin dugu amaieran». Txuri-urdinen entrenatzailearen ustez, etsipenik ez agertzea izan zen emaitza ona lortzeko gakoa: «Taldeak bihotza erabili du, eta ez du jokorik erakutsi. Sinestetik etorri da emaitza». Juamniren golak argi pixka bat jarri zuen ilunaren erdian. Atertu du kanporaketan, eta, kontraesana dirudien arren, eguzki izpiak jasotzeko atea itxi behar du Realak itzuliko neurketan. Golik ez badu hartzen, aurrera egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.