Athletic 1-3 Sevilla

Merkealdia atzealdean

Athletici maldan gora jarri zaio Kopako final-laurdenetarako sailkatzea. VARak baliogabe utzi du Adurizen gol bat, eta aurrelariak min hartu du jokaldi horretan
Athleticeko atezain Unai Simon burumakur, Sevillako jokalariek atzo sartutako goletako bat ospatzen ari ziren bitartean.
Athleticeko atezain Unai Simon burumakur, Sevillako jokalariek atzo sartutako goletako bat ospatzen ari ziren bitartean. LUIS TEJIDO / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko urtarrilak 11
Golak. 0-1: Nolito (6. min.). 1-1: San Jose (49. min.). 1-2: Andre Silva (52. min). 1-3: Ben Yedder (77. min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko San Joseri; eta Sevillako Roque Mesari eta Franco Vazquezi. Bestelakoak. 33.847 ikusle San Mamesen.

Jende asko dabil egunotan dendetan, merkealdian pagotxaren baten bila. Atzokoan, ordea, San Mamesen ere merkealdia izan zen. Athleticek atzealdean egindako hiru opari ederki baliatu zituzten Sevillako aurrelariek, eta talde zuri-gorriari oso maldan gora jarri zaio Espainiako Kopako final-laurdenetara sailkatzea. Datorren asteazkenean 1 eta 3ko emaitza irauli beharko du Sanchez Pizjuanen.

Espainiako Kopa Athleticen txapelketa kuttuna da. Bere historian gehien irabazi duen txapelketa da, eta zaleen eta jokalarien artean ilusio berezia sortzen du, Ligan sufritzen egon arren, atzokoan «disfrutatu» egin nahi zutela esan zuen bezperako agerraldian Gaizka Garitanok. Baina Nolitok seigarren minutuan sartutako golak asmo hori zapuztu zuen. Unai Nuñezek gaizki aldendu zuen baloia, eta Franco Vazquezen oinetara iritsi zen. Hark pase ona eman zion Nolitori, eta Ander Capari bizkarra hartuta, bakarrik geratu zen Unai Simonen aurrean, eta ez zuen huts egin.

Horren ostean, Athletic jokoaren ekimena izaten ahalegindu zen. Minutu batzuetan lortu zuen, baina joko zuzenik egin gabe. Horrela oso zaila da Sevilla bezalako talde bat ezustean hartzea. Pablo Machinen jokalariak eroso aritu ziren zelai erdian.

30. minutuan, Carricorekin eta Amadourekin lehian zela, Adurizek kolpea hartu zuen eskuin belaunean. Aurrelaria zelaitik irten zen, baina medikuek artatu eta gero itzuli egin zen. Hala, 41. mintuan gola sartu zuen, San Joseren erdiraketa baten ostean. Baina epaileak VARa begiratu, eta baliogabe utzi zuen, aurretik izandako jokaldian Aduriz jokoz kanpo zegoelako. Gainera, Adurizek zelaia utzi behar izan zuen, belaunean min izaten segitzen zuelako. Kolpe bikoitz horrekin amaitu zuen lehen zatia Athleticek.

Baina bigarren zatian adore handiarekin atera zen taldea, eta Muniain gola sartzetik gertu egon zen txilenaz. Azkenean, ordea, San Josek lortu zuen, 49. minutuan, Susaetak ezkerretik ateratako korner bat buruz errematatu eta gero.

Athleticek ia bigarren zati osoa zuen itzulerarako abantaila emango zion gola lortzeko. Gertu izan zuen hurrengo jokaldian, baina inor ez zen iritsi Guruzetak egindako erdiraketa errematatzera.

Bisitarien bigarrena

Sevillak, ordea, ez zuen barkatu, eta 52. minutuan ederki baliatu zuen zuri-gorriek atzean egindako beste akats bat. Nolitok zuloa ikusi zuen Athleticeko atzealdearen erdialdean, eta pase sakona eman zion Andre Silvari. Baloia barrualdearekin jo, eta gola sartu zuen. Pozak hiru minutu baino ez zuen iraun, beraz, San Mamesen.

Gol horrek min handia egin zion talde zuri-gorriari, eta partida amaitu bitarte apenas egin zion minik Sevillari. Baina bisitariek ia erabakita utzi zuten kanporaketa, Ben Yederren gol bati esker (77.min.) Area ertzean baloia ondo kontrolatzen utzi zioten, eta bitan pentsatu gabe errematea egin zuen ezkerrarekin.

Igandean berriro jokatu beharko dute bi taldeek, eta Athleticek Garitano aulkian dagoenetik atzean izandako sendotasuna berreskuratu beharko du atzean, Deriokoak aurretik zuzendutako lau partidetan baino gol gehiago jaso baitzituen atzo.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna