Errusiako Munduko Kopa. Frantzia 1-0 Belgika

Lilura ez da beharrezkoa

Frantzia hirugarrenez sailkatu da Munduko Kopako finalerako, Samuel Umtitik korner batean sarturiko gol bati esker. Belgikak estu hartu du azken ordu erdian

Didier Deschamps Frantziako selekzioko hautatzaile baionarra, finalera sailkatu izana jokalariekin ospatzen.
Didier Deschamps Frantziako selekzioko hautatzaile baionarra, finalera sailkatu izana jokalariekin ospatzen. JUAN HERRERO / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 11

Gola. 1-0: Umtiti (51. min.).

Epailea. Andres Cunha (Uruguai).

Txartel horiak: Frantziako Kante eta Mbapperi; eta Belgikako Hazard, Vertongheni eta Alderweireldi. Bestelakoak. 64.286 ikusle San Petersburgoko estadioan. Zelaa egoera onean zen eta giro bikaina egon zen harmailetan.

Didier Deschampsek ez du inor maiteminduko Errusian. Gauzak, diren bezala. Frantziako selekzioko baionarrak inor gutxi txundituko du bere planteamendu pragmatikoarekin Munduko Kopa honetan. Baina futbola liluraz haratago doa, kontua irabaztea da, eta kanporaketak pasatzen joatea. Irudimen baino gihar gehiago jarri du zelaian, eta abiadura lehenetsi du baloiaren tratuaren gainetik, baina Frantzia finalera arte eraman du bigarrenez bere historian, eta igandean trofeoa altxatzeko faboritoa izango da.

Errusiakoa geldikako jokaldien Munduko Kopa izaten ari da. Distira gutxi ikusi da, eta arbel eta ordena taktiko asko. Belgikak eta Frantziak, atzo, aurkaria nola aztertu behar den ikastaro bat eman zuten, eta, beste behin, korner batek hautsi zuen oreka. Errusian sartu diren golen %43 iritsi dira horrela, ia erdia, eta Frantzia finalera eraman duena ere bai. Samuel Umtitik sartu zuen, 51. minutuan. Griezmannek lehen zutoinera atera zuen kornerra, eta erdiko atzelariak aurrea hartu zien Alderwireldi eta Fellainiri baloia buruz sareetara bidaltzeko.

Partidako gol bakarra izan zen, eta zelai gainean ikusi zenaren arabera erabakigarria izango zela jakina zen. Lehen kolpea ematen zuenak irabaziko zuela gauza argia zen, bi taldeek itxaron eta bizi irtetea nahiago dutelako jokoa sortzea bainoago. Hala ere, Belgikak aurkariak baino irudimen gehiago eduki zuen zelai erdian, eta horri esker izan zituen aukera hobeak lehen zatian.

Roberto Martinez hautatzaile kataluniarrak selekzio handiekin lehiatzeko ahala baduela erakutsi dio Belgika honi, eta nortasun handiz jokatuz ekin zion partidari. Frantziak bere oinetan utzi zuen baloia, eta gustura hartu zuen. Hazardi botere guztiak eman zizkion, eta hark eta De Bryunek min handia egin zuten area ertzetik.Frantziako erdiko atzelariek motzean lotu zuten Lukaku, eta haren bizkarrera sorturiko espazio hutsa baliatu zuten erdiko lerroko jeinuek.

Lehen zatian hiru aukera garbi izan zituen Belgikak, hirurak ia jarraian (15. , 18. eta 21. min.). Bi Hazardek eta bat Alderwireldek, korner baten aldaratzean. Lloris atezainak, baina, geldialdi handia egin zuen. Belgika nagusi zen, eta Frantzia lotuta zegoen. Zelai erdiko gabeziak ikusi zitzaizkion, eta Griezmannek oso atzera jaitsi beharra zeukan. Hala ere, eta minutuak pasa ahala Frantzia baloiak lapurtzen hasi zen, eta lehen zatiaren amaieran Pavardek aukera ona izan zuen (39. min.). Courtoisek gelditu zuen, oinarekin.

Bi taldeek gehiegizko errespetua erakutsi zioten elkarri. Aurkariaren bertuteak oztopatzea zen lehentasuna, eta ez zioten elkarri korrika egiten utzi. Belgikak argi printzak zituen, baina partida blokeatuta zegoen, Giruodek, langile, korner bat eragin zuen arte (50. min.). Umtitik ondo baliatu zuen gola sartzeko, eta Deschampsek jauzi handia eman zuen aulkian. Bere taldea ezagutzen du, eta zailena egina zegoela bazekien.

Mertensekin, askoz hobeto

Gola sartuta, Frantziak lotsagabe egin zuen atzera. Fisikoki eustea eta kontraerasoa bilatzea zen plana. Belgikak, aldiz, sormena behar zuen harresia botatzeko, eta Martinezek Mertens zelairatu zuen 60. minutuan. Hautatzaileak bete-betean asmatu zuen. Zelai erdian jokalari gehiago bat jarri eta egoera hori ondo baliatu zuen erdiraketa neurtuak egiteko. Frantziak sufritu egin zuen eta Belgika hazita zen.

Berdinketa posible zen, baina erlojuak Belgikaren aurka jokatzen zuten. Aukera onena Fellainiren burukada bat izan zen (65. min.), baina Frantzia atzean sendo zegoen. Kantek plan handia egin zuen baloiak lapurtzen, eta azken txanpa horretan agerpen oso garrantzitsu pare bat izan zituen. Bitartean Hazard eta Mertens ziren Belgikaren itxaropena, Lukakurengana iristea ezinezkoa zelako.

Deschampsek, lotsagabe, zuen aurrelari peto bakarra kendu eta N'Zonzi zelairatu zuen azken minutuetarako. Gihar eta zentimetro gehiago erdiraketak urruntzeko. Belgikak nahi zuen, baina sakontasuna falta izan zitzaion, zirrikitua aurkitzea alegia. Itsu-itsuan egin zuen aurrera, baina ezin, eta Frantziak ez zuen huts bakar bat ere egin. Tira, defentsan behintzat, arauzko denbora bukatua zegoenean Griezmannek eta Tolissok gol aukera oso garbi bana huts egin zutelako, baina ordurako lanak eginak zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna