Errusiako Munduko Kopa. Kroazia 2-1 Ingalaterra

Ez du sekula etsitzen

Kroaziak luzapenean hartu du mendean Ingalaterra, eta Munduko Kopako finalean da estreinakoz. Mandzukicek sartu du lehia erabaki duen gola
Kroaziako jokalariak, luzapenean lortutako garaipena ospatzen, atzo.
Kroaziako jokalariak, luzapenean lortutako garaipena ospatzen, atzo. ALBERTO ESTEVE / EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko uztailak 12
Golak. 0-1: Trippierrek (5. min.). 1-1: Perisicek (68. min.). 1-2: Mandzukicek (109. min.). Epailea. Cuneit Cakir (Turkia). Txartel horiak: Kroaziako Mandzukici eta Rebici eta Ingalaterrako Walkerri. Bestelakoak. 78.011 ikusle Moskuko Luzhniki estadioan.

Kroaziak Munduko Kopa honetan zerbait erakutsi badu, joko ona egitetik aparte, sufritzeko eta ez etsitzeko ahalmena da. Atzo beste behin erakutsi zuen. Final-zortzirenetan eta final-laurdenetan penaltietan izan bazen, atzo, finalerdian, luzapenean izan zen. 2-1 hartu zuen mendean Ingalaterra. Hala, igandean Munduko Kopako finala jokatuko du, lehen aldiz, Frantziaren kontra. Horrenbestez, 1998an geratu zitzaion arantza kendu ahal izango du. Orduan, Frantzian, finalerdietan geratu zen kanpoan. Hala, Rakiticek, Madricek eta enparauek Suker eta Boban buru zuten belaunaldiak lortu ez zuena lortzeko aukera izango dute.

Sufritzea eta ez etsitzea ondoen islatzen duen jokalariak sartu zuen, gainera, partidako gol erabakigarria, 109. minutuan: Mandzukicek, hain zuzen. Juventuseko jokalaria min hartuta zegoen. Baina ez aldatzeko eskatu zion Dalic hautatzaileari, eta gola sartu zuen, Ingalaterrako bi atzelariren artean zuloa topatu, eta Picforden atea zulatu zuen. Merezita izan zen, luzapenean Kroazia hobea izan zelako, aulkitik ateratako jokalariak freskoago zeudela baliatuz. Beste behin balentria egin zuen.

Arauzko denborako 68. minutuan hasi zen balentria horren oinarriak jartzen. Artean, Kroazia 0-1 galtzen ari zen, eta partida kaskarra jokatzen. Bere bi izarrak, Modric eta Rakitic, apenas agertu ziren, eta Ingalaterra nagusi zen, bai markagailuan, baita jokoan ere. Eroso ari zen.Orduan, Perisicek erdiraketa batean aurre hartu zion Walkerri, eta hanka ondo sartuta Pickford gainditu zuen.

Hor suspertu zen Kroazia, eta Ingalaterraren gainbehera iritsi zen. Izan ere, hurrengo jokaldian Perisicek berak zutoinera bidali zuen baloia. Mandzukicek 87. minutuan izan zuen Kroaziaren beste aukera argi bat. Baina Perisicek kanpora jaurti zuen aukerako baloi bat.

Ingalaterra kontrakarrean aritu zen, eta soilik Lingardek (77. min.) eta Keanek (90. min.) egindako pare bat errematetan gerturatu zen Subasicen atera. Urruti zegoen orain arte erakutsitako joko bizi eta lotsagabea.

Hala, nagusi izan zenean partida erabakita utzi ez izana ordaindu zuen Ingalaterrak. Lehen 60 minutuetan hobeto jokatu zuen, partida hasi eta berehala gola sartu zuela baliatuz. Trippierrek egin zuen, 5. minutuan, falta jaurtiketa on bati esker.

Allik min asko egin zien lehen ordu horretan lerro artean kroaziarrei, eta Ingalaterrako zelai erdia gai izan zen Rakitic eta Modric ondo lotzeko, eta haiengana baloia nahi beste ez iristeko. Horren ondorioz, Kroazia deseroso aritu zen, eta ohikoa duen joko ikusgarria egin gabe. Baina finalean dira, eta igandean sufritzen segitzeko gogoz. Sufrimendua gozagarri egin baitzaie orain arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna