Athletic 0-3 Vila-real

Kalitate kontua izan da

Lan egin arren, Athleticek ez du arriskurik sortu, eta merezita galdu du sasoiko lehen partida. Vila-realek 40 metrotik jotako bolea bati esker sartu du 0-1ekoa

Unai Simon Athleticeko atezaina, abailduta, atzoko partidako lehen gola jaso ondoren. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Fornalsek (65. min). 0-2: Funes Mori (81. min); 0-3: Ekambik (89.min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Athleticeko De Marcosi; eta Vila-realeko Ruizi. Bestelakoak. 39.672 ikusle San Mamesen.

Eduardo Berizzok lehen egun garratza izan zuen atzo Bilbora etorri zenetik. San Mamesek ere txistu egiten badakiela entzuna zuen, eta, txistulari asko izan ez baziren ere, ez zuten entrenatzailea harrituko. Real Madrilen aurka eta Betisen zelaiko lehen zatian puztutako ilusio puxika lehertu egin zen. Athletic, izan ere, Vila-real baino gutxiago izan zen, eta merezita galdu zuen partida, sasoian lehen aldiz. Bigarren zatian, kanpokoak askoz hobeak izan ziren,eta kalitateari esker aurreratu ziren. Hor egon baitzen aldea: Vila-realek dohain tekniko handiak eta desorekatzeko ahalmena erakutsi zituen; Athleticek, berriz, ez. Fede guztia presioan, abiaduran eta giharretan jarri zuten, eta horrekin beti ez da aski.

Sasoi honetako Athleticek gabezia du jokoaren sormenean. Iragan sasoitik dakarren ajea da, eta Vila-realek ondo ustiatu zuen. Erditik sartzeko bidea itxi zion, Muniain bakartu, eta hegalak eman zizkion Athletici. Zuri-gorriek gustura hartu zuten bide hori, erdiraketak ateratzeko, baina antzuak izan ziren. Iñaki Williamsek korrika asko egin zuen, asko-asko, baina ez zuen baloirik ehizatu. Lerro arteko joko eta irudimen gabezia presioarekin estali zuen Athelticek, eta, horri esker, kontrolpean izan zuen lehen zatia. Hala ere, atsedenaldiaren aurretik egon zen aukerarik onena Vila-realek izan zuen (39. min), baina Simonek ondo gelditu zuen Fornalsen errematea.

Gola, kolpe handia

Berizzok aldaketak egin zituen hamaikakoan. Dani Garciak eta Adurizek, esaterako, ez zuten jokatu. Lehen zatiko gidoia ez zen txarra, Vila-realek behera egin zezakeela espero zitekeelako, eta zuri-gorriek aukera on bat izan zuten bigarren zatiaren hasieran. Williamsek korner bat nola edo hala buruz errematatu, eta Asenjok urrundu egin zuen, zortez (53. min). Jokaldi hori, baina, salbuespena izan zen, partida goitik behera aldatu baitzen.

Azken ordu erdian, Vila-realek duen talentua erakutsi zuen.0-1ekoa Fornalsek sartu zuen, 40 metrotik jotako bolea bati esker (65.min). Buruz burukoan De Marcosi irabazi, eta zetorkion bezala astindu zuen. Simon pixka bat aurreratuta zegoen, baina ez gaizki kokatuta. Atezaina izan zen taldeko onena beste behin. Baloia, beherako bidean, langatik zentimetro gutxira igaro zen.

Golak jota utzi zuen Athletic, eta Vila-realek baloia hartu zuen. Zuri-gorriek ez zuten beste sustorik eman. Vila-realek, baina, zauria handitu zuen erdiko atzelariek gaizki zaindutako bi jokalditan. 0-2koan Morik gaina hartu zion Iñigo Martinezi korner batean, eta 0-3koan Nuñezek ezin izan zuen gelditu Ekambiren kontraeraso bizia. Asko itsustu zen partida amaieran. San Mameseko harmailak nabarmen hustu ziren azken minutuetan. Agian goizegi iritsi da ezkortasun giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.