LEGANES 2 REALA 2

Azken unean erori dira

Partidaren zatirik handiena aurretik eman ostean, Leganesek gola sartu eta berdinketarekin konformatu behar izan du Realak. Min hartu du Llorentek
Carrillo eta Illarramendi, baloi bat lehiatzen partidako une batean.
Carrillo eta Illarramendi, baloi bat lehiatzen partidako une batean. RODRIGO JIMENEZ / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko abuztuak 25
Golak. 0-1: Zurutuza (11. min.). 0-2: Illarramendi (17. min.). 1-2: El Zhar (53. min.) Epailea. Munuera Montero.

Txartel horiak: Realeko Zaldua eta Juanmi.

Bestelakoak. 9.735 ikusle Butarquen.

Eutsi eta eutsi, eta azkenerako etsi. Labur batean deskribatu beharko balitz atzo Realak erakutsitako jarrera, esaldi hori erabiliko luke batek baino gehiagok. Bide azkarrenetik erabaki nahi izan zuten txuri-urdinek Leganesen aurkako partida, baina sufritzea egokitu zitzaien bigarren zatian. Sufritu, eta azkenerako erori. Neurketako ordu laurdena igaro zenerako bi gol sartu zituzten donostiarrek, eta emaitzari eusten igaro zituzten gainontzeko minutuak. Egitekoa betetzear zirela zirudienean, berdinketaren gola sartu zuen Leganesek, eta puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten txuri-urdinek. Atzoko berdinketarekin, seitik lau puntu eskuratu ditu Realak Espainiko Ligaren lehen bi jardunaldietan.

Etxeko taldearen jarrera neurtuz ekin zioten jardunaldiari donostiarrek. Erasora jotzeko hautua egin zuen Leganesek lehen minutuetan, baina azkar jarri zion erremedioa Realak. Eskuin hegaletik antolatutako jokaldi batean Oiartzabalek pasea eman zion Joseba Zalduari, eta aurkarien arearaino sartu zen atzelariaria. Donostiarrak erraz aurkitu zuen bere taldekide ohiek utzitako zuloa. Bakarrik ikusi zuen Zurutuza eta honek ez zuen barkatu atearen aurrean; 11. minuturako aurretik jarri zuen Asier Garitanoren taldea.

Golak izugarrizko arnasa eman zion Realari, eta orduan ikusi zuen aurkaria akabatzeko aukera; Oiartzabalek berriz Zalduarekin jokatu zuen, eta honek eserita utzi zuen Silva, Leganeseko ezker hegaleko atzelaria. Juanmik errematea urrundu egin zuen Cuellar atezainak, baina aldaratzea Illarramendiri iritsi zitzaion; mutrikuarrak boleaz jo eta sareetara bidali zuen baloia. Ordurako, bazirudien Realak lanik zailenak eginak zituela.

Alabaina, hurrengo minutuetan goitik behera aldatu zen partidaren gidoia. Ondoen jokatzen ari zirenean okertu zitzaien partida txuri-urdinei. Baloia eskuratzeko lehian ari zela min hartu zuen belanean Diego Llorentek, eta ezin izan zuen zelaian jarraitu. 27. minutuan egin behar izan zuen Realak lehendabiziko aldaketa.

Jokoa berrantolatu nahian aritu ziren donostiarrak, baina pixkanaka zelaian nagusitzen hasi zen Leganes. Atsedenaldira arte eutsi zuen Garitanoren taldeak, baina, bigarren zatia hasi orduko, erasoari ekin zioten espainiarrek.

El Zhar jarri zuten taldearen gidari, eta hark eman zion lehendabiziko kolpea Realari. Aurrelariak ederki gurutzatu zuen ezker hegaletik jasotako baloia, eta Rullik ezin izan zuen ezer egin jaurtiketa gelditzeko. 53. minutua zen.

Bere aukeretan sinesten hasi zen Leganes, eta atzean sartu zen Reala. Zubeldiak baloi bat berreskuratu eta aldeak handitzeko aukera izan zuen, baina hurrengo jokaldian berdinketaren gola egin zuen El Zharrek, txuri-urdinen garaipena zapuztuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna