Sevilla 1-1 Athletic

Sariarekin itzuliko dira

Athleticek berdindu egin du Sevillaren aurka, kanpoan. Zuri-gorriek defentsan lan ona egin dute. Bernabeun eta Pizjuanen ez galtzea lortu dute bizkaitarrek

Athleticeko jokalariak Ander Caparen gola ospatzen. Eskuin hegalekoak denboraldiko bigarren gola sartu zuen. RAUL CARO CARDENAS / EFE.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Capak (15. min.). 1-1: Nuñezek, bere atean (60. min.). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Sevillako Carriçori eta Ocamposi; eta Athleticeko Capari, Lopezi, Nuñezi, eta Martinezi. Bestelakoak. 37.972 ikusle Sanchez Pizjuanen.

Athleticek baditu kontent egoteko motiboak. Lehenbiziko itzulia bukatzeko ligako bi irteera zailenetakoei aurre egin behar zien: Santiago Bernabeura lehenik, eta Sanchez Pizjuanera ondoren, ligako bigarrenaren eta hirugarrenaren aurka, hurrenez hurren. Bada, zuri-gorriak partida bakar bat galdu gabe itzuliko dira San Mamesera. Real Madrilekin 0-0 berdindu ondoren, 1-1 egin zuten atzo Sevillarekin. Bietan, defentsako lan bikaina izan da gakoa.

Lehenbiziko zatian Athleticek presioa gogor egin zion Sevillari, eta erdiko hiru atzelariek area inguruan eratu zuten lerroa hesi gaindiezin bat izan zen andaluziarren jokalari talentudunentzat. Bizkaitarrek, berriz, haien bertuteei zukua atera zieten bertze behin. Estrategia eta eraginkortasuna. Iñigo Martinezek zelai erdia baino gibelerago falta bat luze atera zuen Raul Garciaren bila, baina erdilari nafarra lurrera erori zen Sevillako atzelari batekin lehian. Airean pasatu zen baloia ezin hobeki kontrolatu zuen Ander Capak eskuin hegaletik arean barneratuta, eta oinaren kanpoaldearekin tiro eginda gol ezin dotoreagoa sartu zuen. Ordu laurden betea zuen partidak.

Athleticen planteamendua guztiz nagusi zen. Sevilla hagitz deseroso ari zen, paseak ezin loturik, eta bizkaitarrak, argitasun gutxirekin bazen ere, andaluziarrek utzitako abaguneak baliatzen ahalegindu ziren. Minutuak igaro ahala, ordea, Athletic gero eta gehiago sartu zen bere zelaian, eta lehenbiziko zatiko azken minutuetan Sevillak anitz estutu zuen. Areara erdiraketa eta sarraldi arriskutsuak egin zituen, baina aukera argi bakarra: Ever Banegak zuzenean langara jaurti zuen korner bat.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Yerayk berdinketa eragotzi zuen, Munirren jaurtiketa bat atepetik aterata. Lehenbiziko erauntsi hori gaindituta, bizkaitarrek berriz ere lehenbiziko zatiko defentsa lan serioa gailentzea lortu zuten, baina Julen Lopetegi Sevillako entrenatzaileak egin zituen aldeketek, bai jokalarienek, baita taktikoek ere, fruituak eman zizkioten. Sevillak hegaletatik jokoa irekitzea lortu zuen, eta horrela lortu zuen saria: 60. minutuan, Nuñezek bere atean sartu zuen Lucas Ocamposen erdiraketa bat.

Williams, min hartuta

Sevillak erritmoa handitu zuen, garaipenaren bila, eta Athleticek defentsako lan fina are gehiago findu behar izan zuen. Berdinketarekin, ageriago gelditu ziren zuri-gorriek erasoko jokoa sortzeko dituzten zailtasunak; are gehiago, Iñaki Williamsek min hartuta zelaia utzi behar izan zuenean —Unai Lopez erdilaria atera zen bere ordez—. Aldaketa horrekin baloia gehiago mantentzea lortu zuen Athleticek, eta Koundek luzapenean aukera bat izan zuen arren, sendo eutsi zion berdinketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.