Recreativo 2-3 Osasuna

Erretzeko zorian, berriz ere

Osasuna ondo sufrituta igaro da Espainiako Kopako final-zortzirenetara. Bi golen aldea irauli dio Recreativori, luzapenean. Arrasatek egindako aldaketek suspertu dute taldea

Osasunako jokalariak, elkar besarkatuta, partida amaieran, Espainiako Kopako final-zortzirenetarako sailkapena ospatzen, atzo, Huelvan. JULIAN PEREZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Morcillok (12. min). 2-0: Roncagliak, bere atean (45. min). 2-1: Brasanacek (76. min). 2-2: Avilak (83. min). 2-3: Iñigo Perezek (111. min). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Recreativoko Cera eta Francisco Lopezi; eta Osasunako Cardona, Avila eta Moncayolari. Bestelakoak. 5.000 ikusle Huelvako Colombino berrian.

Ezin daiteke suarekin jostatu; are gutxiago, partida bakarreko kanporaketa batean. Akats bakarrak kalera bidal zaitzake. Bada, bat ez, ugari egin zituen atzo Osasunak, Recreativoren aurka. Gorritxoek bazekiten zailtasunak izan zitzaketela lehia serio hartu eta indar betean jardun ezean. Ezin zuten bestela pentsatu, Haroren aurka izandako estutasunen ostean. Orduan, azken uneko gol bati esker gainditu zuten Espainiako Kopako kanporaketa, aurrez markagailuan atzetik izan eta gero. Bada, gorritxoek ez zuten lezioa ikasi. Berriz ere, erretzeko zorian egon ziren atzo: bi golen aldearekin iritsi ziren azken txanpara. Ordea, onik atera ziren azkenean, luzapena behartu, eta markagailua iraulita.

Edozein partidak eskatzen duen gutxieneko grina eta bizitasunik gabe ekin zion Osasunak lehiari. Kontrara, Recreativo kementsu zelairatu zen, Iruñeko taldea Kopatik kanpo uzteko asmoz, 2003an egin bezala —finalerdietan kanporatu zuen—. Berehala, kornerren bidez min egiten hasi zen etxeko taldea, eta halako batean, aurrea hartu zuten markagailuan (12. min). Jokaldia katramilatu egin zen area barruan, nafarrek ez zuten baloia urruntzen asmatu, eta, azkenean, sareratu egin zuen Morcillok.

Alarma joka zeukaten gorritxoek, baina asko kosta zitzaien iratzartzea. Eta lozorrotik atera zirenean, nagiak jota jarraitu zuten. Bere egin zuten baloia, baina jabetza hutsala izan zen. Jokaldiek ez zuten Recreativoren defentsako egitura sendoa desorekatzeko behar adina abiadura. Deseroso egon ziren Iñigo Perez eta Moncayola, oharkabean pasatu zen Robert Ibañez, tantaka agertu zen Roberto Torres, eta gozakaitz aritu ziren aurrelariak. Gainera, Estupiñanen igoerak ez ziren ohi bezain zorrotzak izan.

Espainiarrek, aitzitik, geldikako jokaldiak ustiatzen jarraitu zuten. Bada, beste korner bat baliatuta egin zuten bigarrena, atsedena ate joka zela. Juan Perezek birritan egin zuen kale, eta Roncagliak bere atean sartu zuen baloia. Jokaldi tamalgarria izan zen. Osasunak eginiko lehen zatia laburtzeko egokia.

Chimy, iraultzaren buru

Hala ere, oraindik esan gabe zuen azken hitza. Normalena, Recreativok behera egitea zen, nekearen eraginez. Gainera, neurketa aztora zezaketen Osasunaren aulkian zeuden jokalariek. Bada, halaxe gertatu zen. Espainiarrei agortu egin zitzaien erregaia, eta nafarrak, aldiz, indarberritu egin ziren aldaketei esker. 64. minutuan, Jagoba Arrasatek Chimy Avila, Brasanac eta Vidal zelairatu zituen, eta hortik aurrera, goitik behera aldatu zen norgehiagoka. Avilak irrika eta fedea kutsatu zizkion taldeari, eta Brasanacek 2-1ekoa sartu zuen lehia bukatzeko ordu laurden baten faltan. Isi Ros hirugarrena egitear izan zen minutu batzuk lehenago, baina kale egin zuen, serbiarrak ez bezala. Burukada itzel batekin gainditu zuen etxekoen atezaina.

Ekaitza lehertu zen orduan, eta Chimy izan zen tximista. Gol aukera oldea izan zuen Iruñeko taldeak, eta jokaldi gehienetan aurrelari argentinarra izan zen protagonista. Behin eta berriz saiatu zen neurketa berdintzen, harik eta 83. minutuan lortu zuen arte. Arean baloi loratu bat kontrolatu zuen, Morcillorekin talka egin ostean, eta Osasunari luzapena behartzeko balio izan zion gola sartu. Eta luzapenean, iraultza burutu zuten gorritxoek. 109. minutuan 3-2koa egitear izan zen Chuli, baina Juan Perezekin egin zuen topo. Eta bi minutu geroago, gol erabakigarria sartu zuen Iñigo Perezek, boleaz, dotore. Osasuna, ordea, zabarki sartu zen final-zortzirenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.