Rijeka 0-1 Reala

Amarauna zulatu du

Realak irabazi egin du Europa ligako estreinako partida; Bautistak sartu du gola. Neurketaren hondarrean aurreratu dira txuri-urdinak; astun aritu dira partidan

Oiartzabal atzoko partidan, Escoval eta Pavicic aurkarien erditik pasa nahian. ANTONIO BAT / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Bautistak (93. min).Epailea. Bartosz Frankowski (Polonia). Txartel horiak: Rijekako Andrijasevici, Pavicic eta Capani; eta Realeko Merinori.

Rijekaren sarean harrapatuta geratzekoa zenean, kroaziarren amaraunetik ihes egitea lortu zuen Realak. Europa ligako multzokako fasea irabaziz hasi dute txuri-urdinek, Jon Bautistak luzapenean egindako gol bati esker. Etxekoen lakioan lotuta geratzear zirela, errenteriarrak ondo baliatu zuen bere aukera, huts eta batekoa egin eta hiru puntuak Donostiara eramateko. Ordura arte, ordea, larri aritu ziren Imanol Alguacilenak, baloia gehiagotan eduki arren, ezin izan baitzuten golik sartu.

Ekin, gogotsu ekin zioten neurketari Imanolen jokalariek. Baita prestatzaileak ere; ahalik eta talderik indartsuena zelairatu zuen oriotarrak. Hiru urte ziren Reala Europa ligan aritzen ez zela, eta lehen partida irabazteak zuen garrantziaz jakitun, erasora egin zuten hasieratik. Estreinako minutuetan sarri sartu ziren Rijekaren areara. Seigarren minutuan izan zuten lehen aukera donostiarrek; korner batean, buruz errematatu zuen Mikel Merinok, baina saiakera hutsala izan zen.

Hurrengo minutuetan zelaian agintzen segitu zuen Realak, baina pixkanaka jokoa zelaian barreiatu zen. Rijekak kontraerasora soilik desoreka zezakeen Reala, eta hartara jokatu zuen. Izan zuen aurretik jartzeko aukerarik, baina Alex Remirok erantzun ona eman zien etxekoen jaurtiketa horiei.

Realak, berriz, baloia gehiagotan eduki arren —%64koa izan zuen lehendabiziko zatian—, argitasun falta izan zuen atearen aurrean, eta horixe izan zen txuri-urdinen lasta. Futbolean alferrikakoa baita aurkariaren area inguruan aritzea, baloia atera bideratzen ez bada.

Robin Le Normandek izan zuen bisitariak aurretik jartzeko aukera, baina 25. minutuan buruz egindako errematea langara joan zen. Hortik aurrera, gipuzkoarren saialdiak Cristian Portuk eskuin hegaletik piztutako txinparten mende egon ziren.

Rijekak ere gertu izan zuen gola lehen zatiaren hondarrean. Realeko atzeko lerroaren huts baten ondorioz ezlekuan geratu zen baloia, eta Remirok irten behar izan zuen urruntzera. Gisa horretara, hutsean berdinduta joan ziren aldageletara.

Rijeka, eroso; Reala, astun

Bigarren zatian, itzaltzera egin zuen partidak. Reala etxekoen erritmo berean jokatzen hasi zen, eta horrek kaltea besterik ez zion egin. Eroso zegoen Rijeka. Kroaziarren amaraunean harrapatuta geratu ziren txuri-urdinak, eta hortik ihes egitea kosta egin zitzaien hurrengo minutuetan. Atzean sartu ziren etxekoak, baina ez zuten estutasun handirik igaro. Aldiz, Realak zirrikituren bat aurkitu nahian iragan zituen minutu ugari, baina alferrik.

Portuk izan zuen atsedenalditik igaro osteko aukerarik argiena. Espainiarrak eskuin hegaletik egindako jokaldi batean lortu zuen area barrura sartzea, baina haren jaurtiketa gurutzatua gutxigatik joan zen kanpora. Gurutze bidea hasia zen txuri-urdinentzat.

Izan ere, norgehiagoka aurrera zihoan, baina geroz eta eskasago ari zen Reala. Dema lokartzeko xedez ari zen Rijeka; 60. minutua bete zenerako ontzat emana zuen berdinketa, eta ahalik eta gutxien jokatzea zuen helburu. Presarik gabe etxekoak, eta antsia ukituarekin bisitariak. Realak bazekien balio txikia izango zuela berdinketa batekin Euskal Herriratzeak. Zelaian nagusi izan eta aurkariak adina sari jasotzeak kamustu egingo zuen Europa ligako estreinaldia.

Horren jakitun, aurrelarien aldeko apustua egin zuen Imanolek. Prestatzaile oriotarrak Willian Joseri eman zion aukera lehendabizi. Brasildarrak apur bat suspertu zuen txuri-urdinen jokoa, eta Merinok bizitzera egin zuen azken minutuetan. Hala, nafarraren oinetatik abiatutako jokaldi batek Mikel Oiartzabalengan izan zuen helmuga, eta eibartarrak bere zangoetan izan zuen lehendabiziko gola. Haren jaurtiketa zutoinera joan zen, ordea, eta hantxe amaitu zen Oiartzabalen partida.

Imanolek hura kendu eta Bautistaren alde egin zuen. Errenteriakoak ez zuen hutsik egin. Zelairatu eta bost minutura, Merinok lerro artean emandako pase bat ukitu eta sareetara bota zuen baloia. Partidak berdinketaren traza hartua zuenean lortu zuen irabazteko gola. Nola edo hala irabaztea zen Realaren xedea. Lortu zuen, eta hasiera ezin hobea izan zuen. Nahiz eta partidaren joanari erreparatuta, patxada handiagoz garaitzeko arrazoiak izan. Puntuek balio dute, eta zakuratu dituzte. Egina bale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.