Baskonia 76-65 Valentzia

Azkeneko partida behartu du

TD Systems Baskoniak irabazi egin dio Valentziari (76-65), eta bi taldeek partida erabakigarria jokatuko dute bihar Valentzian: irabazlea ACB ligako finalerdietan izango da. Lehen zatian hautsi du lehia

Dragic, barneraketa bat egiten, atzoko partidan, Prepelicen defentsa atzean uztear. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Gasteiz
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Saskiratzaile onenak: Baskonian Giedraitis (15 puntu), eta Valentzian Prepelic (20 puntu).

«Aupa Baskonia!» esan zuen partidaren atarikoan Dusko Ivanovicen alabak bideo batean, eta ia hutsik zegoen [baziren zale batzuk] Buesa Arenako pantaila erraldoian ikusi eta entzun zen. Jokalarien senitartekoek ere animoak bidali zizkieten bideo berean. Partida akaberan, Pierria Henryk esan zuen «aupa Baskonia!», telebistako elkarrizketa laburrean. Pozik egoteko motiboak zituen joko antolatzaile estatubatuarrak, irabazi egin zuelako Baskoniak. Eta orain bai, orain finala jokatzeko aukera irabazi du: bihar erabakiko da Baskonia edo Valentzia pasatuko den ACB ligako finalerdietara. Bana berdindu zuen kanporaketa atzo (76-65).

Egin beharrekoa egin zuen etxeko taldeak, eta ondoen dakiena eginez: defentsa sendoa. Ondo hasi ez bazen ere, 8-12 aurreratu baitzen Valentzia, epaileek berriz ikusi zuten jokaldi batek eragindako etenaren ondotik, zapaldu egin zuen aurkaria. Lehen laurdena 26-16koarekin bukatu zen: laurden akaberako azken hiru minutu eta erdian, Baskoniak 18-4ko partziala sartu zion. Defentsa bikaina egin zuen, eta horrek kontraerasoan ateratzeko aukera eman zion. Zoran Dragicek tarte horretan minutu onak jokatu zituen, eta taldearen defentsa onak partidako gakoetako bat izan zena eragin zuen: Valentziari baloiak lapurtzea edota galtzea. Datua ikaragarria da: 21 galdu zituen partida osoan.

Bigarren laurdenaren hasieran, Ivanovicek ez zuen aldatu Henry, eta, haren erritmo gozoan, Baskoniak hamabost puntuko aldea lortu zuen bi minutu eta erdian. Gehiago ireki zuen aldea seigarren minutu eta erdian, hemeretzi goitik baitzen Baskonia (39-20). Lan bikaina egiten segitzen zuen Dragicek: bederatzi punturekin zen Esloveniako eskolta.

Ondo bideratuta zeukan partida Ivanovicen taldeak, bere lana ondo egiten ari zelako, eta Valentziak, baloi asko galtzeaz gain, eraginkortasun txikia zuelako hirukoetan. Gainera, defentsan bigun aritu zen, gehienetan ohi duen bezala, eta eroso aritu zen jokoan Baskonia. Hala ere, atsedenaldira joan aurreko azkeneko hiru minutu eta erdian, sei puntu jan dizkio Valentziak, eta aldagelara 41-28 aurretik joan zen Baskonia. Lehen partidan bezala, irudipena zen etxekoek aukera galdu zutela aurkaria erabat birrindu eta partida erabakitzeko. Gero ere gertatu zen.

Hirugarren laurdenaren hasiera oso garrantzitsua izateko trazarekin hasi zen: Baskoniak aldeari eutsi edota handitu egingo zuen, edo Valentzia partidan sartuko zen. Tartea handitzeko aukera gauzatu zen, laurdenaren erdian hamasei goitik zelako (51-35). Jaistea lortu zuen Valentziak, eta 11ra gerturatu zen bi aldiz. Azkenera, baina, Rokas Giedraitisen bikoarekin eta Alec Petersen hirukoarekin azken segundoan, hamasei goitik joan zen Baskonia azken laurdenera (62-46).

Erasoan apaldu, eta kezkak

Lanaren hiru laurdenak osatuta zeuzkan Baskoniak, baina biribiltzea falta zitzaion. Ondo ekin zion azken hamar minutukoari, eta hamabost goitik zen sei minutu eta erdi falta zirenean. Baina taldea hasita zegoen erasoan bizitasuna eta jokalarien arteko konexioa galtzen, eta Valentzia partidan sartu zen: lau minutu geratzen zirenean, zortzira jaitsi zuen aldea. Izan zituen aukera bat baino gehiago tarteak murrizten segitzeko, baina atzo asko hutsegin zuen kanpoko jaurtiketetan.

Baskoniaren mesederako, Peters azaldu zen, eta hiruko batekin 11ra igo zuen aldea hiru minutu falta zirela. Beste bost puntu ere sartu zituen amaiera bitartean, eta, azkenean, 11 goitik bukatu zuen Baskoniak. Biharko finalerako taldeak erakutsi zuen prest dagoela. Atzetik aurrera jokatuz, gertu izango du finalerdia. Eta nekea ez dadila azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.