Alaves 1-1 Leganes

Giltzarrapoa hautsita

Alavesek eta Leganesek berdindu egin dute Mendizorrotzan. Arabarrak izan dira baloiaren jabe, baina anitz kostatu zaie espainiarren harresia gainditzea

Alaveseko Joselu aurrelaria, Leganeseko defentsek inguratuta, atzoko partidan. Denboraldiko zazpigarren gola sartu zuen atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Braithwaitek (43. min.). 1-1: Joseluk (80.min). Epailea. Cesar Sato Grado. Txartel horiak: Alavesko Elyri eta Joseluri, eta Leganesko En Nesyriri, Omeruori eta Silvari. Bestelakoak. 15.567 ikusle Mendizorrotzan.

Giltzarrapo batekin itxi zuen atzo bere area Leganesek. Bi taldeen ibilbidea ikusita, partida gogorra, trabatua eta lehiatua espero zen, eta halakoxea izan zen. Javier Aguirrek planteatu zuen estrategiarekin eroso aritu ziren espainiarrak, lehenbiziko zatian gehienbat. Alaves, berriz, deseroso egon zen minutu gehienetan. Ezin jokaldiak ongi harilkatu, behin eta berriz pareta bat joko balu bezala. Bigarren zatiko ekinaldiek, ordea, fruitua eman zuten, eta hagitz mingarria zatekeen porrot bat eragozteko balio izan zuen Joseluren golak. Gazitik gehiago du atzoko berdinketak gozotik baino, baina partidaren bilakaera ikusita, Alavesek puntu bat salbatu du, eta ez du hirugarren partida jarraian galdu.

Bi taldeek ez zuten joko onik erakutsi. Lehenbiziko minutuetan gutxi landu zuten jokoa, eta bortzgarren minutura arte ez zen ikusi taxuz jositako jokaldi bat. Leganes Alavesen areara lehenbizikoz ailegatu zenean izan zen. Arabarrek baloia ebatsi, kontraerasoan bizkor atera, eta Lucas Perezen arrisku gutxiko erdiraketa batekin bukatu zen jokaldia.

Partidako lehenbiziko aukera argia kanpoko taldeak izan zuen, hamalaugarren minutuan. Kevin Rodrigues euskal herritarrak atearen aitzinean bakar-bakarrik errematatu zuen erdiraketa bat, baina harmailetara zuzendu zuen jaurtiketa. Baloiaren jabetza Alaves nagusi zen guztiz, baina ez zuen lortzen Leganesen harresiari arrakalarik egitea. Agirreren taldeak, berriz, kontraerasoa zuen arma bakar.

Ordu erdi baino gehiago behar izan zuen Alavesek lehenbiziko jaurtiketa egiteko; 32. minutuan, Lucas Perezek erdiraketa baten aldaratzea Cuellarren atetik goiti jaurti zuen. Baina, hain zuzen, Alavesek lehenbiziko zatiko minuturik onenak jokatu ondoren sartu zuen gola Leganesek. Gasteiztarrek zelai erdirantz urrutiratu zuten baloia, eta Leganesek jokaldi bizkor batekin ezustean harrapatu zituen; Rodriguesek erdiraketa bat area barrenean, eta Braithwaitek sareetara.

Bigarren zatian, erasora

Espero bezala, bigarren zatian erasora atera zen Alaves, joko bizkorrarekin. 50. minutuan Joseluk aukera ona izan zuen, baina Rodriguesek atearen aitzinean kendu zion baloia. Gasteiztarrak saiatu ziren espainiarren area setiatzen, eta minutu luzetan baloia Leganesen zelai zatian egon zen, baina ahaleginen ondorioak erremate ahulak eta atearen aitzinetik pasatzen ziren baloiak baino ez ziren izan. Madrildarrek, berriz, jokaldi arriskutsuak egiteko aukera izan zuten kontraerasoan. 80 minutu behar izan zituen Alavesek giltzarrapoa hausteko, Joseluk aldaratze bat errematatzen asmatu zuenean. Saiatu zen azken minutuetan partidari buelta ematen, baina Leganesek lortu zuen eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.