Eibar 2-2 Getafe

Gutxi eginda asko atera

Eibarrek puntua berreskuratu du Ipuruan Getaferen aurka,0-2koa berdindu eta gero, Charlesen bi golekin. Aspaldiko partida eskasena egin dute armaginek

Charlesek atzo berdinketaren gola sartu zuen jokaldia, Getafeko David Soria atezaina goitik gaindituz. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 0-1:Matak (37. min.). 0-2: Fulquierrek (52. min.). 1-2 : Charlesek (penaltiz, 67. min.). 2-2:Charlesek (80.min.). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Eibarreko Diopeta Cucurellari; eta Getafeko Djeneri. Bestelakoak. 4.449 ikusle Ipuruan.

Puntu baliotsua eskuratu zuen atzo Eibarrek Getaferen aurka Ipuruan, 0-2 galtzen joan eta aurkariaren mende zelako jokoan.

Deseroso eta berea egin ezinda aritu zen Eibar hasiera-hasieratik. Ezta antzik ere denboraldi honetan Ipuruan hamaika partida on egin dituen taldearena. Orain arte inork lortu gabea lortu zuen Getafek, inor ez baita gai izan Ipuruan Eibar biluzteko. Talde txarra bihurtu zuen kanpokoak etxekoa, eta normalean, alderantziz izan ohi da. Atzo ez.

Partida berdindua egon zen tartean ere ez zuen Jose Luis Mendilibarren taldeak gaitasunik erakutsik Getafe ahultzeko. Kanpotarrek nahi duten horretara jokatu zen lehen zatia, eta gainera, Matak 37.minutuan sartu zuen golak zaildu egin zizkion gauzak etxeko jokalari multzoari, eta erraztu, aldiz,kanpotarrei. Zelai-erdira goitik erori eta ia beti etxekoek hartu ohi dituzten baloiak atzo kanpokoek bereganatu zituzten. Hegaletatik sortzen du jokoa Eibarrek;bada, atzo, Getafek zulo guztiak itxi zizkion zelaiaren gune horietan. Jose Angelek eta Peñak ez zuten behin bakarrik ere baloia lasai jokatu ahal izan, beti aurkaria gertu. Hegalak itxi, eta gainera, alde horretako euskarriarekin jokatzeko bidea ere ito zion, Mata edo Angel Jordan eta Diopen gainean jarriz.

Lehen zatia joan zen bezala joanda, gehitxo izan daiteke Getafe aurretik joatea atsedenaldira, baina Eibarrek saria izatea ere gehitxo izango zen. Oso tartekatuta sortu zituzten aukerak etxekoek: Jose Angelek hirugarren minutuan, Charlesek hamahirugarrenean, Orellanak 27.ean, Diopek 34.ean, eta garbiena Enrichek 41.ean. Gaizki aritu zen taldea erasoan, presaka, erdialdetik nahi baino gehiago jokatuz, eta baloi asko galduz.

Bigarren zatiaren hasierak ere ez zuen ezer onik iradoki. Eibarrek badaki aurkaria jatera ateratzen, emaitza aldekoa ez duenean, baina atzo ez. Hori gutxi ez, eta Getafek berak eman zion bigarren kolpe zehatza. Lehen golean bezala, alboko sake batetik etorri zen, eta bigun eta oker aritu ziren etxekoak. Fulquierrek area kanpotik ondo jo zion baloiari, eta alferrik egin zuen jauzia Riesgok.

Berdindu, opariei esker

Bazirudien dena alde zuela Getafek, baina bi opari larri egin zituen, egin ohi ez diutuenak.Djenenek penaltia egin zuen, VAR-rak adierazi zuena, eta Charlesek gola sartu zuen 67.minutuan. Handik hamahiru minutura, Cabrerak baloia oparitu zion Charlesi, buruz atezainari ematean, eta Ligako hamabigarren gola sartu zuen brasildarrak. Ordutik aurrera osatu zituen Eibarrek minutu onenak, Getafe desitxuratuz, baina ez zen gai izan aukera garbi bat sortzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.