Haizeak alde jotzen du berriro

Enpresa handiek emaitza onak lortu dituzte 2014an. Irabaziak txikitu zaizkienak badiren arren, zenbakiek diote euskal industria motorra berotzen ari dela oro har.

Gamesak iazko urrian Uruguain martxan jarritako Maldonado parke eolikoa. IVAN FRANCO / EFE.
xabier martin
2015eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Haizea lagun zuela aritu da 2014an Gamesa. Sektore eolikoak ere gogor nozitu du krisiaren gordina azken urteotan, eta haize erroten konpainiak kaleratze dezente egin zituen 2012an eta 2013an. Orain, berriz, deigarri egiten da 2014an lortu duen irabazia, mozkinak bikoiztu egin baititu. Jarduera handitzeak ekarri dio negozio bolumena areagotzea, eta horrek irabaziak handitzea —bikoiztea, hain zuzen—.

Gamesa bezala, beste hainbat euskal enpresa handik zenbaki apartak igorri dizkie CNMV Espainiako merkatu arautzaileari aste honetan. Euskal industriaren aniztasunak, hala sektoretan nola egituretan, ez du uzten denak zaku berean sartzen haien eboluzioa aztertu behar bada, baina ondorio bat atera daiteke emaitzei begira: industriaren motorra berotzen hasi da 2014an —%1 hazi da aurreko urtearekin alderatuta—, eta aurten motor horrek errendimendu handiagoa izango duela espero dute enpresa askotako kontrol geletan daudenek; besteak beste, eskaera zorroak ongi beterik baitaude aspaldiko partez.

Aurretik esanda doa: merkatuak dibertsifikatu izanak ahalbidetu ditu azken urteko emaitza onak hainbat enpresatan. Kasurako, Gamesak bere fakturazioaren %34 Latinoamerikan lortu du, %26 Indian, %15 AEBetan eta %9 Txinan. 92 milioi euroren mozkina izan du Ignacio Martinen konpainiak, salmenta bolumena nabarmen handitu delako, gorabidean dauden herrialdeetan nagusiki, bistan denez. Gamesak 2.846 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2014an, %22 handiagoa. Haize errota gehiago ekoitzi ditu —%22 gehiago, hain zuzen—, eta mantentze lanetan ere handitu du jarduera (%19). «Jarduera bolumen honek eta gastuei eusteko egiturak errentagarritasuna handitzea ekarri digu», azaldu du konpainiak, ohar batean.

Eskaera zorroa, gainera, beteta dauka haize erroten konpainiak: 3,3 gigawatteko eskaerak izan ditu 2014an, azken bost urteotako eskaera handiena. 420 milioiko zorra kendu eta kutxan 143 milioi euro utzi ditu enpresak, eta horrek aukera ematen dio eskaera handiagoei aurre egiteko, 3.500 megawattera iritsi arte.

CAF, eskaera zorroari esker

Beasaingo CAF trengileak ordezkatzen ditu zenbaki apalagoak dituzten enpresak. Apalagoak izanagatik, Gipuzkoako industria enpresarik handiena sendotasuna erakusten ari da irabaziei eusteko krisiaren basamortuaren zeharkaldian. Egia da 2014an iaz baino gutxiago irabazi zuela Jose Maria Baztarrikak zuzentzen duen konpainiak, 91 milioi eurotik 62,1 milioira jaitsi baitzuen mozkin garbia; baina CAFek azken hiru urteotako beheranzko joera berretsi badu ere, etorkizunari baikortasunez ekiteko aldagai bat dauka alde: 2014an eskaeren errekorra hautsi du. 5.251 milioi euroko balioa duen lan karga zeukan Beasainek abenduaren 31n. Gaur egun, kopuru hori are handiagoa da, urtarrilean eskaera gehiago iritsi baitziren, eta hiru kontratu berri sinatu baitzituen Eskozian (200 milioi), Herbehereetan (60) eta Espainian (Murtzia, 77 milioi).

Horrela, CAFek 1.800 milioi euroren balioa duten eskaerak jaso zituen 2014an, lan karga inoiz baino gehiago handituta. 2004 eta 2006 artean lortu zuen Gipuzkoako trengileak gaur egun daukan lekua Europako eta Kanadako erraldoien ondoan. Inbertsio publikoa oinarrizkoa den sektorean dabilenez, zenbaki apalagoekin ohitu da azken urteotan, eta aurrerantzean ere irabazi marjinak estutu egin beharko ditu lehiakor izaten jarraitzeko, Txina gero eta mehatxu argiagoa baita. Edonola ere, aurten irabaziak handitzeko helburua jarrita dago Beasainen.

Berriki euren emaitzak ezagutarazi dituzten beste hainbat enpresa estrategiko ere gustura daude. Tubacex kasu argia da, adibidez. %58,2 handitu ditu irabaziak, 23,8 milioiraino, eta zorra %22 txikitu du. Laudioko enpresa hori munduko lider bihurtu da soldadurarik gabeko tutuen sektorean.

CIE Automotiveren kasua ere aipagarria da. 2014an %35 hobetu du mozkina, 81 milioiraino. 2.160 milioiko fakturazioa izan du; «errentagarritasun historikoa» nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.