Sevilla 0-1 Athletic

Gozoki bat aldartearentzat

Athleticek Sevillaren zelaian irabazi du Gorka Guruzetaren gol bati esker, baina ez da nahikoa izan Kopako kanporaketari buelta emateko. Markel Susaetak 500. partida jokatu du zuri-gorriekin
Gorka Guruzeta Athleticeko aurrelaria atzo Sanchez Pizjuan zelaian sarturiko gola ospatzen.
Gorka Guruzeta Athleticeko aurrelaria atzo Sanchez Pizjuan zelaian sarturiko gola ospatzen. SINADURA / AGENTZIA

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko urtarrilak 17
Gola. 0-1: Guruzetak (77. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Sevillako Carriçori; eta Athleticeko Muniaini. Bestelakoak. 26.500 ikusle Sanchez Pizjuanen.

Inori ez dio kalte egiten gozoki batek. Aldarte oneko dagoenak ez du behar, baina gustura hartzen du; eta are irribarre handiagoa eragiten dio burumakur edo urduri dagoenari. Gaizka Garitanoaulki iritsi denetik Athletic suspertu egin da, baina jokalari zein zaleek duten albiste eta emaitza on gosea oso handia da oraindik. Horregatik egingo die mesede, guztiei, atzo Sevillan jasotako gozokiak. Kopako final-zortzirenetako itzuliko partida zen, eta San Mameseko 1-3koak erabakita utzi zuen. Baina irabazteak beti egiten du mesede, eta are gehiago ezohiko jokalariekin egiten baduzu, maila handiko aurkari baten etxean, eta golik hartu gabe.

Irabazteko golak behar dira, baina, logika inozoagorik ez dago, eta Athletic zentzu horretan lazeria gorrian bizi da. Bada, atzo beste jokalari bat gehitu zen ardura hori hartzeko prest daudenen zerrendara, Gorka Guruzeta 22 urteko harrobiko aurrelariak sartu baitzuen gola. Hirugarren partida zuen hasieratik eta oraindik atea zulatu gabea zen, eta Sevillan lortu zuen estreinakoa partida ofizial batean. Ederra izan zen gainera, 77. minutuan. Markel Susaetak erdiraketa neurtua egin, eta bigarren zutoinean jo zuen buruz, atetik urrun. Oso altu egin zuen jauzi eta norabide egokia eman zion baloiari. Sorianoren hegaldi ikusgarriak aurrelariak bere logelako paretan eskegiko duen argazkia edertu baino ez zuen egin.

Gola izan zen Athleticen jokoko gauzarik nabarmenena. Hori eta Ibai Gomez primeran egokitu dela ikustea. 90 minutu izan zituen taldekide berriekin sinbiosian sartzeko, eta bera nabarmendu zen ligan minutu gutxiago dutenen alboan. Erdilaria erritmo betean dago, trebea da bi hankekin, eta joko motela pizten saiatu zen. Esan bezala, Garitanok azken partidetan ordezko izan direnei eman zien aukera, eta haiek ere itxura ona eman zuten. Taldea sendotze prozesu betean dago, eta teknikariak, Pizjuanen, beste porlan palakada bat bota zion bere egitasmoaren paretei.

Hauek guztiak xehetasunak dira, partida bera oso motela izan zelako. Bi taldeek elkarri minik ez egiteko ituna sinatu zutela zirudien. Sevillak arrisku pixka bat gehiago izan zuen, eta gol aukera on bana izan zuen zati bakoitzaren hasieran. Aurrenekoan Ben Yedderrek egin zuen kale, eta bigarrenean Munirrek. Athleticek ere izan zituen bereak, baina partida osoan sumatu zen kanporaketa altxatzea ezinezkoa zela, eta Kopa, gaur-gaurkoz, ez dela inondik ere lehentasun bat San Mames aldean. Halako partidetan euren burua aldarrikatu nahi dutenek hausten dute gidoia, eta hori gertatu zen bi taldeetan. Aukera baliatu zuen bakarra, baina, Guruzeta izan zen. Aurrelarien izenak bili-bolo dabltzan honetan, etxekoek zeresana dute Bilbon.

Bosgarrena zerrendan

Historia gutxiko partida izan zen, eta Guruzetaz gain inork gutxik oroituko du etorkizunean. Tira, agian Markel Susaetak ere bai, eta ez bakarrik goleko pasea emateagatik. Izan ere, Eibarko erdilariak 500. partida ofiziala jokatu zuen Athleticekin, eta egun bosgarrena da taldearekin partida gehien jokatu dutenen zerrendan. Aurretik ditu Andoni Iraola, 510ekin; Joseba Etxeberria 514rekin; Txetxu Rojo, 541ekin, eta Jose Angel Iribar, 614rekin. Susaetak 31 urte ditu eta lesioek errespetatzen badute ez litzateke harritzekoa horietatik bizpahiru pasatzea. Iribar handiaren ibilbideak, baina, langa gaindiezina dirudi.