Athletic 3-2 Levante

Orain, dena du aldeko

Muniainek 93. minutuan penaltiz sartutako golak eman dio garaipena Athletici Levanteren aurka. Bete-betean sartu da Europarako sailkatzeko lehian

Iker Muniain, luzapenean penaltiz 3-2koa sartu berritan, atzo, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Yurik (5. min.). 2-0: Aitorrek, bere atean. (27. min.). 2-1: Rogerrek, penaltiz. 2-2: Cabacok (89. min.). 3-2: Muniainek, penaltiz (93. min.) Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Athleticeko Raul Garcia, Yuri eta Muniaini; eta Levanteko Morales, Vezo, Postigo, Rogereta Mosesi. Txartel gorriak: Levanteko Cabacori (96. min.). Bestelakoak. 36.450 ikusle San Mamesen.

Athleticek berean jarraitzen du: puntuak bildu eta bildu. Beste hiru batu zituen atzo, Levanteri San Mamesen 3-2 irabazita. Gogotik sufritutako garaipena izan zen, Muniainek 93. minutuan sartu baitzuen hirugarren gola, penaltiz. Gol horrek eragotzi zuen talde zuri-gorriari patrikan zuen garaipenak ihes egitea. Ihes egin, 2-0 aurreratu ondoren, bina berdindu baitzion Levantek. Bigarren gola, gainera, 89. minutuan sartu zuen. Baina lehen ez bezala, orain dena irteten zaio ondo Athletici, dena du aldeko. Estatistikak argigarriak dira: Gaizka Garitanoren aginduetara, jokoan egon diren 48 puntuetatik 32 lortu dituzte zuri-gorriek. Halako uzta oparoari esker, bete-betean sartu dira Europarako sailkatzeko lehian, liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta direla.

Atzo hirugarren garaipena jarraian lortu eta gero, Athletic zortzigarren postuan da. Betisi aurrea hartu dio, baina Espainiako taldeak gaur jokatuko du, Anoetan. Oso estu dago sailkapena, eta horren erakusgarri da 24 puntu banatzeko falta direla, zuri-gorriek lau puntura besterik ez dutela laugarren sailkatua, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duen azkeneko postua. Getafe dago, gainera, leku horretan, eta Athleticek igande honetan egingo dio bisita. Zirraragarriak izango dira azkeneko jardunaldiak zuri-gorrientzat. Nork esango zuen halakorik duela lau hilabete taldea jota eta jaitsiera postuetan zenean. Baina Garitanoren etorrerak suspertu egin du taldea.

2-0tik 2-2ra

Atzean sendo aritzea eta aurrean eraginkor izatea; bi oinarri horien gainean eraiki du Athleticek bere gorakada. Atzo ez zen batere fin aritu defentsan, baina bai erasoan, eta horri esker irabazi zuen.

Nekez pentsa zitekeen zuri-gorriek sufritu egingo zutenik garaipena lortzeko. Izan ere, 2-0 ziren aurretik ordu erdia bete aurretik.Yurik sartu zuen lehen gola, bosgarren minutuan, Cordobarekin bat-bikoa egin eta baloiari zartako ederra emanda; bigarren gola, berriz, Aitorrek sartu zuen bere atean, 27. minutuan, Williamsek eginiko jaurtiketa gelditzen saiatu eta baloia barrura sartuta.

Halabeharrez, Levantek aurrerapausoa eman zuen, eta Cokek gola sartu zuen buruz korner batean, 39. minutuan, baina VAR-ari kasu eginez, epaileak baliogabetu egin zuen, Levanteko atzelariak Herrerini falta egin ziolako. Bigarren zatia hasi eta gutxira, ordea, VAR-ak ez zion kontra egin epaileari, hark Beñaten eta Iñigo Martinezen artean Rogerri egindako penaltia adierazi ondoren. Rogerrek berak jaurti zuen, eta 2-1ekoa lortu zuen.

Golak emozioa jarri zion partidari. Ez zen atzera bota Athletic. Aitzitik, aurrera egin zuen, hasitako lana errematatzeko nahian. Zelaira irten berritan, Muniainek gertu izan zuen gola, baina haren jaurtiketak zutoina jo zuen. Handik gutxira, Aitorrek geldiketa bikaina egin zion De Marcosi, minutu batzuk geroago Herrerinek Mayorali eginikoa bezala. 89. minutuan jaso zuen kolpea Athleticek. Cabacok buruz sartu zuen binakoa, korner batean, Yuriren huts bat baliatuta. Baina kolpeari kolpearekin erantzun zion Athleticek. Abiada hartuta dago. Ikusteko dago noraino iritsiko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.