Leganes 1-0 Alaves

Topikoa errealitate

Leganesen galdu, eta lider jartzeko aukera galdu du Alavesek. Atsedenaldia iristear zela gola jaso ostean, jorik gabe aritu da erasoan Gasteizko taldea

Ruben Duarte, lurrera erortzerar, Allan Nyomek falta egin ondoren. KIKO HUESCA / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Gola. 1-0: En-Nesyrik (42. min.). Epailea. Alberola Rojas. Txartel horiak: Leganeseko Oscar Rodriguezi eta Nyomi; eta Alaveseko Duarteri, Brasanaci, Laguardiari, Burguiri eta Borja Bastoni. Bestelakoak. 9.863 ikusle Butarque futbol zelaian, Espainiako Lehen Mailako hamabigarren jardunaldiko partidan.

Edozein talde ei da arriskutsua Lehen Mailan, dagoen egoeran dagoela. Baieztapen hori behin eta berriz errepikatzen dute entrenatzaile eta jokalari gehienek ataka estuan den talde baten kontra aritu behar direnean. Bada, atzo topikoa errealitate bihurtu zitzaion Alavesi, galdu egin baitzuen jaitsiera postuetan zen Leganesen zelaian. Irabazita, lidertza eskuratzeko aukera zuen Abelardoren taldeak, baina ez zuen baliatu. Neurketa orekatu eta lehiatua izan zen, baina agerian gelditu zen Leganesek behar handiagoa zuela hiru puntuak eskuratzeko. Arabarrek ez zuten beste partida batzuetako argitasunik izan, eta azken uneko erasoaldiaz aparte, ez zen gai izan aurkaria estu hartzeko.

Goitik behera egin zuen Arabako taldeak. Lehiari agintari ekin zion: baloia bere egin, eta neurketaren erritmoa ezarri zuen hastapeneko minutuetan. Arriskua sortzen ere hasi zen, Ibai eta Sobrinoren erremate desbideratu banarekin. Ordea, pixkanaka ekimena galduz joan zen, aurrerapausoa eman zuelako Leganesek. Ibai, Jony eta Calleri saiatu ziren arabarren erasoko jokoa bizitzen, eta lortu zuten aukera onen bat sortzea. Esaterako, 21. minutuan sukalderaino sartu zen Jony, baina ezin izan zuen ate aurrean jokaldia amaitu. Edonola ere, erabat lausotu zen kanpokoen hasierako kontrola.

Hiru puntuen premia gorria zuen Mauricio Pelegrinoren taldeak, eta behin antsietatea baretuta, bere legea ezartzeari ekin zion. Hegalak baliatu zituen horretarako: zorroztasunez jardun zuten Nyom eta Silva hegaleko atzelariek, eta haien erdiraketek min egin zioten Alavesi. Preseski, modu horretan jaso zuen Arabako taldeak 1-0ekoa, noiz eta atsedenerako hiru minutu eskas gelditzen zirenean. Nyomen erdiraketa Silvak jaso zuen, eta haren pasea sareetara bidali zuen En Nesyrik, area barruan bakarrik zela.

Atsedenetik bueltan jarrera egokia erakutsi zuten Abelardorenek. Aurrerapausoa eman zuten, neurketa ahalik eta azkarren berdintzeko. Edonola, apenas artegatu zuten Leganesen atzeko lerroa. 53. minutuan Sobrino Lunin atezainari baloia lapurtzear izan zen, eta hortik aurrera, minutu luzez izan ziren kanpokoak arriskurik sortu gabe. Eten asko izan zen, eta Pellegrinoren taldeak asmatu zuen arabarren saiakerak ezerezean uzten. Areago, erasoan ekoizpen emankorragoa izan zuten etxekoek, Alavesek atzean utzitako zuloak baliatuta.

Abelardo saiatu zen neurketa itxuraldatzen, lehenik Burgui eta Borja Baston zelairatuta, eta azken minutuetan Guidettiri aukera emanez, baina alferrik izan zen, Ibaik azken minutuetan bi jaurtiketa indartsu egin arren. Ondo itxi zen Leganes, eta Alavesek ez zuen beste egun batzuetako jorik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.