Manchester United 0-0 Reala

Agurrerako itxuratu du

Europa ligatik kanpo geratu da Reala, Manchester Uniteden zelaian hutsean berdinduta. Neurketa orekatua izan da, eta aurrera egiteko aukerarik ez du izan

Realeko Merino eta Isak, Manchester Unitedeko Greenwoodi baloia ebatsi nahian. Erdilari nafarrak partida osoa jokatu zuen. PETER POWELL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Epailea. Laurence Visser. Txartel horiak: Manchester Unitedeko Fredi, Brandon Williamsi, eta Lindelofi.

Realak amaitu du Europa ligako ibilia. Manchester Uniteden aurkako final-hamaseirenetako kanporaketan nagusi izan da talde ingelesa, eta agerian geratu da egun koska bat gorago dagoen taldea dela Ole Gunnar Solksjaerrek prestatzen duena. Joanekoan jasotako astinduak gutxi utzi zuen jakinkizun, baina Turingo hondamendia apur bat itxuratu zuen atzo, eta Old Trafforden ez galtzea beti da seinale ona: 0-0 berdindu zuen Realak.

Imanol Alguacil entrenatzaileak Manchesterren lehiatzea eskatu zien bere jokalariei, eta bezperako dei hori bere egin zuten txuri-urdinek. Teknikari oriotarrak zenbait aldaketa egin zituen hamaikakoan; bihotzari kasu egin zion, eta saiatu zen aurkaria estu hartuko zuen hamaikakoa zelairatzen. Buru argi ere jokatu zuen, halaber: jokoan deus gutxi zegoela jakitun, aulkian utzi zituen normalean aritu ohi diren zenbait jokalari. Guztira, Zubietan hezitako hamar lagun aritu ziren partidan zehar. Bada zerbait.

Talde eraberrituak halakoxe hasiera eman zion Old Traffordeko partidari. Realak oso hasiera ona egin zuen; pase egokiak bata bestearen atzetik lotuz indartsu egin zen zelai erdian, eta une oro Manchester Uniteden arearen inguruan aritu zen Donostiako taldea.

Mikel Oiartzabalek eta Mikel Merinok gidatu zituzten txuri-urdinak; konbinazio onak egin zituzten hiru laurdenen eremuan, eta hegaleko jokalariak hondoko marraraino iritsita lortu zuten Dean Hendersonen ate ingurura gerturatzea. Zeregin horretan, garrantzi berezia izan zuten Aihen Muñoz eta Andoni Gorosabel atzeko lerrokoek, erasoko jokalariengana batu baitziren sarri.

Horrek ito egin zuen etxekoen defentsa, eta Manchesterrek nola edo ahala geratu behar izan zituen Realekoak. Partida hasieran gol bat jasotzeak soilik bizitu zezakeen bisitarien ametsa. Markagailuan aurreratzea gertu izan zuen Imanolen taldeak; 13. minutuan aldeko penaltia izan zuten, baina Oiartzabalek kanpora bota zuen. Manchester aztoratzeko aukera galdu zuen eibartarrak.

Hutsaren ondotik Realak erasoan segitu zuen, baina minutuek aurrera egin ahala orekatzera egin zuten indarrek. Unitedek urrats bat egin zuen aurrera, eta zelai erdian indartsuago aritu zen. Hortik aurrera, partida fisikoago bat jokatu zuten bi taldeek, eta halakoetan ondo moldatzen diren jokalariek protagonismo gehiago izan zuten: Ander Gebararen kasua izan zen. Baita atzeko lerroarena ere; joaneko partidan hutsune asko utzi zizkion Manchesterri, eta hori saihestu zuten.

Halere, Manchester zenbait aldiz gerturatu zen Alex Remiroren atera. Atezainak bi geldiketa on egin zituen, ateak hutsean segi zezan. Haietako bat, Daniel Jamesi. Bi areatako aukerekin eta zelai erdiko orekarekin, hutsean amaitu zen lehen zatia.

Bigarrenari ere antzeko ekin zion neurketak. Zirrikitua non, abagunea han. Modibo Sagnanek langara bota zuen baloia, eta etxekoek gola ere egin zuten, nahiz epaileak ontzat eman ez. Ordurako, bi teknikariak aldaketa sorta eginda ziren. Jada kanporaketa erabakita zegoen. Realarentzat lasta handia izan da Turingo partida. Atzo, agurrerako itxuratu zuen jokoa. Izan bekio etorkizunerako lezio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.