HEMEROTEKA
Ni ere...
...Charlie Hebdo naiz, astekariaren aurkako erasotik landa. Aitor dut nire ironiarako joera formateatu zutela denboran Caburen edo Wolinskiren marrazkiek. Ondorioez axolatu gabe idazteko eta pentsatzeko jaidura itsu horretan tematzeko ausardia edo inkontzientzia zor diegu askok. Urtarrilaren 7an agituak inarrosi gintuen Baionako Herri Etxearen maldan biltzera bultzatuz.
Sarraskiaren ildotik amalgamak eta mendeku nahikundeak ekidin ezinak dira. Telebistako irudi errepikakorrek burtzoroa hazten dute eta menturaz zenbaitengan hiltzaileen balentria morbidoen imitatzeko gutizia pizten. Euskaldunok badakigu zelan eta nondik elikatzen den terrorismoa eta lanjer handienean dena ekintzaileen jatorrizko jendartea dela, kuzkurtua, uzkurtua, salatzen, deitoratzen, gertatutakoa zalantzan jartzea (auto)debekatzen, haurride arabiarrarena aldion, musulmanak izan ala ez izan.
Batasun sakratuaren izenean, ur zitalaren antzera, izua isuri da herritarren larruko poroetan barna Errepublikaren gerra kantak ozenduz behingoz gu trinkoa bihurtzeraino. Etorkizuna zalantzan dator.
Houellebecq ez da mehatxatu bakarra.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.