Athletic 2-2 Valladolid

Hau ez da kasualitatea

Bi aldiz aurreratu arren, Athleticek ez dio Valladolidi irabazi, eta berdindu egin du. Morcillok bere lehen gola sartu du, eta Nico Williamsek debutatu du. Williams anaiak batera aritu dira 21 minutuz

Iñaki Williams erdiraketa egiten atzo, Raul Garciak baliatu zuena Athleticen bigarren gola sartzeko. MIGUEL TOÑA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Nuñez, Iñigo, Balentziaga; Berenguer (Nico Williams, 62. min), Unai Lopez (Vesga, 72. min), Dani Garcia, Morcillo (Ibai, 62. min); Sancet (Raul Garcia, 62. min), Villalibre (Iñaki Williams, 72. min).
Valladolid. Masip; Janko, El Yamiq, Joaquin (Kiko Olivas, 79. min), Nacho; Oscar Plano, Alcaraz (Roque Mesa, 62. min), San Emeterio (Sergi Guardiola, 79. min), Orellana (Hervias, 79. min); Weissman, Marcos Andre (Michel, 62. min).
Golak. 1-0.Morcillok (14. min); 1-1. Orellanak (70. min); 2-1: Raul Garciak (77. min); 2-2 (Weissmanek, 86. min). Epailea. Cordero Vega. Txartel horia: Athleticeko Sanceti.

Athleticek oso gutxi irabazten du azkenaldian. Aurreko igandean Atletico Madril liderra menderatzea ligako berdinketen basamortu amaigabean oasia izan zen. Atzo berriz ere berdindu egin zuelako, ligako 33. jardunaldiari zegokion partidan, Espainiako Kopako bigarren finalagatik atzeratutakoan: bina Valladolidekin. Ezin bigarren garaipena segidan kateatu San Mamesen. Eta ezin partida itxi, bitan aurretik jarri arren.

Kopako bi finalak galdu eta gero, Athleticen inguruko fokua etorkizunean dago jarrita, eta Marcelino orain hasi zaie gazteei aukerak ematen. Betisen zelaian egin zuen atzo zortzi, igandean Atletico Madrilen aurka, baita atzo ere. Morcillo ezkerretik aritu zen erasoan, eta aurrean Villalibre eta Sancet. Aulkian, Iñaki Williams eta Raul Garcia, eta harmailetan, minez, Muniain.

Entrenatzaile espainiarrak partidaren bezperan, baieztapen indartsua gazteen inguruan, igandean lan ona egin zutela-eta: «Gazteen partida on bat kasualitatea izan daiteke». Erakutsi egin behar dutela gehiagotan badirela gai Athleticen partida mordoa jokatzeko. Bat eta erdi bat ona egitea ere izan daiteke azkenaldian zerutik eroritako euriaren antzekoa, baina kontua da atzoko lehen zatian ere maila ona eman zutela Morcillok eta Villalibrek; Sancetek ez zuen distira egiteko aukerarik izan, baina egitea tokatu zitzaiona ondo egin zuen.

Bizi hasi zen partida. Valladolid jaitsieran zen, eta puntuak behar. Goian estutzen ekin zion, baina Athleticek ere bizitasunari erritmo azkarrarekin erantzun ziola ikustean, atzera egin zuen defentsako lanean: lerroak atzeratu zituen. Bien bitartean, etxekoak ondo ari ziren, bizi jokatzen, eta paseen bitartez jokalarien arteko harremana eraikitzen. Batez ere, eskuin hegaletik. Aurreneko bost minutuetan, alde horretatik, bi erdiraketa kaskarrek galarazi zioten aukera garbia sortzea. Horretara heldu gabe sartu zuen, ordea, gola hamalaugarren minutuan: Morcilloren zartakoa ezkerrez area kanpotik, eta bihotzeko taldearekin lehiaketa ofizialean sartzen duen lehendabiziko gola Zornotzakoarentzat.

Eroso zebilen Athletic, eta eroso segitu zuen kasik lehen zatia amaitu arte. Baloia atzetik erraz ateratzeko modua eman zion Valladolidek, inolako presiorik egin gabe, eta gora aise iristen zen. Jokaldia amaitzen ez zuenean, presio eraginkorrak aukera eman zion baloia nahi bestetan kentzeko aurkariari haren zelaian. Nagusi zen Marcelinoren taldea. Ez da kasualitatea kontrarioaren zelai-erdian jokatzea lortzen duenean, Athletic indartsu azaltzea. Horretan da ona, eta kontraerasoan. Hiruzpalau aukera sortu zituzten Villalibrek, Sancetek eta Morcillok, baina emaitzak justuegia izateari ezin utzi.

Atsedenaldiaren aurreko azkeneko hamar minutuetan, aldatu egin zen partida pixka bat. Edo asko. Valladolid luze jokatzen hasi zen atzetik, etxekoen presiobaloi kolpe batekin gainditzeko. Jabetza luzexka pare bat ere kateatu zituen Athleticen zelaian, eta gola egin zuen 41. minutuan, baina jokoz kanpo zen Weissman. Kanpotarren minutu on horiek abisua utzi zuten: Athletic bere areatik gertu defendatzen, ez zebilen eroso.

Bi goletan, bigunegi

Ez baitzen kasualitatea izan bigarren zatian etxekoen ezintasuna Unai Simonen area gainean jarri zirenean atea babesten. Unerik larrienak binakoaren ondoren igaro zituen, azkeneko bederatzi minutuetan, eta hori gertatu zen Athleticek bizirik utzi zuelako Valladolid berriz ere, lehen zatian bezala. Eta ez da kasualitatea izaten barkatzen duen taldeak garesti ordaintzea.

Kontua da kanpotarrek berdinketa lortu aurretik 70. minutuan, Iñigo Martinezek sekulako bi aukera galdu zituela alferrik ateko zuloan. Berdinketa baino hamar minutu lehenago izan zen, Nico Williamsek (18 urte) debuta egin baino bi arinago. Orellanak nola berdindu zuen ikusi zuen gazteak, korner batean eta buruz, jokalari txikia izan arren txiletarra. Bigun ibili zen taldea korner horretan. Hala ere, buelta eman, eta Iñaki Williamsi [bi anai batera ziren zelaian, Salinastarren ondoren 35 urte eta gero] Ibaik luze botatako baloi batetik, goleko pasea atera zuen aurrelariak: ez zuen barkatu Raul Garciak. 77. minutua zen. Baina 86.ean, Weissmanek berdindu egin zuen area barrutik, Unai Nuñezen epelkeria baliatuz. Atzelari horrena ere ez da kasualitatea, ez baitu lehen aldia bigun jokatzen duela.

Azken minutuetan kanpotarrak nagusi, eta penaltia ere eskatu zioten Cordero Vega epaileari, Iñigorena, izan ez zena. Bukaerako jokaldia izango zen, ziurrenik, atzoko eskasena Athleticen kasuan: aldeko falta, azkena, zelai- erdian, eta arean sartu beharrean, motzean atera. Pentsaezina Athleticekin eta San Mamesen garai batean. Emaitza eskasaren zaporea gehiago garraztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.