Blanca Saez de Ibarra. Gure Soroa

«Merkatu baliorik ez duen zerbait balitz bezala hartu da andre nekazarien lana»

BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Landa eremuko emakumeak omenduko dituzte Santiago eguneko azokan. Blanca Saez de Ibarrak, Gure Soroa Arabako emakume nekazarien elkarteko presidenteak, positibotzat jo du aitorpen hori.

Azokaren leloa Emakumeak geroa ereiten izango da. Nola hartu duzue aitortza hori?

Baliagarria da emakume nekazariak ikusarazteko, eta horretan aurrera egin behar dugu. Guk egiten dugun lana ikusarazi behar da, baina batez ere gure aurretik egon diren emakumeena. Egin izan duten lana familiari emandako laguntzatzat hartu izan da: merkatuan baliorik ez duen zerbait. Ordea, landa eremuko andreok lan handia egiten dugu.

Zeintzuk izan daitezke egoera hobetzeko lan ildo nagusiak?

Emakume nekazariok kotizazio oinarri baxuagoa dugu Gizarte Segurantzan. Beraz, gizonek beste lanordu eginda ere, pentsioak baxuagoak izango ditugu. Halaber, nekazaritza ustiapenen titulartasuna gizonen izenpean egon izan da nagusiki. Duela urte batzuk, titulartasun partekatua sortu zuten, esplotazioaren senar-emazteen izenean egon zedin. Ordea, ez dago oso zabaldua.

Nolakoa da emakumeen presentzia landa eremuko erabaki esparruetan? Kooperatibetan?

Gero eta pisu handiagoa dugu familia ustiapenetan, baina erabaki esparruetan oso urria da oraindik ere. Aurrera goaz, baina erantzunkidetasun gehiago behar da emakumeen presentzia handitzeko, baita administrazioaren laguntza gehiago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.