Eurokopa. Suedia 1-0 Eslovakia

Ogi gogorrak, aiztorik ez

Suediak Eurokopako lehen garaipena lortu du Eslovakiari irabazita (1-0), eta aurrena jarri da E multzoan. Bigarren zatiak bizitu du pixka bat partida

Augustinsson Suediakoa eta Koscelnik Eslovakiakoa lehia betean, baloia bietako nork joko, atzoko partidan. ANTON VAGANOV / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
1-0. Forsbergek, penaltiz (77. min.).

Ogi gogorra jarri zuen atzo Eurokopak berandu bazkaltzen dutenentzat. Ez zetorren biguna Suedia-Eslovakia partida San Petersburgon, eta begiratzeari ere utziko zioten baten batzuek plateraren bueltan halako masa trinkoa ikusi zutenean. Jaten ausartu zirenei damutuko zitzaien ekinaldia, bai behintzat bigarren zatiak pixka bat aurrera egin zuen arte. Horra hor atzoko jatorduaren pusketa handi baten deskribapena. Forsbergek 77. minutuan partidako gol bakarra sartu zuenean, ogirekin nazkatuta eta bi begiak itxita zeuzkatenek, entzungo zuten telebistako esataria gola abesten, baina ametsetan ariko zirela pentsatu ere bai ziurrenik.

Eslovakiak hiru punturekin ekin zion; Suediak, batekin. Jokoa amaitutakoan, eslovakiarrek ez zioten alerik gehitu uztari; suediarrek, hiru. E multzoko buru jarri dira horrenbestez. Lehen jardunaldiko emaitzekin, Suediak irabaztea behar zuen; edo, gutxienik, komeni hala egitea. Eta nola hiru puntuak lortzeko mila bide dauden, eta selekzio bakoitzak berea duen, Suediak bereari eutsi zion: talde osoa bere zelaian sartu defendatzen, noizean behin presioa goian egitera atera, eta baloia lapurtzean, behean edo goian, bizi jokatzen saiatu. Bizitasunak, baina, teknika ona behar du lagun, eta suediarren artean Isak Realekoa eta Forsberg bakarrikizan abilak. Nola Eslovakiak ere antzera jokatu zuen, Suediari tokatu zitzaion baloiaren jabe egin behar izatea tarteka, eta huraxe bai ogi gogorra: ukitu batean jokatzeko ezgaitasuna, beldurra baloia ez galtzeko, konfiantza falta edo entrenatzailearen agindua. Suediak ez du aiztorik Eslovakiak parean jarri zion bere moduko ogi trinkoa ebakitzeko.

Baloia lagun, trebeago moldatu zen Eslovakia lehen zatiaren akaberan. Baina abiadura sartu ezinda, edo sartzeko beldurrez. Eraman zuen objektu biribila Olsenen ate ingurura, baina ezin sortu ezer. Eta nola bi taldeek erasoko trantsizioetan ere, atzetik aurrera egiteko prozesuan, makal jokatu zuten, biba eta festa izan zen epaileak lehen zatiaren amaiera adieraztea.

Realeko aurrelariak bigundu zuen ogi gogorra bigarren zatian. Lehen abixua Augustinsson taldekideak eman zion Dubravka atezainari, eta sekulako urruntzearekin erantzun zion horrek. Isak berari jarri zitzaion atezaina parean gero. Handik gutxira, pasea sartu zion Quaisoni, eta penaltia egin zion Dubravkak. Gola Forsbergek. Beste jokaldi on bat osatu zuen Isakek gero, baina golik ez. Ezta Eslovakiak ere.

Portugal-Alemania, gaur

D multzoko partida izan zen Kroazia eta Txekiako Errepublikaren artekoa, eta 1-1 egin zuten. Schickek aurreratu zituen txekiarrak penaltiz, eta Perisicek berdindu zuen lehia. Gaur, F multzoan, Hungaria-Frantzia (15:00) eta Portugal-Alemania jokatuko dira, eta E multzoan, Espainia eta Polonia ariko dira (21:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.