Musika. RED BARAAT

Elkartasun alai eta jaizalea

Astelehena: Dabadaban, Donostian, 21:00etan Osteguna: Kafe Antzokian, Bilbon, 22:00etan.

Berria -

2018ko maiatzak 13
Brooklyndik datoz, New Yorkeko bihotzetik, baina berdin-berdin etor zitezkeen New Delhitik. Izan ere, Red Baraat talde jendetsuak proposatzen duenak iturri ugaritatik edaten du, hala bhangratik eta Indiako beste musika batzuetatik nola hip hopetik eta funketik. Betiere, musika alaia eta jaizalea egiteko, eta baita herrien arteko elkartasuna sustatzeko ere.

Chaal Baby (2010) diskoarekin estreinatu ziren, eta gero etorri dira Bootleg Bhangra zuzenekoa (2011), Shruggy Ji (2013), Big Talk (2013) eta Bhangra Pirates (2017). Hurrengo hilabetean kaleratuko dute, berriz, taldearen lan berria, Sound the People. Taldekideek adierazi dutenez, Asia hegoaldeko herrialdeetako diasporak mundu osoan egin duen bidearen ospakizun bat da diskoa, eta taldearengan eragin duten musiken bilduma gisa ere uler liteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna