Auto elektrikoa. Modelo berriak Landabenen

Osagaien patronalak uste du 500.000 lanpostu gal daitezkeela

Langile bat Cie Automotiveren lantegi batean. Auto osagaien enpresa nagusietako bat da. BERRIA.
Iker Aranburu.
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Landabenek auto elektrikoen eraikuntza ziurtatzeak bermatu egingo luke Iruñeko fabrika ez izatea autogintzaren elektrifikazio prozesuaren biktimetako bat. Baina beste kontu bat izango da nolako lantegia izango den fabrika auto elektrikoak besterik egiten dituenean, eta eutsiko al dituen gaur egun dituen lau mila lanpostu zuzenei. Izan ere, motor elektrikoak erreketakoak baino sinpleagoak dira eta, hortaz, lan gutxiago behar da haiek muntatzeko. Volkswageneko buru Herbert Diessek jada ohartarazi ditu langile batzuk sobran egongo direla baldin eta elektrifikazio prozesua motel badoa eta taldea atzeratuta geratzen bada lehiakideekiko.

Baina sektorearen elektrifikazioa Landabenen moduko muntaketa plantetan baina gehiago antzeman daiteke osagaien industrian. Bereziki gogorra izan daiteke erreketa motorretarako espreski diren osagaiak egiten dituztentzat —injekzio sistemak, abiadura kaxak, hozte sistemak...—, eta eragin gutxiago izan auto elektrikoetan ere erabiltzen diren elementuak egiten dituztenentzat —galgak, transmisioak, eserlekuak...—.

Aste honetan bertan azaldu du kezka Clepa Europako Autogintza Hornitzaileen Elkarteak. PwC azterketa etxeari enkargatutakotxosten batekkopuru borobil bat eman du gerta daitekeen kalteaz: 2035erako 501.000 lanpostu desager daiteke sektorean, beti ere Europako Batasunak aurrera egiten badu urte horretarako erreketa motorreko ibilgailu berriak saltzeko debekuarekin.

Clepako ehunen bat kideen artean egindako inkestak dioenez, galduko liratekeen milioi erdi lanpostuen bi heren 2035 aurretik desagertuko lirateke, eta beste herena ondoren. «Horrek oso zaila egiten du kaleratzeen eragin ekonomiko eta soziala gutxitzea» Hau da, sektoreak ez duela denbora handirik izango berregituraketa gozoago bat egiteko.

Berez, enplegu galera erreala txikiagoa izango dela onartu du osagaien patronalak, auto elektrikoen elementu propioak egiteak 226.000 lanpostu berri sortuko dituela kalkulatu du eta.

Sektore garrantzitsua

Cleparen oharrak garrantzia handia izan dezake Euskal Herriko autogintzan. Bederatzi mila langiletik gora dituzte ibilgailuak muntatzen dituztenek (Mercedes eta Volkswagen), baina are gehiago dira haientzat eta munduko ekoizle gehienentzat osagaiak egiten dituztenak.

Euskal Herrian dute egoitza sektoreko enpresa garrantzitsu batzuek (Gestamp,Cie Automotive, Mondragon Automocion…), baita sektoreko multinacional handi batzuek (GKN, Faurecia, Tenneco...) eta ehunka hornitzaile txikiagok. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko 300 enpresa Acicae clusterrean biltzen dira, eta guztira 85.000 enplegu dituzte, horietatik 45.000 hiru lurralde horietan. Nafarroan ere milaka batzuk ari dira osagaien alorrean, Volkswagenentzat ez ezik, baita beste autogileentzat ere. PwCren txostenak ez du daturik ematen Euskal Herriari buruz, baina dio 28.200 enplegu arriskuan direla Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.