Gehiago, eta gazteagoak

Udazkenean egin zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat tokitan etxegabeak kontatzeko azken zenbaketa; datuak aztertzen ari dira oraindik, baina agerikoa izan da igoera.

arantxa iraola
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Igoera. Iazko urriaren 18aren eta 19aren arteko gauean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan eta udalerrietan etxegabeak zenbatzeko egin zen kontaketaren berri emateko plazaratu zen prentsa oharrean, ezin izan zuten saihestu hitza: igoera. Izan ere, datuak halakoxeak izan ziren: 2016ko kontaketan 274 pertsona zenbatu zituzten; iazkoan, 435. Aparte zenbatu zituzten migrazio prozesuen barruan bidaia betean atzemandako migratzaileak, azken hilabeteotan ugaritu egin baita horien presentzia: 104 lagun zenbatu zituzten egoera horretan, Gipuzkoan guztiak: Irunen eta Donostian. Horiek zenbaketa orokorretik kanpo utzita ere, kezka eragiteko modukoak dira datuak. «Igoera nabarmena izan zen, batez ere, Bilbon eta Donostian. Gasteizen ez zen horrelakorik ikusi; beste herri zenbaitetan ere ez», azaldu du Raquel Sanzek. SIIS ikerketa eta dokumentazio zentroko ikertzailea da, eta datuak aztertzen ari da. «Martxo alderako bukatzea espero dugu;datu guztiak sartuta daude, azterketa egitea falta zaigu orain», azaldu du. Zenbaketak egiteaz gain, gaueko kontaketa horretan kalean dauden pertsonei inkesta bat egiten ere saiatzen dira, eta erantzunetatik datu interesgarriak ateratzea espero dute.

«Kontuan hartu behar da, hala ere, ezaugarri bereziak dituen ikerketa bat dela; bi urtean behin egiten da, gau batean: errealitatea oso aldakorra da, eta guk argazki finko bat egiten dugu», azaldu du Sanzek. 2012an egin zen lehenengoz; urteekin, gero eta udalerri gehiagotan egiten da. Hiru hiriburuetan hasieratik ari dira.

Zenbaketetan gizonak gailendu dira beti, eta azken zenbaketa honetan ere, berririk ez zentzu horretan: %6 bakarrik ziren andrazkoak, 26. «Hor ez da igoerarik ikusten», onartu du Sanzek. Aurreko zenbaketekin alderatuta, ordea, oraingoan soslai aldaketa bat ikusi dutela adierazi du. «Oraingoan, proportzioan, ugaritu egin da jende gaztea: gizon gazte gehiago daude».

Etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia garatzeko erakunde arteko ituna abian jarri zuten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek, Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. 2021a bitarteko xedeak ditu. Lantzeko bederatzi gidalerro dituzte xehatuak agiri horretan: kale gorrian dauden pertsonak ez ezik, gizarte bazterkeria «moderatuan» dauden pertsonentzako neurriak ere zedarritu dituzte estrategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.