ALDAKETA BATZUK

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Familia eredu berriak

Egun indarrean dagoen Foru Berria familia eredu tradizionalari lotzen zaio. Eliza katolikoak ezkondutakoak soilik hartzen ditu aintzat legezko bikote gisa, eta instituzio horren barruan izandako seme-alabak familiako unitate gisa. Erreformarekin, aita-ama bakarreko familiak hartuko dituzte kontuan, eta bikote egonkorraren figura sortuko dute, besteak beste. Horren arabera, bi pertsona, haien sexua edozein delarik, bikote gisa erregistratu ahal izango dira, eta euren erregimena aukeratu ahal izango dute, honako baldintza hauek beteta: adin txikikorik ez izatea; emantzipatuak egotea; eta elkarrekin bizitzea, ezkonduen pareko egoera batean.

Dibortzioa. Dibortzioaren figura juridikoa ere berridatzi dute. 1987an, Foru Berrian eginiko erreforman sartu zuten dibortzioa, baina aldaketak egin behar izan dituzte ordutik, horrekin lotura duten hainbat artikulu egokitzeko: familia krisiaren figura juridikoa sartu dute, adibidez, eta, haurrak dituzten bikoteen kasuan, haien babesari eta zaintzari buruzkoak zehaztu dituzte: egonaldiak eta beste senideekin dituzten harremanak; elikadurarako, etxe baterako, hezkuntzarako eta laguntza material eta emozionalerako betebeharrak; bikotearen etxebizitza noren esku geratzen den, eta ohiko gastuen ordainketei buruzkoak.

Horrez gain, haurrak dituzten guraso bananduek akordio bat lor dezaten sustatuko du legeak, epaitegi batek zehaztu beharrean bakoitzaren betebeharrak. Horretarako, egitasmoak aurreikusten du Nafarroako Gobernuak bitartekariaren figura sortzea.

Testamentuak

Historikoki, Foru Berriaren oinarrietako bat izan da testamentua egiteko eta ondasunak nori eman erabakitzeko askatasuna: testamentugileek edonori eman diezazkiekete beren ondasunak, eta ez dute zertan familiakoak izan; Nafarroako kode zibilaren berezitasun nagusienetako bat da hori. Mantendu egin dute, baina aldaketa batzuk egin dituzte: adibidez, apaizaren aurreko testamentua kendu dute.

Seme-alabak. Era berean, seme-alabak ondareaz jabetzeko, garaiz kanpo zeuden zenbait debeku ere kendu dituzte: adibidez, ezkondu aurreko seme-alabek edota beste bikotekide batekin izandakoek ez zuten ezer jasotzen oinordetzan. Aurreneko bikotearekin izandako seme-alabek, bestalde, lehentasuna zuten besteekiko; hori ere kendu dute.

Testamenturik egiten ez denean. Halakoetarako ere aldaketa batzuk egin dituzte. Orain arte, senarrak edo emazteak ziren azkenak ondasunak jasotzeko hurrenkeran; beraz, testamenturik ez bazen, bikotekideak ez zuen ezer jasotzen. Hori eginda zegoen etxearen edo baserriaren instituzioan pentsatuz —jabetzak eta leinua iraunarazte aldera bikotekidearengan baino gehiago. Egitasmo berrian, seme-alabak izango dira lehenak, eta gero senar-emazteak edo izatezko bikoteak.

Fideltasuna. Beste aldaketa batek ere zuzeneko lotura dauka alargun geratzen den emakumearekin. Fideltasun gozamena deituriko figura juridikoa zekarren testuak. Horren arabera, emakume alargunak senarraren ondarea jasotzeko eskubidea ez galtzeko, fidel izaten jarraitu behar zuen hura hil ondoren ere. Testu berrian, hori kendu dute eta alarguntasun gozamena jaso dute, besteak beste, izatezko bikoteen kasuan alargunek ondare hori erabili ahal dezaten.

Ermandadeko testamentua. Ermandadeko testamentuaren figura ere aldatu dute. Bi pertsonak edo gehiagok dokumentu berean egindako testamentua da ermandadekoa deiturikoa —izatezko bikoteek edo senar-emazteek ere egin izan dute testamentu mota hori—. Akordioa ezeztatu ahal da denek nahi badute, ala bietako batek nahi badu, baina beste aldeak informatu direla frogatuz gero. Horri honako aldaketa hauek egin dizkiote: batetik, bi aldeetako bat hilda balego, ezingo litzateke aldatu. Bestetik, aldeetako batek ezgaitasunen bat izango balu —alzheimerra, adibidez—, testamentua aldatu ahalko litzateke, baina testamentugileek hori aurreikusten duen klausula bat sartu beharko lukete dokumentua egiten dutenean.

Ezgaitasunak dituzten oinordekoak. Ezgaitasunen bat dutenak babesteko beste neurri batzuk ere sartu dituzte testu berrian. Ama edo aita —edo biak— hil zaizkion pertsona ezgaitu batek ez zuen eskubiderik bizi zen etxearekiko, etxea bere gurasoena ez bazen eta oinordetzan jasotzen ez bazuen. Lege aldaketarekin, pertsona horien etxebizitzarako eskubidea bermatu nahi izan dute; etxe horretan bizitzeko eskubidea aitortzen zaie. Testamentuan behar hori asetzeko beste erabakirik ez bada jasotzen —diru kopuru bat edo beste higiezin batzuk horretara bideratuta, esaterako—, testamentuaren beste onuradunek hori bermatzeko betebeharra izango dute, eta gauza bera elikadurarako eskubidearekin.

Kontratuak

Akordiorakoa askatasuna da Foru Berriaren oinarrietako bat. Horren arabera, bi aldeen borondateak lehentasuna dauka zuzenbidearen iturri guztien aurretik. Honako zehaztapen hau gehitu diote: «Betiere moralaren eta ordena publikoaren aurkakoa ez bada, edota hirugarren bati kalte egiten ez badio».

Kontratuen alorrean aldaketa ugari egin dituzte. Eskubide horietako asko jada jasota zeuden Foru Berriaren jatorrizko erredakzioan, baina eguneratu egin dituzte, erabilgarriagoak egiteko: hala egin dute, besteak beste, honako eskubide hauekin: kredituen lagapenarekin; atzera eskuratzeko eskubidearekin; eta, bereziki, zorrak kitatzeko, erositakoa edo trukatutakoa ordainean emateko eskubidearekin.

Putre funtsak.Gaur egungo funts horiekin lotutako zehaztapen bat sartu dute. Pertsona batek banku batekin zuen zorra erosi duen erakundeak obligazioa dauka pertsona horri jakinarazteko nor den, non daukan egoitza nagusia, berarekin harremanetan jartzeko modua... Bereziki, obligazioa dauka zorraren likidazioa zor hori erosi duen prezio berean eskaintzeko pertsona horri.

Kontratuen indargabetzeen eta hutsaltzeen preskripzioak ere egokitu dira nazioarteko estandarretara. Gehienezko epea hamabost urtekoa izango da; 30ekoa zen testu zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.