Zeruak txunditako arimak

Astronomia behatoki berri bat abian jarri dute Izkiko parke naturalean. Zientzia lana eta dibulgazioa tartekatuko dituzte. Astronomiazaleek asteroideak eta exoplanetak ikertzeko era izango dute han

La Otra Mitad elkarteko kideek behatoki berria prestatzen jardun dute egunotan, eta hasi dituzte bertan behaketak. BERRIA.
Juanma Gallego.
Korres
2017ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Herri txikia da Korres (Araba), eta Izkiko parke naturalaren erdian dago. Normalean, mendiko bizikletan ibilaldi bat egin nahi dutenak eta hegaztiei behatzera doazenak artatu ohi ditu herriak; baina urbanitek osatzen duten fauna exogenoari lagun talde berri bat gehitu zaio orain. Aitortzen dutenez, oso izaera desberdinekoak dira, baina grina berbera dute.

Gaur hiru lagun bildu dira. Hirurak La Otra Mitad astronomiazaleen elkarteko kideak dira. Ohi bezala, leku horretatik kanpo mundua aztoratuta bizi da, gizakiaren tamainako txikikerietan murgilduta. Mendia eta ilargia lagun, ordea, Izkin lasaitasuna da nagusi, eta solasaldian berehala azaltzen dira unibertsoaren neurri irudikaezinak.

Olentzero etorri eta ondorengo egunetan umeek erakutsi ohi duten ilusio berarekin, azken ukituak ematen ari dira Izkiko Astronomia Behatokian. Kableak, ordenagailuak eta argazki kamerak daude; eta, noski, teleskopioak. Joan den astean egin zuten inaugurazio ofiziala, baina jainkoak burugogorrak dira, eta zeru hodeitsua oparitu zieten. Moldatu ziren, baina. Astronomiari buruzko bi hitzaldi izan ziren, musika emanaldi bat, eta pintxo-potea ere egin zuten. Maketa baten bitartez, neurrira egindako eguzki sistema bat erakutsi zieten inauguraziora joan zirenei.

Duela hamar urte inguru sortu zen La Otra Mitad elkartea, astronomiari buruzko zaletasuna partekatzeko. Gasteizko Udalarekin zientziari buruzko hitzaldiak ematen hasi ziren. Beste elkarte askotan bezala, izarretara begira jarri nahi zutenean, mendira eramaten zituzten ekipoak. «Beti ibiltzen ginen hemendik hara, nomadak bezala», gogoratu du Mikel Martinez astronomiazaleak. Hortaz, beste aurrerapauso bat egin behar zutela sumatu zuten, eta behatoki finko bat lortzeko erronkari ekin zioten. Esan eta egin. «Kontuz ibili deabruari eskatzen diozunarekin; zeren, zenbaitetan, eskatutakoa eman egiten baitizu», dio Julio Correderak, txantxetan. Prozesua oso azkar joan dela azaldu du. Duela bi urte bururatu zitzaien behatoki finkoa izateko aukera, baina aurtengo maiatzean egin zuten eskaera. Arraia-Maeztuko Udalarekin hitz egin zuten, eta Arabako Diputazioan proiektua aurkeztu zuten. Erakundeek finantzaketa eta azpiegitura ipini dituzte, eta zaleek, berriz, ekipo teknikoa eta behatokia kudeatzeko borondatea.

Zientzia lana

Behatoki finko bat edukitzea ez da apeta kontua. Egia da ekipoak autoan sartu eta mendian muntatu eta desmuntatu behar ez izatea abantaila nabarmena dela; askoz erosoagoa, funtsean. Baina, batez ere, toki finko bat izateak benetako zientzia egiteko aukera emango diela azpimarratu dute astronomia zaleek.

«Lurretik gertu igarotzen diren objektuei jarraipena egiteko aukera emango digu behatokiak», azaldu du Martinezek. «Laster Minor Planet Centerrek ematen duen nazioarteko behatzaile kreditazioa lortzea espero dugu. Erakunde horrek koordinatzen du, nazioartean, objektu horien inguruan astronomoek eskuratzen duten informazioa». Asteroideei gertutik behatzeko aukera izango dute, beraz. Ez da soilik zientzia kontua. Izan ere, teleskopio profesionalek ez dute aski denbora izaten Lurretik gertu igarotzen diren asteroide guztien atzetik ibiltzeko, baina mundu osoan barreiatutako astronomiazaleek, ordea, bai. Planeta guztiko auzolan hori premiazkoa izan daiteke zibilizazioa akabatzeko ahalmena duten asteroideak orpoz ipurdi jarraitzeko.

Baina mundu berriak hobeto ezagutzeko parada ere izango dute, azpiegitura finko bat izateagatik. Diotenez, Eguzki Sistematik kanpo dauden planetak begi puntuan izango dituzte. «Bai, ondo entzun duzu, exoplanetak jarraitzeko aukera izango dugu », azpimarratu du Correderak. «1995ean topatu zuten lehen exoplaneta, baina, garai horretan, oso behatoki handiak behar ziren; diru mordoa ere beharrezkoa zen, gainera. Gaur egun, informatikari eta ekipo berriei esker, zaleok zeregin horretan parte hartzeko aukera dugu».

Martinezek sakondu du azalpenean. «Izarretako argiaren kurben neurketa erabiltzen da. Izar baten aurretik planeta bat igarotzen denean, izar horren argian izaten den aldaketa txikia atzemateko gai gara orain. Igarotzearen parametroak jakinda, informazio asko atera daiteke: izarraren masa, distantzia, dentsitatea eta orbitaren iraupena. Behatoki profesionalek normalean ez dute denborarik halako izar bakoitzaren jarraipen osoa egiteko, eta hor azaltzen da zaleen egitekoa».

Urruneko behaketak

Jaime Fernandez lotu zaio solasaldiari. Halako ikerketatan zehaztasuna funtsezkoa dela azpimarratu du, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa omen da behaketa leku jakin batetik egitea. Aurrean daukaten hurrengo erronka ereaipatu du. «Euskadiko lehen urruneko behatokia izatea lortu nahi dugu. Astronomiaren munduan, gero eta gehiago, gauzak era horretan egiten dira». Horman zintzilikatuta dagoen irudi bat seinalatu du. «Mikelek atera du argazki hau, baina etxetik mugitu gabe. Frantzian, 800 kilometrora dagoen urruneko behatoki baten bitartez atera du irudia».

Correderak gaineratu du etxetik lan egitea oso lagungarria dela behaketak egiteko. «Era horretan, ez diozu horrenbesteko denborarik kentzen familiari. Gu zaleak gara, eta hemen ematen dugun denbora familiari eta gainerako jardunei kendu behar diegu».

Hormako irudia ateratzeko, 18 ordu inguru eman zituen Martinezek. Soilik halako esposizio luzeekin atera dakizkioke zeru beltzari bere baitan gordetzen dituen sekretu guztiak. Eta asko dira. «Irudian ikusten duzun pilota horiWolf-Rayet motako izar bat da», azaldu du zaleak. «Hidrogeno alfa eta oxigenoa isurtzen ditu. Masa gehiegirekin sortutako izarra da, eta material asko askatu behar du, ezinbestean. Etorkizunean eztanda egingo du».

Martinezek azpimarratu du irudiaren alde estetikoa gustuko duela, baina, batez ere, atzean dagoen fisika dela beretzat erakargarriena. Nahi eta nahi ez, astronomia argazkilaritzara hurbiltzean, beti azalduko dira fisika eta unibertsoaren neurri irudika ezinak. «Argazkia tratatzen ari zarenean, erabiltzen duzun programa informatikoak irudian dauden izarrak zenbatzeko ahalmena du. Irudi bat hartu, eta bertan 30.000 edo 40.000 izar daudela esaten dizu programak. Tira, horrek guztiz txundituta uzten zaitu», azaldu du Correderak.

Izarrek eragiten duten harridurahori dibulgatzea izango da, bestalde, behatoki berriaren beste oinarrietako bat. Hori egitea funtsezkotzat jo dute elkarteko kideek. «Gure gaurko gizarte honetan inoiz baino informazio gehiago dugu, baina, era berean, zeruaren ezagutza guztiz galdu dugu», esan du Correderak.

Zerura begiratzean, ordea, gizakiarengan aspaldi errotutako sentimendu bat azaleratzen dela gaineratu du Martinezek. «Sentimendu hori hor dago, azalean pixka bat marruskatu baino ez dago zeruarekiko aspaldiko lotura hori azaleratzeko». Orain gizakiak badaki goiko aldean dauden puntutxo horiek ez direla jainkoak, eta gauean orientatzeko ere ez dago horien beharrik. Baina udako gau batean hirietako argi kutsaduratik aldentzea eta ortzian marraztutako paisaia miresgarria ikustea galdu ezinezko ikuskizuna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.