Adrian Garcia.
ANALISIA

Sarkozyren irudi garbiketa

2015eko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Sarkozyk efektu kolpea eman du. Eraberritu du UMP alderdia; itxuraz aldatu du. Errepublikanoak (Les Republicains) izena du orain; atzoko fundazio kongresuan izen hori ematea adostu zuen militanteek —%45ek soilik bozkatu zuten—. Frantziako presidente ohiak badu jada bere nortasun obsesioari bide emateko plataforma. «Balio errepublikanoak defendatzea» deritzo berak. «Frantziarrak batzea». Hitz horiek erabili zituen 2004an ere UMPko alderdiko buruzagitza hartu zuenean. Orduan bezala, orain ere Eliseoa du jomugan. Baina izena aldatuta ere, alderdiak zorpetuta jarraitzen du, eta ekitaldi xumea izan da, 2004an Sarkozy UMPko presidente izendatu zutenarekin alderatuta, behinik behin. 500.000 euro gastatu dituzte, orain 11 urteko sei milioi eurotik urrun.

Boladan daude egun errepublikanismoaren balioak Frantzian; Parisko erasoek herritarren kontzientzia bortizki astindu zuten, eta errepublikaren oinarriak goratu dituzte sendagai gisara. Modu horretan, lurraldearekin eta izaera salbatzaile horiekin lotu nahi du alderdia Sarkozyk, ahalik eta jende gehien biltzeko inguruan. Eduki ideologikoz janzten saiatu da, halaber, baina hankamotz gelditu da. «Ezker-eskuin dikotomia» gainditu nahi du, era guztietako herritarrak alderdira atxikitzeko.«Nekazariak, klase urbanoa, langileak...». Haatik, bere diskurtsoa errepublikanismoan mozorrotu badu ere, eskuin kontserbadoreena du oinarri. Izan ere, Fronte Nazionalak inkestetan gora egin ahala, are eskuinerago jo du Sarkozyk, immigrazioa eta islama jomugan hartuta, eta Europako Batasunarekiko mesfidantza sustatuta.

Sasoiko sentitzen da Frantziako estatuburu ohia. Ustelkeria eskandaluak itota, politikaraitzultzea beste erremediorik ez zuen izan orain urtebete. Ahul, kritikatuta eta susmopean,2012ko hauteskunde porrota oraindik oso presente zuela. Atxilotu ere egin zuten, influentzia trafikoa egotzita. Baina garaipen txikien bidez egonkortu du bere posizioa. Hasieran, UMPko presidentetzarako bozak irabazita, orain dela sei hilabete. Iragan martxoan UMPk sozialistei departamenduen erdiak irabazi zizkien, eta, trebe,garaipena bere egin zuen Sarkozyk.

Berri on bat jaso du aste honetan auzitegietatik aspaldiko partez. Bettencourt auziari kutsu politikoa kendu egin diote epaileek, eta Eric Woerth ministro ohia eta Sarkozy bera absolbitu dituzte, beste zortzi lagun zigortu arren.Halere, badu oraindik zertaz kezkatu. Beste hamaika auzitan nahasita dago, gehienak alderdiko finantzaketa ilunari lotuak. Orain dela gutxi, epaile batek hari eginiko telefono entzuketak onartu zituen froga gisa.

Errepublikanismoa kontzeptu sakratua izaki, polemika bizia izan da alderdiaren izenaren inguruan. Auzitegi batek ebatzi behar izan du azkenean legezkoa dela izena erabiltzea. Sozialistei ez zaie batere gustatu eskuinaren estrategia, «frantziar guztien ondarea» bere egin duelakoan.Kontserbadoreen erantzuna sinplea izan da: PSk ere sozialista hitza bere egin du aspaldi. Beste kontu bat da aginteko alderdiak azkenaldian hartutako bideak ez ote duen PSren izendapen hori desitxuratu, hegal ezkerreko alderdikideek beraiek salatu duten moduan.

UMP atzean utzi, siglak ahantzarazi. Alderdiari lotutako ustelkeria eskandalu ugarietatik ihes egitea du helburu Sarkozyk. Hutsetik hasi nahi du Frantziako eskuineko alderdi nagusiak, eskuinerago lehiakide gogorra sortu zaiola ikusita. Hain zuzen ere, FNko Marine Le Peni galarazi egingo dio UMPS hitz jokoa erabiltzea bi alderdiko sistema politikoaren gainbehera nabarmentzeko.

Baina, Eliseoa hartzeko bidean, beste pauso garrantzitsu bat du oraindik emateko. Hurrengo urtean primarioen bidez aukeratuko dute presidentegaia, lehen aldiz historian. Lanak izango ditu beste hautagaiei aurrea hartzeko, batez ere Alain Jupperi, Bordeleko alkateari. Horretan datza, hain zuzen, atzoko ekitaldiaren muina. Alderdia itxuraldatzeko prozesua bere pertsonaren inguruan bilduta, familia politikoaren buru naturaltzat aurkeztu da Sarkozy.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.