Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Praka ezkutuak

2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Orduan mezak latinez eta herriari atzea emanez ziren. Akolitook ere berdin. Don Deolio geraka ikusten genuen, gorputz-mugimendu bitxiak eginez. Hartan, bulto bat bezalakoa hauteman genuen bere zapata handietan. Sotana eta alba ia zoruraino iristen baitziren, zaila zen bultoa bereiztea, baina gerriari eta hankei eragiten zizkien mugimenduetatik, ohartu ginen apaizaren prakak erortzen ari zirela. Don Deoliok etsi zuen, antza, ezin ziela eutsi. Jarrera liturgikoak besoak zabal eta gora edukitzea eskatzen baitzuen. Eta plast erori zen multzoa, elefantearen gorotza bezala. Zapata handiak libratzea ez gutxi kosta ondoren, oin batekin multzoa apartatu eta agindu zigun ahope irrituan: «Eraman hauek sakristiara!». Horixe egin genuen bi akolitook, apaizaren prenda ezkutu hari zein ertzetatik heldu ez genekiela. Ikuskizuna herriko kristau-kontzientziaren osagai geratu zen.

Akolitoen ilusio gorena apaizarekin gaixoak bisitatzea izaten zen, etxe guztietan ematen baitzuten zerbait. Zahar etxera ere joan behar zen, eta gu beti pozik apaizari laguntzeko, eskolatik libratzeagatik. Emakume batek, adinez aurrera zihoan arren, oso elegantea izanaren seinale guztiak aldean zituen oraindik, ile urdin luzea barne, nahiz eta apur bat nahasia. Lehen bisitan, Don Deoliok galdetu zion:

— Zelan, Engrazi?

— Hementxe, jauna, alimentu sanoak jaten gaixotua.

— Ez al zaude, ba, ondo zaindua? —apaizak.

— Oso ondo, jauna. Hemendik eskapatzen ez dago erraz.

— Egingo al dugu konfesio samur bat, Jainkoaren bakean?

— Konfesatu zertarako? —hots egin zuen emakumeak—. Lehengo pekatuak orain libre dira eta ni ez nago berriak ikasteko moduan.

— Besterik ez bada, Jainkoa eskertzeko, Engrazi! —haserretu zen pixka bat Don Deolio—. Gure Jainko eskuzabala!

— Bai, jauna, bai! Jainkoa emankorra da, baina gutxitxo ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.