ANALISIA

Gehiengoaren bideragarritasuna

EAJko legebiltzarkideak Urkulluri begira, ostegunean, Politika Orokorreko eztabaidan.
EAJko legebiltzarkideak Urkulluri begira, ostegunean, Politika Orokorreko eztabaidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko irailak 25
Eusko Legebiltzarreko politika orokorrari buruzko osoko bilkura estatus berriari buruz eztabaidatzeko saio bihurtu zen joan den ostegunean. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bere hitzaldiaren zati esanguratsu bat eskaini zion gaiari, eta zer esanik ez talde politikoek. Urte politikoan gaiak izango duen esanguraren seinale izan zen, paradoxikoki, nahiz eta autogobernu lantaldean adostutako oinarriak zortzi hilabetez konfidentzialtasuna gorde beharko duen aditu talde baten esku geratu diren. Batek daki zer -nolako testua aterako den adituen deliberaziotik, baina ziurra dirudi ez dela Eusko Legebiltzarrak bere horretan onartuko duen testua izango. Izan ere, talde politikoen zuzenketek eta negoziazioek emango diote forma azken osoko bilkurara eramango den estatutu proiektuari. Hori 2020ko udaberrian izango da gutxienez, eta baliteke jokaleku politikoa dezente aldatzea urte eta erdian. Edozein kasutan, badira zenbait aldagai autogobernuari buruzko eztabaidan eragina izango dutenak.

Horietako bat izango dira bozak. Badirudi alderdiek adostu dutela gaia hauteskunde lehiatik kanpo uztea, enkargua adituen esku utzi baitute ekainera arte, nahiz eta ziur izango den talde politikoen arteko kritika gurutzatuen ardatzetako bat.

EAJrentzat, «garai zailak» omen datoz, Urkulluk esan duenez. PPk azken urteetan baino garestiago sal lezake bere babesa aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta, 2015ean inoizko botere kuota handienak lortuta —hiru hiriburutako alkatetzak, hiru diputazioak eta Nafarroako Gobernua, Jaurlaritzaz gain— zaila dirudi guztiari eutsi ahal izatea. Eta, hala ere, jeltzaleak lasai egon daitezke, ez baitzaizkio eskaintzak falta gobernuak babesteko, PPtik EH Bildura, PSE tartean. Bitartean, euskal gizarteak jakin gabe jarraituko du ea EAJk autogobernuaren alorrean zabaltzen dituen mezu sarri kontrajarriak barne krisi baten ondorio diren, edo desadostasun kontrolatuan oinarritutako estrategia baten ondorio.

Bozen aurreko giroak bere zeregina finkatzen harrapatuko du EH Bildu, «herri akordio» bat eskaintzen dion alderdiari De Miguel eta Marguello auziek zipriztindutako alderdiari— aldi berean oposizioa egin nahian. Makila eta azenarioa. Estatus politikoaren eztabaidan, talde guztiek aitortu dute EH Bildu izan dela jarrera gehien aldatu duen indar politikoa, baina koalizioak erronka bat du datozen hilabeteetarako: EAJrekin adostutako oinarriak atzeraezin egitea, EAJko sektore batzuek beherapenetarako tentaldirik izan ez dezaten.

Ahal Dugu-k «euskal ezker» gisa aurkeztu du bere burua urte politikoa hasi zenetik, EH Bilduri eta PSEri egotzita EAJren «makulu» izan nahi dutela. Autogobernuan, paradoxa batean amai lezake, eskubideen atalean indar abertzaleekin akordioa lortu eta gero: uko egitea eskubideen atala Ahal Dugu-k hitzartu bezala jasotzen duen estatutu proiektuari, onartutako oinarriek «kutsu identitarioa» dutelakoan, hain justu ere kutsu ustez identitario horren garrantzia eskubideen gainetik jarrita. Bozei begira, ikusteko egongo da nola eragiten dion 2015-2019 legealdiko balantzeak: hiru batzar nagusietatik bitan hautsita dago taldea —beste hainbeste Nafarroako Parlamentuan—.

PSEk, berriz, Sanchezen olatuaren aparrak euskal kostaldera iristeko itxaropenarekin ekingo dio hauteskunde zikloari. Ez da ohikoa koalizio gobernu batean bazkide txikia haztea, baina azken urteetako beherakada irauli beste aukerarik ez du, hutsaltasunaren bidea hartu nahi ez badu. PPk Espainian izango duen zeregina izango du Hego Euskal Herrian ere: eskuin unionistaren esparruan Ciudadanosi espaziorik ez uztea. Erresistentzia, Ferraz eta Genovaren mesedetan.

Gehiengoak zehazten

Estatusari buruzko eztabaidan, oinarrien egokitzapen konstituzionalari eta estatutuak aurrera egiteko beharrezkoak dituen gehiengoei buruzko ika-mikak nagusitu dira.

Politika orokorreko eztabaidan, Urkulluk esan zuen EAJk eta EH Bilduk adostutakoa «gehiengo urria» litzatekeela, «nahikoa» izan arren. Joseba Egibar alderdikideak, ordea, PSEri eta Elkarrekin Podemosi luzatu zien galdera, ea zergatik den zilegiago akordio bat bi alderdiokin EH Bildurekin baino: «EH Bilduren botoek ez dute baliorik?» —berriz ere: barne desadostasuna edo catch all estrategia?—. Udan hedabideetan zabaldutako elkarrizketa eta iritziek iradokitzen dute oinarrien inguruko akordioaren zabaltasuna ez duela boto kopuruak neurtzen, sinatzaileen nolakotasunak baizik. Aitzitik, balioa ematen bazaio akordio ustez transbertsal bati itun zabalago bati baino, kolokan jartzen da herritarren berdintasun printzipioa, herritar guztien botoek balio bera dutela ziurtatzen duena.

Eztabaidaren funtsa, beraz, Madrilen ordezkaritza duten alderdien beto eskubidean datza, eta horrek euskal alderdi guztien posizioetan duen eraginean. Frantzian, Italian, Irlandan edo, neurri batean, baita Espainian ere, parlamentuak ez luke arazorik konstituzioa parlamentarien %64aren babesarekin aldatzeko, herrialde horietan erreforma konstituzional batek gehiengo absolutua edo hiru bostena eskatzen duelako —inon ez da ageri hemen mantra gisa aipatutako irizpidea: aurreko testuak baino babes zabalagoa lortzea—. Eusko Legebiltzarraren burujabetzarik ezak, ordea, Espainiako Kongresuan ordezkaritza esanguratsua duten alderdien borondatera makurtzen du estatutuaren erreforma. Idoia Mendiak ohartarazi zuen bereizi egin behar dela «nahi dena» eta «ahal dena», eta horixe da gaiaren mamia: Eusko Legebiltzarraren gutxiengoaren proiektu politikoa dela posible, gauzagarri eta, are, errealitate.

Hain justu, hor dago arriskuetako bat: autozentsuran. Alegia, bideragarritasunaren izenean galbahea Eusko Legebiltzarrean bertan jartzea, euskal alderdiek beren proiektuen langa apaltzea, Espainiaren oniritzia jaso dezan.

Madrilera begira

Urrunago geratzen da estatutua Espainiako Kongresura bidaltzeko tramitea, baina fase horrek eskaintzen dituen jokalekuak ere aldagai garrantzitsuak dira, egungo negoziazioak nahiz estatutuaren etorkizuna baldintzatzen dituenez gero.

Epeak: estatutu proiektua 2019ko ekainerako jasoko dute lantaldean, eta udazkenean tramitatuko. Gutxienez, zortzi bat hilabete: hots, Eusko Legebiltzarrak 2020ko udaberrirako onar lezake. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko udazkenean balira, ikusteko legoke galdeketa gaitzailea egiteko astirik egongo ote litzatekeen, betiere Madrilek oniritzia emango balu. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak iragarria du ezetz, eta kanpainaurre betean ikusiko litzateke nola erantzuten zaion ezezkoari. Badago horretarako gihar soziala, baina, babestuko badute, herritarrek bere egin behar dute proiektua.

Madrilek, ordea, apenas ematen duen ziurtasunik. Pedro Sanchezek 2020ko udaberrian amaitu beharko luke agintaldia, bozetara lehenago deituko ez balu. Ez dago jakiterik hauteskunde batzuek zer-nolako aritmetika parlamentarioa eragin dezaketen, baina pentsa liteke estatus politiko berriak gutxienez PSOEren iragazkia gainditu beharko duela aukerarik izango badu. PSOE baldintza da, baina ez bermea. Ostegunean, Urkulluk berak «estatuko botereei» luzatu zien «demokrazia plurinazionala» eta «Euskadiren izaera nazionala» aitortzeko eskea, baina, ikusirik azken 40 urteetan Espainiako sistema politikoak erakutsi duen borondaterik eza, gogoeta egin beharko litzateke arrautza guztiak Sanchezen saskian jartzearen eraginkortasunaz eta bideragarritasunaz, legebiltzarrean Madrili egokitutako jantzia josi baino lehen; gogoeta, ez ote litzatekeen egokiagoa euskal gizartean eta euskal instituzioetan autozentratutako prozesu bat garatzea Madrilera egitasmo sendo bat eraman ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna