Obsesio baten emaitza

Lola Garridok bere bildumako irudien hautaketa bat ikusgai jarri du Donostian, Tabakalerako Artegunean, 'Argazkigintzaren historia eramangarria' erakusketan. Andreak dira protagonista gehienetan

Dorothea Langek Depresio Handiaren garaian AEBetan hartutako hainbat irudi daude ikusgai Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Lola Garridok 1980ko hamarkadaren erdialdean erosi zuen lehen argazkia. «Nire bildumak, beste edozein bildumak bezala, nahasmendu obsesibo-konpultsibo bat du oinarrian. Denok dugu nahasmendutxoren bat, eta neureetako bat hau da. Kromoen bildumak egiten hasi nintzen, gero harrienak, eta ondoren, argazkienak». Alez ale, 900 bat irudiz osatutako argazki bilduma baten jabe izatera iritsi zen; besteak beste, Dorothea Lange, Irving Penn, Berenice Abbott, Man Ray, Henri Cartier-Bresson, Robert Capa nahiz Diane Arbusen artelanek osatzen dutena. Horien aukeraketa bat egin, eta Donostiako Tabakalerako Kutxa-Artegunean jarri du ikusgai, Argazkigintzaren historia eramangarria erakusketan. Mendebaldeko argazkigintzaren historiari eskainitako begirada bat da, baina baita begirada pertsonal bat ere, bildumagilearena berarena.

Altsasun (Nafarroa) sortua bada ere, Garrido haurra zela joan zen Donostiara bizitzera. Zinemaldian lanean aritu ondotik, Madrilera joan zen, Arte Ederren Zirkuluan lehen bideoarte jaialdia antolatzera. Argazkigintzari lotutako hainbat lanetan jardun du ordutik: FotoColectaniako eta Canal Isabel II erakustaretoko zuzendari izan zen, baita hainbat erakusketaren komisarioa nahiz libururen egilea ere. Urteotan bere bilduma osatzen jardun zuen, duela urte batzuk, hainbat lanen prezioagatik, erosteari utzi zion arte. Eta hori, bere garaian Donostian zituen bi apartamentu saldu zituela, argazkiak erosten jarraitu ahal izateko. «Erokeria bat zela esaten zidaten denek, baina erokeriak bere momentuan egin behar dira. Horrela dira gauzak, eta bilduma ni naizen bezalakoa da», esan zuen Garridok aurkezpenean, Anne Morin diChroma Photographyko zuzendaria eta Ane Abalde Arteguneko zuzendaria alboan zituela. Gehitu zuenez, urtetan «artxibozain huts baten moduan, erosi eta gorde» aritu zen, eta Morinek animatuta hasi zen bere bildumako irudiak hautatzen eta erakusketak egiten. Bilduma propio bat erakustea «norbera besteen begiradaren aurrean jartzea» dela uste du, baina pozik dago Donostian ikusgai jarritakoarekin. «Nitaz asko esaten du. Gizakia interesatzen zait, emakumea bereziki».

Guztira, 78 egileren 120 argazki daude ikusgai erakusketan. Erosi gabeko obra horiengatik «hutsune batzuk» egon litezkeela onartuta ere, XX. mendeko izen handi «ia denak» ageri dira, Garridoren hitzetan. 1865etik gaur egunera arteko lanak daude, baina 1920ko hamarkadatik 1960kora artekoak dira nagusi. Bildumagilearen intereseko zenbait gai errepikatzen dira haietan; tartean, emakumea, moda eta abangoardia. Erretratu ugari daude hormetatik zintzilik, andreenak batez ere, baina natura hilak eta hiri-paisaiak ere ageri dira. Ez dituzte ordena kronologikoaren edo egilearen arabera antolatu, argazkien arteko «lotura tematikoak iradokitzea eta irudien artean elkarrizketa bisualak ezartzea» lortu nahi izan baitute.

Asko dira modari lotutako argazkiak —Irving Pennenak, kasurako—, Garridoren iritziz, «andre baten jantziek oso ondo deskribatzen dutelako garaia». Adi eta harago begiratuz gero, andre horren klasea, aldartea eta beste ere antzeman daitezkeela uste du. «Lehen begiratuan, dagoena ikusten da, baina nork nahi du ikusi soilik dagoena? Niretzat, argazkia ez da leiho bat, ezta kontakizun bat ere. Ez, irudi batek ez du kontakizun bat, daukana da barne pultsu bat, ikusleak buruan duenarekin konektatzen duena. Horregatik, gezurra da 'irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du' esaldia; hori hala bada, begiratzen duenak buruan mila hitz baino askoz ere gehiago dituelako baita».

«Lehen amodioa»

Hasieran, soilik gustukoa zuena erosten zuela azaldu zuen Garridok, baina gero jabetu zela gustatzen ez zaizun hori ere erosi behar dela. «Lehen begirada batean zailak egin zitzaizkidan irudiak dira orain gehien gustatzen zaizkidanak». Ikusgai dituen argazki kutunez ere mintzatu zen; tartean, erosi zuen lehena, Andre Kerteszen 1919ko irudi bat. «Lehen argazkia erostea lehen amodioa bezalakoa da. Gainera, begiratzen dudan bakoitzean modernoagoa iruditzen zait».

Robert Capak 1937ko Miliziano baten heriotza ere izan zuen hizpide; haren ustez, «ia ziur» muntaketa bat dena, baina Caparen buru argitasuna erakusten duena, harekin mundu osoan gerraren izugarrikeria azaltzea lortu zuelako. Depresio Handiaren garaian Dorothea Langek AEBetan hartutako irudiak nabarmendu zituen, tartean Migrant Mother ezaguna. Eta Garry Winogranden Women are Beautiful serie osoa izateagatik poz berezia agertu zuen —bat dago ikusgai aretoan—, 60ko urteetako emakumeen ahalduntzea ezin hobeto islatzen duelakoan.

Horiek eta beste argazki asko, 2019ko otsailaren 17ra arte egongo dira ikusgai Artegunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.