Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Eperra?

2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
   Txakurretan, Zuri, Txiki, Zoli eta ohikoez gainera, baziren Puzkin, Trostki, Truman eta halakoak. Puzkinak ertain iletsuak ziren, beti traban. Trostkiak mastinak ziren, eta baziren Truman batzuk ere, bulldog beldurgarriak. Gero, izen horien benetako jabeak ikasten hasi ginenean, harrigarriena Txurtxil izan zen. Txau-txau-txau, hankaperaino sartzen ziren txakur xiztrin haien izen naturala Txurtxil zela beti uste izan ondoren »Txurtxil! Alde hortik!», ezin genuen izen hura bat egin bigarren mundu-gerrako gizon kupel harekin.
    Emakume bat txakur gizen bati tiraka. «Beethoven! Zatoz, ba!». Haur-talde bat dortoka bati jarraika. «Donatello! Hain bizkor ez!». Orduan inor ez zen harritzen taberna batean entzuteaz: «Lenin! Atera ardo zikin bana!». «Lenin» tabernari bat zen, jenio txarrekoa hilgoran eta mutua ilbeheran. Karakala zapatariak kinkila-saltzaile bati esaten zion: «Zer, Vivaldi? Oraindik ere aberasteke?». Tratulari gerri-zabal batek autobusean bi txartel ordaintzen zituen, bakarrean kabitzen ez eta. Txoferrari hitz egiten baitzion, kobratzaileak atzeko jarlekuetara aldarazi zuen. Erremedioak ez zuen balio izan, handik ere txoferrari hizketan jarraitu baitzuen, bere trumoi ahotsean. Umeok ez ginen beldurtzen hura ikusiz, baina entzuten genuenean «badator Herodoto!», ezkutatu egiten ginen.
    Hartan, zaldun adintsu bat agertu zen herrian, soldadu-lagun bat agurtu nahi zuela eta. Kuartelaz geroztik ikusi gabea omen. Taberna batean galdetu zuen:
    —Non topa nezake Larrañaga abizeneko gizon bat?
    —Buf! tabernariak. Larrañagak herri honetan atean-atean dauzkazu.
    —Izena Jesus Mari edo.
    —Buf! Izen horiek ere hainbeste baitira herrian! tabernariak.
    Zaldunak ezizen bat aipatu zuen azkenean, Eperra edo, eta tabernariak:
    —Eperra? O! Eperra neu naiz barren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.