Liderraren argudioak

Osasunak partida erabakigarria jokatuko du gaur Sadarren, Albacete bigarren sailkatuaren kontra. Gorritxoak etxeko bolada historikoari eta bigarren itzuliko goraldiari eusten saiatuko dira. Irabaziz gero, hanka eta erdi lukete Lehen Mailan.

Juan Villar, gol bat ospatzen. 11 sartu ditu denboraldi honetan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Final kutsua du gaur Osasunak Sadarren Albaceteren aurka jokatuko duen neurketak (18:00, Movistar Partidazo). Nafarroako taldeak munta handiko lehia ugari izan du orain arte, baina gaurkoak esanahi berezia dauka. Izan ere, bigarren sailkatua hartuko du Sadarren, eta liga bukatzeko zazpi jardunaldi falta direla, ia lotuta utz dezake igoera. 70 puntu ditu gaur-gaurkoz, eta ziurra du Reusen aurkako garaipena, bi aste barru; beraz, gaur irabazita, 76 puntu izango lituzke ziur. Hori da, hain justu, azken zortzi urteetan zuzenean igotzeko behar izan den batez besteko kopurua. Albacete bederatzi puntura utziko luke, eta Luis Miguel Ramisen taldeak hiru jardunaldi barru Granadaren kontra jokatu behar duela aintzat harturik, arrakala ia erabakigarria izango litzateke.

Hezur gogorra da Albacete. Sei lehia daramatza galdu gabe, eta bolada horri esker, Granada aurreratu eta tokia egin du igoera zuzeneko postuetan. Erregulartasun handia ari da erakusten: 11. jardunaldiaz geroztik dago igoera postuetan, eta hamabi jardunaldi daramatza hiru onenen artean. Horretaz landa, Espainiako Bigarren Mailako bigarren bisitaririk onena da, hamazazpi lehiatan 28 puntu bilduta. Edonola ere, datu horiek ez dute zertan Osasuna ikaratu, Iruñeko taldeak are argudio sendoagoak baititu. Hala nola hor daude bigarren itzuliko zenbakiak: 35 puntu batu ditu hamalau lehietan, horietatik 11 irabazi, bi berdindu eta bakarra galduta. Beste era batera esanda, dagoeneko lehen itzuli osoan pilatutako puntu kopuru bera lortu du.

Halaber, gorritxoek maila aparta erakutsi dute aurkari zuzenen aurka. Orain arte, lehen hamar sailkatuen artean dauden sei talderen aurka neurtu dituzte indarrak bigarren itzulian, eta beti irten dira garaile. Granadari, Mallorcari eta Deportivori etxean irabazi diete, eta etxetik at, berriz, Malagari, Sportingi eta Almeriari. Hots, hankek ez diete dardararik egiten gaurkoa bezalako partida garrantzitsuetan, berdin dio Iruñean edo Iruñetik urrun jokatu.

Hori bai, Sadarren aparteko nagusitasuna ari dira erakusten: bertan jokaturiko azken hamahiru neurketak irabazi dituzte. Sekula ez dute halako boladarik izan Lehen eta Bigarren Mailan, eta eskura dute 1974-1975eko sasoian Hirugarren Mailan ezarritako marka. Orduan, Osasunak hamasei garaipen kateatu zituen etxean, eta kopuru hori berdindu egingo luke Iruñean gelditzen zaizkion hiru partidak irabaziz gero. Marka ontzeko ere aukera izango luke Reusen kontrako garaipena aintzat hartuko balitz.

Joa eta fedea

Azken asteetan, Osasunak distira galdu du erasoan, eta sendotasuna defentsan. Bada, gabezia horiek eraginkortasunarekin eta nortasun irmoarekin estali ditu. Jagoba Arrasateren taldeak beti sartu du gutxienez gol bat azken hogei partidetan. Roberto Torres eta Juan Villar dira golegile nagusiak —11 gol sartu ditu bakoitzak—, baina taldeak ez du haiekiko menpekotasunik. Haiek asmatzen ez dutenean, maiz Ruben Garcia azaltzen da zazpi gol daramatza, eta noizbehinka, beren alea jartzen dute Brandon Thomasek, Kike Barjak, Oier Sanjurjok, Xiscok edota Robert Ibañezek; baita Unai eta David Garcia atzelariek ere.

Hainbatetan, lehen kolpea aurkariak eman izan du, baina Osasunak fedeari eutsi dio beti. Dagoeneko zazpi partidatan irauli du markagailua; esaterako, hala irabazi ditu azkeneko bi norgehiagokak. Oier da izaera borrokalari hori bermatzen duten jokalarietako bat, baina gorritxoen kapitainak ezingo du gaur jokatu, min hartuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.