Bolunburuko aztarnategia kultur ondasun izendatu dute

Bigarren Burdin Aroko herrixka gehiago ikertu eta ezagutarazteko aukera eskertu du alkateak

Bolunburuko aztarnategi arkeologikoa, Zallan (Bizkaia). ZALLA.INFO.
Erredakzioa
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak kultur ondasunaren izendapena eman dio Bolunburuko monumentu multzoari, Gune Arkeologikoaren kategoriaren barruan sailkatuta. Zallan (Bizkaia) dago, eta bertako alkate Juanra Urkijok nabarmendu du «ezinbesteko» aitortza dela Jaurlaritzak egindakoa, diru laguntzak jasotzeko eta, horien bidez, monumentuen historia ikertzeko, kontserbatzeko eta hura ezagutarazteko. Turistak erakartzerakoan izango duen garrantzia ere aipatu du: «Euskadiren barruan, interes arkeologiko eta turistiko handiko leku bat bihurtuko du Zalla».

4.000 metro koadro

Bigarren Burdin Aroko herrixka bat da Bolunburukoa, izena ematen dion mendian kokatua, 320 metroko altueran. 4.000 metro koadroko eremua hartzen du, eta, horietatik, etxebizitzek 920 metro koadro eskas hartzen dute. Nabarmentzekoa da duen babes-horma sendoa, herrixkaren hegoaldeko fatxada ere badena. 153 metroko luzera du, eta, gaur egun, 2 metroko altueraraino ikus daiteke. Barruan, orduko pertsonen bizitokien egiturak identifikatzeko aukera ematen duten aztarna urriak ikus daitezke, batez ere material galkorrez eginak, egurra eta bergamazoa.

Jaurlaritzaren txostenak dakarrenez, ohikoa baino txikiagoa da aztarnategia, eta «errazagoa» da duen balioa nabarmentzea; izan ere, harresiak eta babes naturalek erabat mugatzen dute, eta, egun, perimetro osoan ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.