Ion Celestino.
LAUHAZKA

Zergatik NOLA?

2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Saia nadin galderatxoa egiten didaten hurrengorako neure burua prestatzen. Are gehiago, galdera egiten didatenean BERRIAren webgunean izango den esteka hau bidaliko dut. Horretarako, behingoagatik, gauzak argi samar idazten saiatuko naiz. Orokorkeria zenbait ere tarteko, baina argi samar.

Zergatik NOLA (New Orleans, Louisiana)? Hots, zergatik tema hau hango kultura eta musikarekin? Bistan dena aurretik esan dezadan: han ere zakurrak oinutsik. Eta hala dela jakinda ere, ikasteko moduko zer edo zer badugula esango nuke. Bai musikaren eskulangile gisa, baina baita entzule edo maitale gisa ere. Neurria hartzeko: gaur egun Iruñerriaren biztanle kopuru antzekoa duen hiri batez ari gara; nahiz eta 1960. urtearen inguruan bikoitzera ere iritsi zen.

Ohikoa dudanez, hasieran diskoekin izan zen obsesioa: musika emari agorrezinarekin berarekin. Brass band tradizioaren etengabeko aldaketa, zydecoarena, bertako R&B, soul, funk eta bouncea... Plazer kontu bat. Zer egingo diogu, bada, beste batzuek bestelako gauza exotikoak maite dituzte, esaterako, kirol profesionala begiratzea. Baina hortik aitzina, ulertzeko gako batzuk argitzen joan dira irakurketa eta hausnarketa medio.

XX. mendetik aurrerako musika popular (horrela erabiliko dut, horretaz gehiegi luzatu gabe...) ororen erroan New Orleans dago. Jazza sortu zen tokia omen delako, baina hor garatu zirelako rhythm and blues eta funk moldeen haziak. Eta hortik tiraka (eta beste hamaika gauzarekin nahasirik, jakina) skatik reggaetoneraino, rock guztia, dantzarako musika elektronikoa, hip-hopa eta harago... Ideia horrek sakon ikastera narama: musikaren elementuetan eta bestelako arrazoietan. Maiz errepikatu dugun bezala, musika afrodeszendientea bizi gaituen mundua esateko tresna oinarrizkoa da. Ez baitzen kapitalismo globalik izango merkataritza triangeluarrik gabe.

Ordea, doinuak eta hitzak sortzeko eta emateko modua ultralokala da. Horrekin adierazi nahi dut kontatzen dena, eta kontatzeko modua, barrurako erreferentziaz betea dela. Horren adibide harrigarria da Mardi Gras indiarren tradizioa osoki. Indian practice-ak, norberak josi beharreko jantziak, dantza, mitologia osoa. Nola komunitatea mamitzeko tresna bat den, eta nola horrek sortu dituen hainbat eta hainbat kantu eder... ulertzeko moduko hitz ilunegiak dituztenak. Bertako izateak nola boz unibertsala eraikitzen duen. Auzoan ihaute garaian urtero gertatzen denetik landa, jazz inguruko zenbait grabazio busti zituen garai batean (Danny Barkerren My Indian Red), soula gero (Dixie Cupsen Iko Iko), funk betean sartu zen Wild Magnolias tribua bere izenez diskoak kaleratzen hasi zenean; eta gure egunetaraino iritsi da 79rs Gang eta Cha Waren azken garaietako diskoen bidez. Brass band taldeentzat ere eragin nabarmena izan da tradizio hori, 1996tik aurrera batez ere (TBCren Fiya Wata edo Rebirth Brass Banden Let's Go Get 'Em). Hor dugu, bada, kode lokal zehatzetatik musika erregistratzera eginiko saltoa.

Beren kultura aportazioagatik ezagun izan diren musikari horiek ere, nolanahi, ez dute jatorriarekiko kontaktua galdu. Neurri batean edo bestean etxetik kanpo atera direnak ere bueltan itzultzen dira. Beraien lana ez da diskoak saldu eta promozionatzea, beraien lana musika ematea da. Hori horrela da musikak funtzio sozial argiak izaten jarraitzen duelako, mendebaldeko hainbeste tokitan galdu (edo gutxienik aldatu) badira ere. Hala, esan daiteke brass band eta second line kulturak merkatu globalaren logikak hausten dituela: egiten dutenak garrantzia du, jendartearentzat beharrezkoa delako. Eta, hala, musikari ofizioak badu nolabaiteko prestigio bat, beharrezkoa delako. Beste langileak beharrezkoak diren gisan.

Era berean, horrek sorkuntzarako grina sortzen du, bai ematen duenarentzat baita hartzen duenarentzat ere, second line-an muga hauek hagitz lausoak baitira. Musikaria lehen lerroarentzat ari da? Lehen lerroa ikusleentzat? Bigarren lerroa da benetan bultzaka ari dena, esango nuke. Errituaren baitan dagoen ikusle-entzule-dantzari parte hartzailea baita.

Azken kontua: sorkuntza kolektiboa da, berdin dio nork egina den. XIX. mendetik aurrerako sortzaile jeinuaren mitotik at dago. Izen bat edo beste nabarmentzen bada, izango da interpretazioagatik, zuzenekoan zein grabazioan egindako halako aportazioagatik, talde bat batzeko izan duen ahalmenagatik, ideiak gara daitezen egindako ahaleginagatik... Baina sorkuntza, egiletza, kolektiboa da. Besterik gabe, ez du aparteko garrantzirik norbanakoaren jabetzak.

Eta nora narama honek guztiak? Hor botatako horiek herri musika orotan errepikatzen direla ikustera. Bazterretik bazterrera, munduaren zabalean. Eta biziberritzeko akuilu izan daitezkeela, akaso? Nire aldetik behintzat argi dago: elementu horiekin dudan loturarik biziena Iruinkokoan dut. Geure buruarekin gozatzeko sorkuntza kolektiboa, ultralokala, salerosketaren logiketatik at, komunitatea mamitzeko balio diguna. Biba Iruinkokoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.