Koronabirusa

Maiatzaren 11tik aitzina itxialdia arinduko dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak erran du babes neurriak atxiki eta testak areagotuko dituela

Edouard Philippe Frantziako Asanblean, atzo arratsaldean. DAVID NIVIERE / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzaren 11tik aitzina, konfinamendu neurri arinagoak izan beharko lituzkete Ipar Euskal Herrian. Hala adierazi zuen atzo Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, asanblearen aitzinean. Birusak izan duen hedapenaren arabera, eskualdeka egokituko dute konfinamendutik ateratzea. Gaur, hautetsi elkarteekin eta prefetekin bilduko da Philippe plana aipatzeko; etzi, lan munduko sindikatuekin.

Batzorde zientifikoan oinarrituta, maiatzaren 11rako egunero 1.000 eta 3.000 kutsatu artean izango direla iragarri du Philippek. Langa hori gaindituko balute, konfinamendutik ateratzea gibelatuko lukete. Uztail erditsura arte osasun larrialdiko egoera atxikitzea bozkatuko dute heldu den astean.

Maskarak denentzat?

Maskaren eskasiak polemika handia sortu du azken asteetan. Horregatik, hiru erabaki hartu dituztela erran du Philippek: produkzio nazionala emendatzea, erreserba artatzaileentzat atxikitzea eta oihalezko maskarak ekoiztea. «Maiatzaren 11tik aitzina maskara nahikoa izanen da». Maskarak farmazietan eta supermerkatuetan saltzeko neurriak hartuko ditu Frantziako Gobernuak, eskasiarik izan ez dadin. Baina norberak bere maskarak ekoiztera deitu ditu herritarrak Philippek. Konfinamendutik ateratzean maskara erabiltzea ezinbestekoa izanen da garraio publikoetan. Euskal Elkargoak maskara bat emanen dio herritar bakoitzari.

700.000 test astero

Maiatzaren 11tik aitzina, astero 700.000 test eginen ditu Frantziak. Positibo testatuak hamalau egunez bakartuko dituzte. Bakoitzak erabakiko du: edo etxean—eta ondorioz etxeko guziak konfinatuak izanen dira—, ala horretarako prestatuko dituzten guneetan —hoteletan, adibidez—. Detekzio kanpaina bereziak ere eginen dituztela iragarri du, oraindik ez baitakite argi, «inkubazio fasea zenbat denborakoa den».

Eskolara, baina ez denak

Eskolara itzultzea pixkanaka eginen da, eta «boluntarioa» izanen da; gurasoek erabakiko dute haien haurrak bidali ala ez. Maiatzaren 11tik aitzina, ama eskolako eta lehen mailako haurrak itzuliko dira; maiatzaren 18tik aitzina, kolegioetakoak. Maiatz bukaeran erabakiko dute ekain hasierarako lizeoak irekiko dituzten ala ez. Izatekotan, lizeo profesionalekin hasiko dira. Oro har, hamabost ikasle baino gehiago ez dira izanen ikasgela bakoitzean.

Irakasle eta zaintzaile guzientzat maskarak banatuko dituztela ere jakinarazi dute. Ikasleei dagokienez, ama eskolan maskarak debekatuak izanen dira, eta ez da aholkatua lehen mailakoentzat. Haur batek sintomak erakutsiko balitu, maskara pediatrikoa emango diote gurasoak bila etorri bitartean. Kolegioko ikasleentzat ezinbestekoa izanen da maskara eramatea. Lortu ahal ezin duenari Frantziako Gobernuak emanen dio.

Eta lanera?

Posible den lekuetan telelana atxikitzera deitu du Philippek, «gutxienez ondoko hiru asteetan». Telelana posible ez dutenentzat, enpresetan ordutegien antolaketa aztertzera deitu du.

Non ibiltzen ahalko da?

Parkeak irekiko dituzte, baina birusak hedapen txikia izan duen departamenduetan bakarrik; hondartzak itxiak izanen dira—gutxienez ekainaren 1a arte—. Kirol kolektiboak eta kontaktu kirolak debekatuak izanen dira.

Orokorrean, jende multzoak ekiditeko eskatu du Frantziako lehen ministroak. Gehienez ere hamar pertsona biltzen ahalko dira elkarrekin. Prefeturaren baimena behar duten elkarretaratzeak debekatuak izanen dira irailera arte. Ostatu eta jatetxeen irekiera maiatz bukaeran erabakiko dute.

Ekainaren 2 arte ez dute erlijio zeremoniarik onartuko. Hileta elizkizunak posible izanen dira, gehienez ere, hogei pertsonarekin.

Garraioan, maskarak

100 kilometro arteko bidaiak egiten ahalko dira, eta ez da atestazio beharrik izanen. Garraio publikoak martxan izanen dira, baina jende kopuruak mugatuko dituzte, eta distantziak atxikitzeko neurriak hartuko dituzte. Maskara eramatea baitezpadakoa izanen da. Metroan, bi eserlekutik bat ezingo da erabili, eta kaian distantziak atxikitzeko markagailuak ezarriko dituzte.

Ekitaldi kulturalak

Maiatzaren 11tik aitzina liburutegiak eta museo txikiak irekiko dituzte. Museo handiak, antzokiak, kontzertu gelak... itxirik geldituko dira. Festibalak, azokak... 5.000 pertsona baino gehiago biltzen dituzten ekitaldiak irail arte debekatuak izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.