Ion Orzaiz.
IRRINTZIKO PAPERAK

Sanferminek badute beren Watergate

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Lurrikara mediatikoa. Esklusiba mundiala. Gobernuak eraitsi eta boterera igoarazi ditzakeen informazio klasifikatua. Panamako paperak edo Watergate baino are eskandalagarriagoak diren sekretuak. Hitz bitan esanda: gauzatxoak datoz.

Gauza jakina zen Enrique Maiak sanfermin «bereziak» antolatu nahi zituela. Egundokoak. Apartekoak. Inoiz ikusi gabeak. Pandemiak bi urteko etenaldia ezarri ostean, zorrak kitatzeko unea ikusi zuen, azkenik, Iruñeko alkateak. Eta kitatu, kitatu ditu batzuk, bai, herri mugimenduak eta migratzaileen elkarteek jarri ohi dituzten txosnak hirigunetik kenduta. «Proposamen berritzaileak» ere egin ditu: udalak baimendu eta babestutako botila festa, Gazteluko plazan hamar barra eta DJentzako agertoki bat jarrita. Hori, baina, izozmendiaren tontorra besterik ez da. Harago joan nahi du Maiak, eta jada egina du martxan jarri nahi dituen proiektuen zerrenda. Aurten ez bada, datozen urteetan. Ikerketa luze eta gogor baten ostean, horren kopia bat eskuratu dute jada Woodward eta Bernstein nafarrak goitizenez ezagunak diren kazetari ausart batzuek —tira, egia aitortzeko, inork ez die inoiz horrela deitu, eta paper konfidentzialak kasualitatez topatu zituzten Irrintzi peñako komunean botata—.

Alkateak Irrintziko paper horietan jasotako proposamenetako bat da txosna «konstituzionalistak» sortzea. Barra jartzeko ezinbesteko baldintza izanen da konstituzioaren gainean zin egitea, eta Espainiako ereserkia abestea, eskua bihotzean jarrita —ontzat joko dute txunda-txunda abestea—. Xehetasunak, baina, banan-banan argitaratuko ditu BERRIAk, datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.