joxerra senar
IRRINTZIKO PAPERAK

Hurrengo urratsa: esportazioa

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Orain ez zara inor marka bat ez baduzu. Muinak ez du balio, itxurak baizik. Espainia marka, Euskadi marka, Nafarroa marka, eta, nola ez, sanferminak marka. Marketinaren garaian bost axola du zerbait ezagutzeak, salerosteko garrantzirik ez badu, eta, festei dagokienez, Enrique Maiak mahaian kolpe bat jo zuen, aipatu ziotenean gutxienez bostehun urte dituen festa batek eta batik bat azken ehun urteetan mundu mailan ezagun egin den jai horrek behetik gorako eredua izan duela bereizgarri betidanik. Izaera horizontala aipatzen dioten bakoitzean, Maiak eta enparauek ohe bat baizik ez dute ikusten.

Ez, ez, sanferminak marka bat dira; barka, ez, brand bat. Coca Cola, Zara eta San Fermin. Merkataritza Ganberakoak hurrengo jauzia egitea falta zaiola saldu diote: nazioartekotzea. Edo bestela esanda, ideia esportatzea. Bai, egon dira han-hemenka saio hutsal batzuk AEBetan, Mexikon edo Australian, baina, Irrintziko paperek islatzen dutenez, hori masiboki egin nahi dute. Hiriei pack turistiko bat saldu nahi diete: entzierroak, Mañuetako txurroak aurrez izoztuak, kalimotxoa eta aperitifa Carlos Jean DJa. Barraka politikoetan, aurretik iragarri bezala, multinazionalak agertuko dira, baina behin esportatzen jarrita, handira jokatu nahi du Enrique Maiak: Amazon, Alibaba eta auskalo zer handinahikeria gehiago.

Ziurrenik, azukrea kafean nola urtuko da ideia hori, baina ideia edukitze hutsak zerbait esan nahi du. Ez dute ulertu festa ez dagoela salgai, ez dela salerosi daitekeen zerbait. Adi-adi begiratu beharko hurrengo turismoaren azokan esportazio horren adibiderik dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.